Urteak pasatuagatik, artisau

Bego Elexpe argazkilariaren laguntzaz, Bilbo Zaharreko dendak nolakoak izango diren aurreikusi dute bertoko merkatariek. ‘Bilbi Dendari 2060’ erakusketan ikus daiteke emaitza.

Bego Elexpe erakusketako argazki batzuk atzean dituela, uztailaren 7an, Bilboko BBK Kunan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bego Elexpe erakusketako argazki batzuk atzean dituela, uztailaren 7an, Bilboko BBK Kunan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

30 urte baino gehiago igaro dira, baina Estudio 14 ez da asko aldatu. Larru zatiak zulatzeko, jada ez dituzte egur puska batean bermatzen, baizik eta grabitatzen duen altzairu herdoilgaitzezko plataforma batean; laser pistolekin egiten dute lan orain; eta, lantegiko apaletan oihal saldoak pilatuak dituzten arren, eskaintza eta materialak dibertsifikatu egin dituzte azkenaldian: robot baten paparreko pieza taxutzen ari da beharginetako bat, oihal digital bat neurtzen ari da bestea, eta bien makulu gisa, androide bat dago ertz batean, adi. Eta, hala ere, betiko denda bera dirudi.

Espekulazio ariketa bat egin du Bego Elexpe argazkilariak bere azken proiektuan: Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala Bilboko auzoetako merkatariekin batera, imajinatu du zer-nolako itxura izan dezaketen bertoko komertzioek 2060an, eta argazki erakusketa batean bildu ditu hausnarketa eta proiekzio horiek guztiak: Bilbi Dendari 2060. Batetik, merkatarien eta haien dendaren argazkiak daude; bestetik, irudi espekulatiboak, adimen artifizialarekin moldatutakoak. Bata bestearen gainean kokatu ditu argazkilariak: oihaletan errebelatu ditu jatorrizkoak, orainaldikoak, eta errezelaren azpian ageri dira etorkizunekoak. Bilduma interaktiboago bat sortzea izan da helburua, Elexpek esplikatu duenez, bisitariek argazkien arteko desberdintasunak aztertzeko patxada har dezaten. Bilboko BBK Kunan izango dute horretarako abagunea, urriaren 24ra arte.

(ID_16262653) (Minel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2026-07-07, Bilbo. Bego Elexpe argazkilaria, Bilbi Dendari 2060 proiektuaren eg...
Oraingo argazkiak altxatu behar dira etorkizuneko irudiak ikusteko. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Argazki bera da, edo oso antzekoa: enkoadraketa zabal bera du, eta erabaki formal horrek bidea eman dio Elexperi detaile mordo batean eskua sartzeko. Oro har, garapenak ertz berberetan laga du lorratza: lan nekezenez libratu ditu merkatariak, eta teknologia digitala txertatuta daukaten arropaz jantzi ditu. Etorkizuneko ia argazki guztietan ageri da-eta droneren bat, hala croissantak zerbitzatzen bezero bati La Viña jatetxean, nola kontserba lata batzuk dagokien tokira eramaten Ultramarinos Romañan; A Cote ile apaindegian, punta-puntako robot batek garbitzen ditu behegainera eroritako xerloak, eta minimalistagoak bihurtu dira Garpe burdindegiko eta Nora Decor bazarreko erakusmahaiak, hologramei esker haien gordailuetan miatu daiteke eta.

Bilboko auzo historikoak probaleku ona dira halako ariketa bat egiteko, Elexperen irudiko, «aniztasun handia» baitago haietan: han dauka lantegia luthier batek, emakume batzuek antzerkirako eta zinemarako jantziak egiten dituzte, makina bat artisau dago, baita auzoan errotuta urte mordoa daramaten dendak ere —Romañak, kasurako, ehun urte baino gehiago ditu—; baina, era berean, gazte askok egin dute habia, betiko tabernekin uztartzen da sukaldaritza modernoagoa ere, eta negozio bide berrien lagin ederra dago, orobat. 30 gunek parte hartu dute erakusketan, guztira.

Ikuspegi baikorra

Zalantza egin dezake bisitariak, dena den: jakinda hiriaren joera justu kontrakoa izaten ari dela azken urteetan —hau da, homogeneizatzekoa—, iraungo al dute denda horiek guztiek 2060ra arte? Baikorragoak dira merkatariak eta argazkilaria, bistan denez, oihalak behin eta berriro altxatuagatik ere hezur-haragizko gizaki bat delako beti denden ardatza, hala orainaldian, nola etorkizunean. «Proiektua egiten konturatu naiz hilko den azken komertzioa tradizionala izango dela, artisaua», hausnartu du Elexpek. «Uste dut teknologia berriek klonak diren denda horiek ordezkatuko dituztela, edo gauza bera saltzen duten frankizia handi horiek. Baina, etorkizunean, jendeak askoz gehiago baloratuko du eskuz egindakoa, gertukoa».

«Uste dut teknologia berriek klonak diren denda horiek ordezkatuko dituztela»

BEGO ELEXPE Argazkilaria

Merkatariek, oro har, laguntza gisa ikusten dute adimen artifiziala, eta ez arrisku gisa. Afrikako jakiak saltzen dituzte Dakar Expressen, hemendik hara ere egiten dituzte bidalketak, eta jabearen itxaropena da kutxa saldo hori teleportatu ahal izatea egunen batean, «hegazkin billeteetan hainbeste diru ez gastatzeko», ñabartu du Elexpek, umorez. La Ilusa liburu dendakoek paperari eutsi nahi diote kosta ahala kosta, baina ondo etorriko litzaieke nork lagundu izatea liburuetan pilatzen den hautsa garbitzeko eta aleak garraiatu eta ordenatzeko.

Alta Flamakoek produktuak eskuz egingo dituzte etorkizunean ere, baina kandelen usaina etxetik hartzeko modua emango duen teknologia bat izatea amesten dute, baita bezeroaren aldartea atzeman eta dendako giroa horren arabera egokituko duen baliabide bat izatea ere. Villasante farmaziako jabeak —hirugarren belaunaldia da jada— uste du teknologiak are gehiago estutuko duela pazienteekin daukan harremana: ordenagailu askoz aurreratuagoak izango ditu eskura, pilulak etxera eramango dizkieten droneak...

Alta Flama kandela dendaren egungo argazkia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES
Alta Flama kandela dendaren egungo argazkia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Eta argazkilari batek nola irudikatzen du etorkizuna? Elexpek bere burua ere erretratatu du proiektuan, auzoan baitauka estudioa. «Beldurra ere badago zer gertatuko», onartu du. «Egia da lan batzuk galtzen ari direla adimen artifizialaren ondorioz. Zer esango dut nik, argazkilaria izanda? Baina nik une horretan harrapatzen dudana ezin du berregin adimen artifizialak. Ez baitauka begirada artistiko hori, ez baita ahalegintzen merkatari bakoitza ezagutzen eta haien nahiak zein diren jakiten...». Hori dela eta, irudiak hainbatetan begiratu eta gero, berrikuntzek baino atentzio handiagoa ematen du aldatu ez den horrek. «Proiektuaren alderik ederrena zera da: gehienek artisau ikusten dutela bere burua etorkizunean ere», balioetsi du Elexpek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA