Asteburuko proposamenak

Urteurrenak ospatuz

Haatik dantza taldearen eta Petritegi sagardotegiaren urteurrenak ospatuko dituzte bihar, sagardotegian bertan. Han izango dira Maddalen Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariak ere.

Haatik dantza taldearen 'Errimak bi oinetan' emanaldiaren argazki bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Haatik dantza taldearen 'Errimak bi oinetan' emanaldiaren argazki bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian ez da inoiz aitzakia handirik behar ospakizunak egiteko, baina zer ospatua dagoenean, hobe ondo ospatzea. Bada, bihar, urteurren ospatuko dituzte Astigarragako (Gipuzkoa) Petritegi sagardotegian. Izan ere, baserriak 500. urteurrena beteko du, eta, bost mendean zutik dagoela ospatzeko, gonbidatu paregabeak aukeratu dituzte: Haatik dantza taldea, eta Maddalen Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariak.

XVI. mende hasieran eraiki zuten Petritegi baserria, Astigarragako ipar-mendebaldean. Igeldoko Petri izeneko donostiar batek agindu zuen hura eraikitzea. Etxebizitzak dolare bat izan zezan ere eskatu zuen, eta, horrela, baserriko lana eta sagardoaren lantegia uztartu zituzten.

Egungo jabeen familia joan den mendean heldu zen baserrira. Haien herenaitonak, Agapito Goikoetxeak, baserria erosi zuen mende hasieran. Hura hil ondoren, Josefa Goikoetxearen esku geratu zen Petritegi, oraingo jabeen amonaren esku. Hura arduratzen zen baserriko lanak egiteaz, handik lortutakoak Donostiako merkatuan saltzeaz eta upeletako sagardoa saltzeaz. Eta haren senar Pedro Otañok gehitu zuen sagardoa egiteko eta botilatzeko mekanizazioa.

Haien semeek ere bertan egin zuten lan, eta, gaur egun, familiaren bosgarren belaunaldiaren esku dago sagardotegia. Ainara Otañok hartua du lekukoa orain, eta hurrengo belaunaldiko kideak jada ari dira parte hartzen, Jokin anaia zenaren bi ondorengoak, esate baterako.

Bi urteurren

Urteurrenak beti dira bereziak, eta zer esanik ez 500. urteurrena bada. Baina biharko eguna are bereziagoa egiten duen beste zerbait bada: beste urteurren bat ere izango dela. Izan ere, ekitaldian dantzan arituko den Haatik konpainiak ere hamabosgarren urteurrena ospatuko du.

Eta nola ospatuko dute? Bada, Errimak bi oinetan emanaldiaren azken saioa eginez. 2019tik abian duten emanaldi horrek historikoki sagardotegiekin estuki lotua egon den arte diziplina bat du ardatz: bertsolaritza. Izan ere, ia herrikoitzat hartzen diren zenbait bertsori koreografiak sortu dizkiote, tartean, Uxue Alberdik, Lazkao Txikik eta Xalbadorrek jarritakoei. Horrez gain, bertsoak ez diren zenbait abesti ere dantzatzen dituzte, Thierry Biscaryren Ehun alargunen dantza, esate baterako.

Sagardotegiek bertsoekin izan duten harremana nolakoa den jakinda, keinu bat egin diote horri, eta Errimak bi oinetan emanaldiak irauten duen ordubetean adituko dituzten bertso eta abesti ezagun horiez gain, bertan izango diren bi bertsolarik ere abestuko dituzte bertsoak. Maddalen Arzallusek eta Sustrai Colinak bat-batean botako dituztenak, hain zuzen ere.

Egitarau oparoa

Urteurrena ospatzeko, antolatzaileek iragarri dute iluntze «berezia» izango dela, «sagardoaren kulturak, dantzaren hizkuntza unibertsalak eta bertsoaren zuzeneko indarrak bat egingo baitute». Halere, adierazi dute urteurrena tradizioa eta garaikidetasuna gurutzatzeko aitzakia bat besterik ez dela izango.

18:30ean zabalduko dituzte ateak, eta 19:00etan egingo du Haatikek Errimak bi oinetan emanaldiaren azken saioa. Amaitzeko, 20:30ean hasiko da bertso afaria. 

Menua ere ez sagardotegietako ohiko menua izango: hasteko, txorizoa sagardotan jarriko dute, eta, gero, bakailao tortilla eta letxuga, tomate eta tipula entsalada. Plater nagusi moduan, parrillan egindako saiheskia izango da, eta, amaitzeko, betiko postrea: gazta, irasagar gozokia eta intxaurrak.

Ospakizunean parte hartzeko, beharrezkoa izango da erreserba egitea, eta sagardotegiaren webgunean bertan dago horretarako aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.