Udako proposamenak

Uzta oparoa Legazpiko kaleetan

Etzi hasiko da Uztakale, Legazpiko hamaika txokotan kaleko kultura ereingo duen ekinaldia.

Hortzmuga konpainiaren Uztakaleko ikuskizuna, iaz, Legazpin. LEGAZPIKO UDALAK UTZITAKOA
Hortzmuga konpainiaren Uztakaleko ikuskizuna, iaz, Legazpin. LEGAZPIKO UDALAK UTZITAKOA
Maddalen Omaetxebarria
2026ko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste batzuk izan dira uztaileko uzta estimatuenak, harik eta Legazpira (Gipuzkoa) Uztakale programa iritsi den arte. Udako beroa freskatze aldera, kaleko kultura doakoa bilduko du Goierriko herri horrek beste urte batez. Aurtengoa bederatzigarrena izango da: etzi hasi, eta uztailak 24 betetzen dituen arte iraungo du.

Kultur uzta kalean ikusgai egon dadin, hamaika plaza hartuko ditu egitasmoak, baina, euria eginez gero, herriko azokak hartuko ditu gehienak. Egitarauko lehen fruitua —musikazkoa— etzi jasoko dute, Brinkolako Ergoena parkean, eta hurrengo hiru asteetan kolore eta mota guztietako uzta bildu ahalko dute Legazpin elkartuko diren gazte eta helduek. Hasieran, gaur zen hastekoa jaialdia, baina, azkenean, etzi egingo dute lehen ekitaldia.

Urtero legez, bederatzigarren honetan ere askotariko programa aurkeztu du Legazpiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Kontzertuak, antzerkiak, bertso saioak, ikus-entzunezko emanaldiak, tailerrak, jolasak... Orain arteko ikuskizun mota bertsuen alde egin dute, oro har, baina aurtengo egitarauak badu berrikuntzarik: kaleko zine emanaldiak. Pantaila handiak jarriko dituzte Euskal Herria plazan, Wonka (uztailak 7) eta Migrazioa. Bidaia ahaztezina (uztailak 15) lanak ikusteko, 19:30ean.

Noiz eta zer bildu

Programako lehen uzta musikatua izango da, aste bukaera girotzeko asmoz. Bada, Isuo eta Bargi bikote gipuzkoarrak zabalduko du aurtengo egitaraua, Uztakaleko lehen ostiralari soinua jarriz arratsaldeko 19:00etan, Brinkolako Ergoena parkean. Hurrengo ostegunean, uztailaren 9an, bide bera jarraituko dute Aitor Sarriegi, Eneko Araiztegi eta Ane Beloki bertsolariek. Uztailaren 16an ere, musika izango da ardatz, Jokin Lasa abeslari lazkaotarraren emanaldia izango baita. Txaston Dixie Band talde tolosarra agertokian egongo da uztailaren 23an. Hiru emanaldiak ostegunez izango dira, 19:00etan. Horrez gain, programako azken larunbatean, uztailaren 18an, Rogelio Botanz legazpiarrak kontzertu berezia emango du Percuteras de Garaldea artistekin, 12:00etan hasita, Euskal Herria plazan.

Musika emanaldiez gain, umorea eta pailazoak izango dira. Aurtengo uztako kaleko antzerkiek zirku kutsua hartuko dute, Bea Larrañaga pailazoaren, Oh-Pera akrobaten eta Trapu Zaharra taldearen laguntzaz. Hirurek ikuskizun berritzaile eta originalak egingo dituzte hainbat egunez, zirku teknika tradizionalak eta hizkuntza garaikideagoa uztartuta: protagonista samur baina basatiak, unibertso ezegonkorrak, arazoei aurre egiteko barre algarak...

Pailazoek jolaserako gonbita egingo diete gazteei, baina asteko egun bakarra ez da nahikoa izaten gaztetxoak asaskatzeko. Horregatik, astelehenean 17:00etan hasita, beste barrabaskeria batzuk egiteko aukera izango dute haurrek: eskuak zikintzeko tailerrak eta apar festak izango dituzte hiru astez Euskal Herria plazan.

Helduek, berriz, ostiral arratsaldeetan aurkituko dute tarte lasaiagoa. Ikatza argazkilari elkarteari esker, ikus-entzunezko lanez gozatzeko aukera izango dute: bata naturari buruzkoa (uztailak 3) eta, bestea, bidaiei buruzkoa (uztailak 17). Biak ere 22:30ean izango dira, azokan.

Uztakaleko egitarauak ez ezik, kirol ekitaldiek ere izango dute tokia Legazpin uztailean. Arku Ehizako Euskadiko Txapelketa, esaterako, Kimuberri aterpetxearen ondoan izango da, uztailaren 12an, 09:00etan. Eta kirol herrikoiagoen zaleentzat, zazpiko futboleko XVII. Herri Txapelketako finala uztailaren 4an egingo da, 11:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA