Uztaila, blues eta jazzarena

Jazz eta blues musikek ere badituzte euren txokoak Euskal Herrian. Bada non aukeratua: Gasteizko eta Donostiako jazzaldiak eta Getxo eta Hondarribiko blues jaialdiak, kasu.

Maialen Unanue Irureta.
2015eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Bluesak eta jazzak badituzte euren plazak eta zaleak Euskal Herrian. Hilabete propioa ere badute: uztaila. Hondarribia Blues izango da guztietan lehenengoa, uztailaren 9tik 12ra artean. Benta agertokian arituko diren Diablues & Bluecifer, Shakura S'Aida eta Dr. Feelgodek estreinatuko dute jaialdia, 21:30etik aurrera. Gainera, jaialdiaren hamargarren urteurrena dela-eta, erakusketa bat zabalduko dute egun berean Itsas Etxea auditoriumean, 19:00etan. Candye Kane, Travellin' Brothers Big Band, Mr. Groovy and The Blue Heads, Velma Powell, Shawn Holt & The Teardrops eta Ariel Rot artistak izango dira Hondarribiko jaialdian, besteak beste.

Getxo Blues Hondarribikoa bukatu eta gutxira hasiko da, uztailaren 16an. Davina & The Vagabons, Maceo Parker, Eric Sardinas & Big Motor, Jackie Revlon eta Willy Endaya & Ernesto Sabas Blues taldeak arituko dira, besteak beste, Algortako Biotz Alai plazan eta Piper's Irish Pub agertokian.

Bi jaialdi horien artean hasiko da, ostera, Gasteizko Jazzaldia, uztailaren 13an. Kontzertu bat nabarmendu da guztien gainetik: Chick Corea eta Herbie Hancock piano jotzaileek eskainiko dutena. Izan ere, 1978an egindako bira errepikatuko dute, baina kontzertu gutxi batzuk emango dituzte; horien artean, Gasteizkoa. Uztailaren 18an izango da kontzertua, Mendizorrotza kiroldegian. Horrez gain, musika brasildarrak gau propioa izango du uztailaren 17an, Estrella Morente eta Anat Cohen artistekin.

Donostiako Heineken Jazzaldia, berriz, uztailaren amaiera aldera izango da, uztailaren 22tik 26ra. Aurten, protagonista nagusia Jamie Cullum izango da. Izan ere, hiru saio eskainiko ditu: lehenengo egunean, DJ lanak egingo ditu Kursaaleko terrazetan; 23an, bakarka abestuko du, pianoarekin, Kursaaleko auditoriumean; eta, azkenik, 24an, taldearekin ariko da Trinitate plazan. Antolatzaileen arabera, euskal jazzak protagonismo nabarmena izango du 50. Heineken Jazzaldian. Izan ere, 25 euskal talde eta bakarlarik parte hartuko dute; Zurriola hondartzako Agertoki Berdean ariko da, esaterako, Bullet Proof Lovers taldea.

Horiez gain, Lee Fields eta Gregory Porter ahots beltzak, Jimmy Cliff reggaearen mitoa, eta soul-funkaren ordezkari Earth, Wind & Fire historikoak ere arituko dira Agertoki Berdean.

Txikiak ere bai

Izen handiko jaialdiez gain, ordea, jaialdi gehiago ere badira, txikiagoak, Euskal Herriko txokoetan. Mundakan (Bizkaia), esaterako, The Basque Music & Cook jaialdia egingo dute uztailaren 30etik abuztuaren 1era bitartean. Euskal Herriko nahiz nazioarteko musika eta gastronomia ditu protagonista jaialdiak. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean, Santa Katalina penintsulan batuko dituzte ekitaldi guztiak; 4.000 lagun hartu ahal izango dituzte, gehienez. Bi agertoki izango ditu: We are BC deiturikoa, bertako musikariena, eta We are music izenekoa, nazioarteko taldeena.

Produktu gastronomikoen erakusketa eta salmenta eta dastatzeko guneak izango dira, baita erakustaldiak eta sukaldari ezagunak ere.

Ordizia eta Arama artean (Gipuzkoa) Goierriko Jazzaldia egingo dute. Bi eguneko egitaraua osatu dute, uztailaren 3rako eta 4rako. Girls in band, Swingpapers, Elkano Browing Cream eta DJ Makala ariko dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.