E pluribus unum (Askoren artetik, bat) latinezko esamoldea da, eta AEBetako zigiluan ageri den leloa da. Hortik dator Pluribus izena, telesailaren mezu nagusiarekin bat datorrena: batasunaren eta aniztasunaren arteko tentsioa iradokitzen duen aipamen sinbolikoa, Gilliganen unibertsoan oihartzun berezia duena. Izan ere, haren lanetan sarri azaleratzen da gizakiaren banakotasunaren eta kolektiboaren arteko gatazka, edo norberaren barneko borroka isil baina etengabea.
Vince Gilligan, Rhea Seehorn eta Albuquerque. Hiru izen horiek entzutea nahikoa da Breaking Bad edo Better Call Saul maisulanen zaleen arreta berehala pizteko. Pluribus da Gilliganen telesail berria; protagonistaren rola Rhea Seehornek jokatuko du, Better Call Saul-eko Kim Wexler ahaztezina gorpuztu zuen aktore bikainak. Istorioaren zati garrantzitsu bat, gainera, Gilliganen fikzioen ikur bihurtu den kokaleku berean girotuko da: Albuquerquen, Mexiko Berrian.
Laborategi batean birus ezezagun baten inguruko esperimentuak egiten ari dira, baina zerbait gaizki aterako da: birusak ihes egingo du, eta, apurka-apurka, munduan barna hedatzen hasiko da.
Premisa hori zineman maiz agertu bada ere, Pluribus-ek birus horrek eragiten duen ondorio berezi eta bitxiarekin harrituko du ikuslea: kutsatutako guztiak pertsona alai, adeitsu, lagunkoi eta atsegin bihurtzen dira, AA bidez sortutako roboten antzera, emoziorik eta konplexutasunik gabe. Munduan bakea da nagusi; ez dago krimenik, ezta gaiztakeriaren arrastorik ere. Gainera, pertsona horietako bakoitzak denetik egiten daki, eta edozein informazio edo datu segundo gutxitan eskuratzeko gai da.
Baina birusak ez du eragin bera izango gizaki guztiengan. Batzuk ez dira bizirik aterako, eta beste batzuek —munduan 11 pertsona inguru— ez dute inolako aldaketarik jasango; berdin jarraituko dute horiek, kutsaduraren aurrean erabat immunizaturik. Horien artean dago telesaileko protagonista: Carol (Rhea Seehorn).
Gainera, birusaren aurrean eraginik izan ez duten horiek abantaila berezi bat izango dute: kutsatuei edozer eskatu ahal izango diete, eta haiek —irribarre zabal batekin— men egingo diete, inolako zalantzarik gabe. Horrela, zoriontasun unibertsalaren mundu berri horretan, askatasunaren eta boterearen arteko oreka jarriko da jokoan. Lur gaineko pertsonarik zorigaiztokoenetako batek, Carolek, mundua ustezko zorionetik salbatu beharko du.
Breaking Bad telesailaren sortzailea eremu guztiz berri batean murgilduko bada ere, Pluribus-ek sortzailearen ukitu berezia gordetzen du: erritmo narratiboaren dohain paregabea, atal borobil eta koherenteak ehuntzeko abilezia, eszenaratze zaindua eta kolore-paleta adierazkorra, sinbolismoz beteriko planoekin uztartuta. Umore beltza eta ironia fina berriro ere agertuko dira, baita Gilliganen unibertsoan ohikoak diren pertsonaia berezi, kontraesankor eta hunkigarriak ere.
Pluribus, Severance-rekin batera, Apple TVk orain arte ekoiztu duen telesailik onena da: urte amaierako onenen zerrenda guztiak hankaz gora jarriko dituen ekoizpen zoragarria eta harrigarria.
Filmaketa Euskal Herrian
Bigarren atalean azaltzen den paraje eder batek euskal ikusleen arreta bereganatuko du: atzean Kantauri itsasoa, eta aurrean Getariako (Gipuzkoa) Askizu auzoko plano zoragarriak. Bertan, Iturregi hotelean, filmaketa egin zuten iaz. Era berean, zenbait eszena Bilboko aireportuan grabatu zituzten; euskarak presentzia txikia izango du, ia anekdotikoa, baina aipatzeko modukoa, aireportuko karteletan gaztelerazko esaldiekin batera euskarazkoak ere ikus daitezkeelako.
fitxa
- Sortzailea. Vince Gilligan.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Rhea Seehorn, Carlos Manuel Vesga, Karolina Wydra eta Miriam Shor.
- Non ikusi. Apple TV+.
- Atal bakoitzaren iraupena. 45-55 minutu.
- Generoa. Drama, zientzia fikzioa.