Ilearen artea

Minbiziaren aurkako tratamenduen eraginez ilea galtzen dutenentzat esanahi berezia hartzen du ileak. Ile apaindegiek beldurrei aurre egiteko leku seguruak izan behar dute.

Minbizia ilearen artea
Bularreko minbizia duen emakume bat, peluka bat janzten, artxiboko irudi batean. CC0
Maixa Utrera Puelles.
2024ko otsailaren 6a
05:00
Entzun

«Ile apaindegian zaude, eta bezero bat sartu da. Eskuan ileorde bat darama. Utzi edo bueltatu egin nahi duela dio. Ez duela gehiago behar. Haren emaztea hil egin dela. Zer egingo zenuke?». Horrelakoetan zer egin irakatsi berri diete Gasteizko Egibide Molinuevo zentroko ile apainketako eta estetikako ikasleei, Peluk-arte tailerrean. Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko bi psikologok eta paziente batek gidatu zuten tailerra. Amaia Zugadi izan zen psikologoetako bat, eta horrelako formakuntzak egitearen garrantziaz mintzatu da: «Pertsonekin lan egiten dugunok minbizia duen batekin lan egin beharko dugu gutxienez noizbait, eta ezinbestekoa da horretarako prest egotea».

Urtarrilaren 12an egin zuten tailerraren lehenengo fasea, eta laster hasiko dute bigarrena, Zigor Miota Molinuevoko ile apainketako irakasleak azaldu duenez: «Minbiziaren aurkako elkartea etxola txiki batzuk prestatzen ari da. Horiek prest daudenean, ikasleekin joango gara, eta han minbizia duten bezeroei estetikari lotutako aholkuak emango dizkiegu».

Lehen fasean, baina, ikasleek jaso zituzten aholkuak, haiek izango baitira etorkizuneko ile apaintzaileak. Minbizia duten bezeroekin lan egitean «mugak» jarri behar dituztela azaldu zieten psikologoek. «Ikasleek argi izan behar dute ez direla psikologoak. Ez dago gaizki bezeroari besarkada bat ematea edo harekin negar egitea, baina gehiegi inplikatzea arriskutsua da», azaldu du Zugadik. Miota bat dator mugak jartzearekin: «Gu irudiarekin laguntzeko gaude. Irudiaz harago joatea karga emozional handiegia hartzea izan daiteke».

«Gu irudiarekin laguntzeko gaude. Irudiaz harago joatea karga emozional handiegia hartzea izan daiteke».

 ZIGOR MIOTAIle apainketako irakaslea

Maider Jimenez eta Alexia Cepeda ikasleei oso argi geratu zitzaien tailerrean irakatsitakoa. «Bezeroei segurtasuna eman behar diegu, autoestimua, baina haien ilearen edo ileordeen bidez», adierazi du Cepedak. Laburrago, baina bere ikaskideak bezain garbi azaldu du Jimenezek: «Gure lana egin behar dugu».

Esan behar ez dena

Zugadiren ustez, ile apaintzaileen lana da bezeroa ile apaindegira sartzen denean baino «zoriontsuago, ederrago edota lasaiago» ateratzea, eta, haren hitzetan, hala izan beharko luke minbizia duen batekin lan egiten duenean ere. Horrelakoetan, baina, badaki «giza faktorea» eta «enpatia» sartzen direla jokoan, eta uste du ile apaintzaileek sentitzen dutena onartu behar dutela.

Adituen arabera, paziente onkologiko gehienek okerren daramatena da besteek pena aurpegiarekin begiratzea, baina Zugadik uste du sentimendu «saihetsezina» dela askotan: «Ez dago gaizki pena sentitzea. Gehienetan, gainera, minbizia dutenak ohiko ile apaindegira joaten dira arradatzera. Beraz, nola ez duzu tristura sentituko ohiko bezero bat denean?». 

Hala ere, azaldu du gauza batzuk esatea «lekuz kanpo» dagoela: «’Lasai egon’, ‘ondo aterako da’, ‘sendatuko zara’ eta halakoak inoiz ez dira esan behar. Normalean, horrelakoak esaten ditugu gu gaziki sentitzen garelako, eta beste pertsona lagundu nahi dugulako. Baina, batzuetan, garrantzitsuagoa da esaten ez duguna, esaten duguna baino».

Molinuevon egindako Peluk-arte tailerrean garrantzi handia eman zioten horri. Jimenezek azaldu duenez, bezeroek ile apaintzailearen hitzak «gaizki» har ditzakete. Cepedak argitu du zergatik: «Kontu handiz ibili behar dugu. Ez dakigu esaten ari garena egia izango den edo ez, eta kasu horietan hobe da isilik geratzea».

«Kontuz ibili behar dugu. Ez dakigu esaten ari garena egia izango den edo ez, eta kasu horietan hobe da isilik geratzea».

ALEXIA CEPEDAIle apainketako ikaslea

Itxura baino askoz gehiago

Itxurak garrantzi handia du gizakiarentzat, eta ilea da norberaren itxura definitzen duen gorputzaren atalik garrantzitsuenetako bat. Zugadiren iritziz, horregatik sortu ohi die «larritasuna» ilea galtzeak paziente onkologikoei. Burusoil geratzeko prozesuan psikologoen lana «erabakigarria» dela adierazi du: «Diagnostikoa jasotzen dutenetik bihurtzen da garrantzitsua ilea. Gure lana da bakoitzak ematen dion garrantzia errespetatzea eta ulertzen dugula sentiaraztea». 

Ile apaintzaileei bezalaxe, senideei ere gomendatzen die euren hitzekin «kontuz» ibiltzea: «Senideek joera dute ‘Lasai, ilea berriz aterako da!’ eta halakoak esateko. Bestea hobeto sentiarazteko hitzak izan arren, sarri mina egiten dute». Hala ere, uste du minbizia ez dutenentzako bezain garrantzitsua dela ilea minbizia dutenentzako. Ilearekin zer egin erabakitzeko ahalmenean dago aldea: «Minbizirik ez duzunean, ilea moztea nahita hartutako erabaki bat izan ohi da. Minbiziaren aurkako tratamendu baten eraginez ilea galduko duzunean, ez».

Ilea «itxura baino askoz gehiago» dela adierazi du Zugadik: «Gure identitatea eraikitzen laguntzen digu. Ez hori bakarrik; ilea osasuna da».

Leku seguru bat

Peluk-arte tailerraren antzeko formakuntzak egitea «erabat gomendagarria» dela uste dute Jimenezek eta Cepedak. Are gehiago, tailerra hautazkoa izan zen arren, Cepedari «derrigorrezkoa» iruditzen zaio familiak eta pertsonak nola lagundu ikastea: «Gure sektorean oso garrantzitsua da komunikazioa». 

Zigor Miota irakasleak azaldu duenez, tailerra «oso praktikoa» izan zen: «Interesgarria da ikasleak kasu praktikoak ebazten ikustea. Graduan ez dute horrelako gaiak lantzeko irakasgairik». 

Ikasleen zein irakasleen interesa piztu izanak poztu egin du Zugadi: «Ile apaindegiak zutabe sendo bat izan ohi dira pazienteentzat prozesuan. Formakuntza hau zenbat eta jende gehiagok jaso, orduan eta errazagoa izango da psikologoen eta ile apaintzaileen arteko elkarlana».

Aitortu du formakuntza jasota ere zaila dela kasu guztietan nola jardun jakitea, ez baitago formula bakarra: «Gomendagarria da zona batzuk bakartzea, minbizia dutenak eta senideak seguru sentitzeko, baina gizon bat bere emaztea hil delako ileorde bat bueltatzera datorkizunean, ezinezkoa da zer egingo zenukeen jakitea».

«Gomendagarria da zona batzuk bakartzea, minbizia dutenak eta senideak seguru sentitzeko».

AMAIA ZUGADI Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko psikologoa

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.