Bularreko minbizia izan duen herritarra

Naiara Ormazabal: «Azalpenik ez emateko modu bat da ileordea eramatea»

Bularreko minbizia detektatu zioten 2022an, eta ilea galtzea «oso gogorra» izan zela aitortu du.

(ID_13525570) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-01-23, Gasteiz. Naiara Ormazabal pelukek eta ileak paziente onkologikoentzat duten garr...
JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko otsailaren 6a
05:30
Entzun

Duela hiru hilabete eskas amaitu zuen tratamendua Naiara Ormazabal hezitzaileak (Gasteiz, 1979). Bularreko minbizia detektatu zioten 2022an, eta, hamazazpi hilabeteko tratamenduaren ondoren, «garbi» dago. Ilea galtzea esperientzia «oso gogorra» izan dela azaldu du, baina jarrera baikorra izateak asko lagundu diola aitortu du. «Erreferenteen falta» sumatu zuen hasieran, baina Izan Iñurri taldeak eman zion behar zuen babesa: «Niri lagundu zidaten bezala lagundu nahiko nioke nik norbaiti».

Nola sentitu zinen ilea galduko zenuela esan zizutenean?

Esan zidaten lehenengo gauza hori izan zen. Hasieran egia da ilerik gabe egotea zaila egingo zitzaidala sentitu nuela, baina azkenean konturatu nintzen nire bizitzako etapa bat izango zela, kapitulu berri bat. Orduan, zapia erabiltzen hasi nintzen, eta oso gustura sentitu nintzen harekin.

Ileordea erabiltzea pentsatu zenuen?

Eskaini zidaten bat, baina zapia nahiago izan nuen. Hala ere, ondo ulertzen dut batzuek zergatik erabiltzen duten. Jendeari azalpenik ez emateko modu bat da ileordea eramatea.

Jendeak ezberdin tratatzen zaitu?

Jendearen pena aurpegia ikustea zen nik okerren eramaten nuena. Zapia daramazunean jendeak badaki minbizia daukazula. Egunero galdera berdinak erantzun behar izaten nituen.

Segurtasuna emateko ere balio dute ileordeek.

Noski. Azken batean, besteentzat ez ezik, norberarentzat ere oso garrantzitsua da irudia. Jendeak ez daki gaixotasun bati nola erantzun, baina norberak ere ez daki gaixotasun batekin nola bizi. Ez dugu espero irudia hain garrantzitsua izatea guretzat, baina ilea erortzen hasten zaizunean... Gauzak aldatu egiten dira orduan.

Duela gutxi, ile apainketa eta estetikako ikasleek paziente onkologikoekin jarduteko tailer bat egin zuten Gasteizko Egibide Molinuevo zentroan. Zergatik da hain garrantzitsua ile apaintzaileek horrelako formakuntzak jasotzea?

Minbizia dugunean, ez zaigu ilea bakarrik erortzen; azala aldatzen zaigu, zenbait produktu erabili behar ditugu, eta, zauriak baditugu, ezin ditugu kosmetiko batzuk erabili. Gure azala birformulatzen laguntzen digute ile apaintzaileek.

Ez hori bakarrik. Beldur handiarekin joaten gara ile apaindegira, eta funtsezkoa da ile apaintzaileak gu nola tratatu jakitea. Egia da nire ile apaintzailea nire laguna dela, eta, kasu horietan, zaila dela nola jardun jakitea.

Nola egin zuen hark?

Kimioterapiaren eraginez ilea eroriko zitzaidala kontatu nionean, hark arradatu nahi ninduen galdetu nion. Baietz esan zidan, eta hark moztu zidan ilea. Sei hilabete geroago, aitortu zidan asko kostatu zitzaiola irudia hura burutik kentzea.

«Beldur handiarekin joaten gara ile apaindegira, eta funtsezkoa da ile apaintzaileak gu nola tratatu jakitea».

Formakuntzak gorabehera, ile apaintzaile asko hunkitu egiten dira.

Horretan, faktore erabakigarria ez da minbizia, jendearekin lan egiten dutela baizik. Jendearekin lan egiten duzunean, zure egoera pertsonalak eragin zuzena du bezeroarengan. Eta alderantziz. 

Imajinatu ile apaintzaileak seme-alaba txikiak dituela eta horietako batek gau oso txarra pasatu duela. Ile apaindegira sartzen den lehen bezeroak minbizia duela esaten badizu, baliteke, eta seguruena hori da, negarrez hastea; bezeroa ezagutu ala ez.

Nola eragin diezaieke horrek bezeroei?

Nik uste dut ile apaintzaileek ahal dutena egiten dutela. Laguntza psikologikoa beste profesional batzuen esku utzi behar da. Metastasia duen norbait joan daiteke zure ile apaindegira, sendatuko ez den norbait. Edo bai. Edo, besterik gabe, beldurra duen norbait. Eta horrelako egoera batean laguntzea oso zaila da. Beste aukera bat da minbizia dugunok ile apaindegi berezietara joatea.

Zertan ezberdintzen dira ohikoetatik?

Horrelako ile apaindegietan kabinak dituzte. Nire lagun batek kontatu zidan kabina bat itxi zutela harentzat, leku seguru bat izan zedin. Oso ile luzea zeukan, eta hasieran sorbaldaraino moztu zioten. Gero, motzago. «Horrela izango duzu kimioa amaitu eta urte eta erdira», esan zioten. Eta gero, motzago: «Horrela, kimioa amaitu eta urtebetera». 

Zer esan nahi du du zuretzat berriro ilea hazteak?

Berriro ilea dudanez, jendeak esaten dit «aurpegi ona» eta «itxura ona» ditudala. Askotan pentsatzen dut guk bizi duguna bizi izan balute ez luketela horrela hitz egingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.