Artista

Matias Mata: «Herriarekin lotura sortuz marrazten dut, nire egoa atzean utziz»

Artista espainiarrak Ondarroan, Bizkaian, margotutako mural batek munduko onenaren saria bereganatu du inpaktu sozialaren kategorian. Arrantza eta emakumeak ditu oinarri lanak.

Matias Mata, artista kanariarraren murala Ondarroan
Matias Matak Ondarroan egindako murala. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko otsailaren 07a
05:00
Entzun

Azken hamarkadetan argi gelditu da arteaz gozatzeko ez dela beharrezkoa galeria edo erakusketa batera joatea. Horren adibide argia da Ondarroako (Bizkaia) Kamiñazpi auzoa, non gaur egun hiru mural handi ikus daitezkeen kaleetako paretetan. Haietako baten egilea da Matias Mata (Lanzarote, Espainia, 1973), eragin sozialaren kategorian munduko onena aukeratu dutenarena, zehazki.

Nola amaitu zenuen Ondarroan?

Lianek deitu zidan [Lian Monserrate], Ondarroako muralen proiektua daraman artistak. Nik lehenagotik banuen proiektuaren berri, eta, nire lana ezagututa, Lianek pentsatu zuen aukera polita izango zela ni hara joatea.

Nolakoa izan zen prozesua?

Lanera joaten naizen leku guztietan elkarrizketa bat sortzen dut inguruarekin. Bertako kultura, ohiturak eta ezaugarriak ezagutu nahi izaten ditut, ondoren nire lanean irudikatzeko. Ondarroan hamabost bat egun egin nituen bertako inguruak ezagutzeko, bizilagunekin hitz egiteko, eta, ondoren, aste batean osatu genuen murala.

Zer ikasi zenuen Ondarroari buruz?

Jendearekin hitz egiten nuenean, arrantzaz eta itsasoaz mintzatzen bukatzen genuen beti. Ondarroak itsasoarekin duen harremana oso estua da, eta hasieratik ikusi nuen hori izango zela nire lanaren oinarria.

Itsasoa beste hainbatetan ere irudikatu izan duzu.

Kanariarra naiz, eta, beraz, harreman handia daukat itsasoarekin [barrez].

Matias Mata, artista kanariarra
Matias Mata.
Soilik emakumeak agertzen dira muralean.

Hala da. Gizonak arrantzara joaten zirenean, emakumeek hartzen zuten herriko arduraren lekukoa. Haiek sostengatzen zuten Ondarroa, herria gizarte matriarkatu bat bilakatuta. Bizilagunekin hitz egitean, haien amonak eta amak aipatzen zizkidaten beti; denek ematen zieten garrantzia emakumeei. Haiei eginiko omenaldi bat da nire murala.

Emakumea itzaletan egon da arrantza munduan?

Arrantzan eta gizarteko beste arlo guztietan, eta ezetz dionak gezurra esaten du. Gizarte patriarkal batean bizi gara, eta, orain feminismoak borroka handia egiten duen arren, iraganean gertatutakoa ezin dugu albo batera utzi.

Muralean agertzen diren hiru emakumeek hitz egiteko ahalmena izango balute, zer esango lukete?

Uste dut harrotasuna sentitu eta erakutsiko luketela. Duela urte askoko istorioak dira, baina gaur egun ere oso bizirik daude herrian. Kultur identitatea sortu dute, eta ondarroarrentzat irudi oso garrantzitsuak dira.

Kolore gorriak du protagonismoa lanean. Ez da ohikoa, ezta?

Ez. Uste dut nire lanetan inoiz ez duela eduki horrelako protagonismorik kolore gorri horrek. Udaletxeko artxibo historikoa aztertzean, hainbat argazki ikusi nituen, eta haiek izan dira nire muralaren ardatza. Argazki horiek zaharrak ziren, eta jada oso erreta zeuden, kolore gorri horrekin. Era berean, ikurrinaren koloreak erabili nahi nituen, eta horregatik agertzen da berdea lanean. Gorria sakrifizioaren kolorea ere bada, eta hori ere irudikatu nahi izan nuen.

Aire zabaleko museo bilakatzen ari da Ondarroa?

Iaz, nirearen ondoan dagoen beste mural batek munduko hirugarren muralik onenaren saria jaso zuen, eta horrek izena eman zion Ondarroari. Proiektu oso polita da abian dagoena. Kanpoko artistak gonbidatzen dituzte, baina ez da egitasmo inbaditzailea, herriarekin eta auzoarekin harreman bat sortzen baitu sortzaileak, errespetuz. Herriko kultura irudikatzen da proiektuaren bidez, ez dira kanpoko gauzak ekartzen.

Zer abantaila ditu kalean lan egiteak?

Nik inoiz ez dut egin estudioko lanik, inoiz ez dut jarri nire artelanik erakusketetan. Nire ibilbide guztia kalean egin dut, eta kalean margotuz; edonork ikusi eta kritikatu dezake nire lana. Besteentzat marrazten dut, herriekin eta auzoekin harremana sortuz, eta nire egoa atzean utziz. 

Zer esanahi du sariak zuretzat?

Nik beti esan izan dut artea ezin dela saritu. Baina, hala ere, pozgarria da horrelako aitorpen bat jasotzea; nire bizitza osoko lana saritu dutela sentitzen dut. Era berean, uste dut saria muralean parte hartu zuten guztientzat dela, bai margolari taldearentzat, bai proiektuaren antolatzaileentzat eta baita herriko bizilagunentzat ere.

LOTSABAKO

Erreferente bat? Belin, Jaengo [Espainia] artista.

Kolore bat? Kanario horia.

Oraindik margotu ez duzun pareta bat? Manhattango [AEBak] baten bat.

 

Liburu bat? Manual de guerrilla de la comunicación.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.