Yolanda triste dago, oso triste. Batzuetan, Nafarroako lehendakari izatea gogorra behar du, are gehiago 12 urtean Iruñeko alkate izan bazara. Nik dakidala, aurretik orain arte ez da halakorik izan. Gehien saltzen den Nafarroako egunkariak urtez urte argitaratu dituen uztailaren 7ko azalak ikusi nituen erakusketa batean. Nire harridurarako, azken hamabi urteetatik hamarretan Yolanda ageri zen, irribarretsu. Horrek erakusten du bere gordintasunean orain bizi duen dramaren dimentsioa.
Zurrumurru bat dabil Iruñean. Yolanda desanfermintze tratamendu bortitza jasaten ari da. Antza, txupinazo egunean udaletxe barruan «nik ere balkoian egon nahi dut» oihuka hasi zenean, gela batean itxi behar izan zuten. Ez dut erabat egiaztatu, baina txoritxo batek esan dit «baina ni Nafarroako alkate naiz!» oihukatzen entzun zuela. Ondoren, «gutxienez alboko balkoian utz iezadazue!!!» esanez saiatu zen, eta Maia bera amore emateko prest zegoen. Haatik, UPNko betiko indarrek ez zioten utzi alderdiko boto-emaile tradizionalek ere gaizki ikusiko luketelakoan.
Biharamunean, prozesioan, zinegotzi batiErronkariko arropa tradizionala kentzen saiatzen harrapatu zuten. Ez dakigu zeren falta sumatzen zuen gehien. Kale Nagusiko «guapa-guapa» oihuak edo Curiako txistuak. Egoeraren larria ikusirik, medikuak, tratamendu gisa, prozesioan katedraleko kanpaiak jotzen uztea baimendu zuen. Hori egiaztatu ahal izan dugu. Haren samina leuntzeko balioko ahal zuen!
Sanferminak Iruñean. Sanfer-minak
Yolandaren samina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu