Zabalegia, ilunegia, misteriotsuegia

Ezjakintasunagatik izaten zaio beldurra itsasoari: garunak ez duenez behar besteko daturik, arriskuarekin bete ditzake eremu zuri horiek. Itsasoa leku mehatxagarri gisa irudikatzen duten istorioek eta usteek hauspoa eman diezaiokete joera horri.

Bi surflari Rio de Janeiroko hondartza batean, abenduan. ANTONIO LACERDA / EFE
Bi surflari Rio de Janeiroko hondartza batean, abenduan. ANTONIO LACERDA / EFE
amaia igartua aristondo
2025eko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusi beharreko guztia harrapatzen da begirada bakar batean, eta, aldi berean, dena geratzen da ezkutuan. Lasaia dirudi itsasoak: bereziki laua dago, soinua ere apala du. Hor bukatzen dira ziurtasunak, ordea, eta hasten zalantzak: dirudien bezain segurua ote da? Zer dago urdin ilun horren azpian, hondo sakon horietan? Izakiren bat, agian, bainulari baten zain? Ezjakintasunak eragin du errezeloa. «Oro har, gure garunak beti betetzen du falta zaion informazioa, hura asmatu behar badu ere», azaldu du Iñigo Saez Uribarri ikerlari, surflari eta Bizkaiko Psikologia Elkargoko kideak. Biziraupen estrategia bat da, baina bada itsasoaren beldurraren oinarria ere: «Ez badugu hondoa ikusten, ezta inguruan zer dagoen ere, garunak mehatxu pertzepzio batekin bete dezake informazio hutsune hori».

Itsasoari dagokionez, askotarikoak izan daitezke mehatxuak, beldurra eragin dezaketen zirkunstantziak: behean zer dagoen ez ikustea izan ohi da behinena, sakonerak eta flotatzeari uztearen ikarak ere deseroso sentiaraz dezakete, olatuak eta korronteak ez dira nolanahiko etsaiak, eta animalien presentzia sumatzea aztoragarria suerta daiteke. Halaber, itsas zabalean erreferentziak galtzen dira, eta desagertu aingura gisa erabil daitezkeen elementu bisualak —gertuko kostaldea— eta ukimenezkoak —zoru sendoa—, garunari ezinbestekoak zaizkionak orekari eusteko eta non dagoen eta nora doan jakiteko. «Hutsune horrek desorientazioa eragin dezake, baita antsietatea eta segurtasuna bilatzeko jarrera ere», erantsi du psikologoak. «Baina, ia beti, itotzearen mamua da itsasoaren beldurraren atzean dagoena».

«Nahiz eta mehatxua egiazkoa ez izan, beldurraren kausaz hura saihesten denean gure garunak satisfazio edo sari seinale bat sortzen du, eta horrek ontzat jotzen du mehatxagarria zaigun hori saihestu izana»

IÑIGO SAEZ URIBARRIBizkaiko Psikologia Elkargoko kidea eta surflaria

Baliteke sorburua ez egotea gertakari jakin batean, eta berezkoa izatea; are, baliteke ezaugarri hereditarioak edukitzea. Susmo hori dute ikerlariek. «Itsasoari beldurra dioten eta ez dioten pertsonak konparatzerakoan, ikerketek ez dute desberdintasun handirik topatu esperientzia negatibo goiztiarrei dagokienez, eta familia askok adierazi dute umeek beldurra zutela jada itsasoarekin izandako aurreneko kontaktutik». Dena den, jazoera batzuek ere funtzionatu dezakete akuilu moduan: zuzeneko esperientziak, hala nola eroriko bat, traumatikoak suerta daitezke; edo baliteke beldurra «ikasketa bikario» bidez barneratu izana, hau da, beste norbait ikusteagatik noizbait urarekin esperientzia desatseginen bat edukitzen.

Era berean, itsasoaren inguruan helarazten diren usteek eta kontakizunek ere baldintzatu ditzakete harekin eratzen diren harremanak. Fikzioa erabakigarria da maiz: kasu baterako, Steven Spielbergen Hawks (1975) filmari itsasoaren beldurra hedatu izana egotzi izan diote askotan, nahiz eta, berez, marrazoek ez duten izaten jarrera oldarkor hori gizakien aurka. «Fikzioa gure emozioak estimulatzen ahalegintzen da entretenitzeko», nabarmendu du psikologoak, «eta beldurra erraza da pizten». Hala, izaki bitxiak eta arriskutsuak erakusten dituzten film ikusgarriak edo naufragioak eta olatu erraldoiak agertzen dituztenak izan daitezke itsasoari buruzko informazio iturri bakarrak harekin harremanik apenas eduki duen hartzaile batentzat. Besterik ezean fikzioak beteko baitu hutsunea, Saezek ohartarazi duenez. «Nahiz eta mehatxua egiazkoa ez izan, beldurraren kausaz hura saihesten denean gure garunak satisfazio edo sari seinale bat sortzen du, eta horrek ontzat jotzen du mehatxagarria zaigun hori saihestu izana».

Oparia, bizirik irauteko

Itsasoaren eremu ilunak argitzeko ahalegina ez da berria, ordea, ezta Hawks filmaren garaikoa ere. Gizakia nabigatzeko gai izan zen unekoak dira, gutxienez, ur eremu zabal horren inguruko jarrerak, eta, orduz geroztik, askotariko taxuak hartu dituzte itsasoaren mehatxuek. Hainbeste, ezen Bilboko Itsasmuseumek eremu bat eskainia dien itsasoaren arriskuei, haiei buruzko sinesmenei, eta itsas salbamenduaren arloan egon diren garapenei. Xabier Armendariz itsas historialaria da arduraduna. Azaldu duenez, garai greko-erromatarrean modu anbiguoan irudikatzen zen itsasoa: jainko-jainkosen bizilekua zen, eta dibinitate horiek onak edo maltzurrak izan zitezkeen. Euskal sinesmenei dagokienez, ninfak zeuden, Isis Pelagia numen babeslea, baita galdu diren beste itsas jainko batzuk ere.

(ID_17594759144125) (/EZEZAGUNA) Volador ontzia Bolivar barkua kostaldera eramaten
'Volador' ontzia 'Bolivar' barkua atoian eramaten, Portugaleteko portura. Koadroa XIX. mendekoa da, eta Bilboko Itsasmuseumek salbamenduari eskainitako eremuan ikus daiteke. BERRIA

Kristautasunak, ordea, antzaldatu egin zuen itsasoa. «Infernuaren irudikapen bat bilakatu zen, nolabait. Eta euskal herritarrok ere barneratuz joan ginen Biblian agertzen diren konnotazio batzuk», esplikatu du Armendarizek. Itsasoa Leviatanaren etxea bihurtua zen, baita beste izaki izugarri askorena ere; Erdi Aroko gutun nautikoetan eta ikonografian itsas munstroak agertzen hasi ziren. Ezezagunari zioten beldurra adierazten zuten irudi horiek, hain justu. «Mundua esferikoa dela greziarren garaitik zekiten, baina ez zen zekiten zein zen munduaren hedadura; maparen eremu batzuk zuri zeuden», historialariaren hitzetan. Geografo aitzindarien irudimenarentzat hauspo indartsua izan ziren zulo haiek: Abraham Ortelliusek, adibidez, askotariko kolore eta formatako izakiz josi zituen ozeanoak Theatrum Orbis Terrarum (1570) atlasean.

Arriskua onartzea eta ahal bezala maneiatzea beste erremediorik ez zuten izan marinelek, Jainkoak jagongo zituen esperantzarekin. Armendarizek azaldu duenez, dibinitatearekin «kontratu bat» ezartzen zuten: eskaintza bat egiten zioten babesaren truke. Eskaintzailea ez zen Jainkoarengana zuzentzen, baizik eta santu edo birjina bitartekari batengana. «Hemen zera aplikatzen da: balio handiagoa du asmoak opariak baino», azpimarratu du historialariak. Izan ere, eskaintzek ez zuten zertan altxor bat izan, norberarentzat inportantea zen zerbait baino. «Dirurik gabeko arrantzale bat bazinen, zure ur trajea eraman zenezakeen, aitonarengandik oinordetutako hori, adibidez».

nola artatu

Itsasoari beldurra izateak uste baino eragin larriagoak izan ditzake, Iñigo Saez Uribarri psikologoaren irudiko. Oztopoak eragin ditzake egunerokoan eta bizitza sozialean —plan batzuei uko egin behar izateagatik, adibidez—, baina segurtasuna ere kolokan jar dezake estualdi bat jazoz gero. Hainbat helduleku erabiltzen dituzte psikologoek beldur hori artatzeko:

  1. Igeri egiten ikastea. «Sarri, igeri egiten ikaste hutsak antsietatea murriztu dezake. Uretan ibiltzen jakitea babes faktore bat da, eta norbere buruarengan konfiantza edukitzen laguntzen du», esplikatu du psikologoak.

  2. Gutxinakako esposizioa. Pausoz pauso joatea gomendatzen du Saezek: igerilekuaren ertzera gerturatu, aurrena; aurpegia uretan sartu, bermeetatik askatu... Ur sakonagoetan ahalegindu ondoren, baita itsasoan ere, bare dagoenean.

  3. Teknologia. Errealitate birtualarekin egindako terapiak «itxaropentsuak» izaten ari dira, psikologoaren iritziz. Gutxinakako esposizioa egiten laguntzen du teknologiak, baina busti beharrik gabe. «Murgiltze kontrolatua egiten dute, eta maneiatu daitezkeen emozioak sentitzen dituzte».

Garrantzitsua zen tratua betetzea, dena den, Jainkoa haserretu ez zedin: oparia eraman ez eta istripuren bat izaten zuen jendeak pentsatzen zuen birjinaren batek zigortu zuela. «Marinel batek ez zuen hitzemandako eskaintza eraman Begoñako basilikara, eta hurrengo ontziratzean besoa galdu zuen istripu baten ondorioz; lehorrera heldu bezain pronto, boto eskaintza bat igo zuen elizara», kontatu du Armendarizek, umorez.

Ezinbestean, baina, galdu egin dira objektu horietako asko, batik bat aspaldikoenak. Foruko (Bizkaia) kobazulo batean, Isis jainkosaren estatua bat agertu zen, lema bat zeramala eskuan, erromanizatutako euskal herritar baten eskaintza ziur aski; gertuago, XVI. mendeko marrazo matrailezur bat daukate Artziniegan (Araba); oparoagoa da XIX. mendeko eskaintzen bilduma. Koadroak dira opari horietako batzuk, eta xehe-xehe irudikatuta agertzen dira ezbeharraren detaileak: hura eragin zuen denboralea, hautsitako mastak, ontzia salbatzeko ahaleginetan dabiltzan marinelak, eta idatzi bat, gertakaria non eta noiz izan zen zehaztu eta barkuaren eta kapitainaren izenaren berri ematen duena; batzuetan, eskifaiako kideak salbatu zituen dibinitatea ere pintatzen zuten obran.

«Mundua esferikoa dela greziarren garaitik zekiten, baina Erdi Aroan ez zekiten zein zen munduaren hedadura; maparen eremu batzuk zuri zeuden»

XABIER ARMENDARIZ Itsas historialaria eta Bilboko Itsasmuseumeko kolaboratzailea

Munstrorik ez da agertzen, ordea. «Normalean, ezbeharren eragilea beti da denboralea, itsaso txarra... Salbuespen gutxi batzuetan, batailak ageri dira, baina gurean ez da halakorik aurkitu».

Errespetatzea komeni

Itsasoaren inguruko jakintza handituz joan da, segurtasun tresna mordo bat dago eskura gaur egun, eta pare bat aste lehenago ere aurreikus daiteke denborale bat. Eta, hala ere, superstizioak ez dira guztiz desagertu, Armendarizek ziurtatu duenez: leku askotan, herriko abadearen bedeinkazioa jasota itsasoratzen dute ontzi berri bakoitza, eta kristautasuna baino aspaldikoagoko erroak dituzten erritualak egiten dira zeremoniotan; era berean, ama birjinak ez dituzte barkuetatik egotzi oraindik. «Horrek berdin jarraitzen du; beldurra librea da», Armendarizen ustetan.

Beldurra baino gehiago, baina, itsasoari «errespetua» izan behar zaiola uste du Benjamin Romerok. Gurutze Gorriko Itsas Salbamenduko koordinatzailea da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Ez dugu ahaztu behar eremu natural oso aldakorra dela, eta batzuetan oso arriskutsua izan daitekeela. Klimak, itsaslasterrek eta faunaren presentziak nabarmen eragin dezakete gure segurtasunean».

«Ez dugu ahaztu behar itsasoa eremu natural oso aldakorra dela, eta batzuetan oso arriskutsua izan daitekeela»

BENJAMIN ROMERO Gurutze Gorriko Itsas Salbamenduko koordinatzailea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Halakoak dira itsas salbamenduko boluntarioek artatzen dituzten intzidentziak: baliteke minutu gutxiren buruan olatuak harrotzea eta haizea indartzea; karabela portugesa gero eta ugariagoa da euskal kostaldean, eta, gainera, badira itsas bakterioak eta bestelako agente mikroskopikoak zauriak edota alergiak eragin ditzaketenak; eta boluntarioen laguntza behar izaten dute, halaber, ontziren batzuek elkar jotzen dutenean, izan ikusgaitasun faltagatik, izan komunikazio arazoengatik. Baina jendea tentuz ibiltzen da, oro har. «Kontziente dira itsasoaren arriskuez. Eta nabigazio istripuak gertatzen dira, baina ez dira hainbeste kontuan hartuta zenbat barku ibiltzen diren». Ezjakintasunak errezeloa elikatzen du oraindik.

(ID_17594760454255) (/Espainiako Liburutegi) Itsas munstro bat barku bati eraso egiten, Abraham Ortellius geografoaren mapetako batean
Itsas munstro bat barku bati eraso egiten, Abraham Ortellius geografoaren 'Theatrum Orbis Terrarum' atlaseko mapetako batean. ESPAINIAKO LIBURUTEGI NAZIONALA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.