Zabalik da Martin Ugalde bekarako proiektuak bidaltzeko epea

Aurtengo gaia 'Egunkaria, BERRIA eta generoa' da. Idatzizko lanak, gutxienez, 150 orrialde izan beharko ditu; ikus-entzunezkoak, 30 minutu. Irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko

urtzi urkizu
2017ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Martin Ugalde bekarako deialdia egin dute BERRIA fundazioak, Elkar fundazioak, Jakin fundazioak eta Martin Ugalde kultur parkeak, Andoaingo Udalaren (Gipuzkoa) laguntzarekin. Bigarren aldia da deialdi hori egiten dutena, eta aurten gaia honako hau izango da: «Egunkaria, BERRIA eta generoa. Euskarazko egunkariak izan duen eragina genero gaietan: hizkuntza mailako ekarpena, gaien aukeraketa eta trataera, ...». Bi urtetik behin ematen dute beka, eta herritar guztientzat irekia da. Ikasle, kazetari, ikerlari eta norbanako guztiei zabalik dago.

Dena den, aurkeztutako proiektuek eta ondorengo lanek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Bekaren emaitza idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango dute; emaitza idatzizko euskarrian bada, lanak gutxienez 150 orrialde izan beharko ditu. Ikus-entzunezkoa bada, berriz, iraupenak gutxienez 30 minutukoa izan beharko du.

Epaimahaia datozen asteetan zehaztuko dute. Proiektuak aztertzean, honako puntuak hartuko ditu kontuan: azalpen testuaren kalitatea, informazioaren zehaztasuna, ikerketaren berritasuna, iturrien aberastasuna, azterketaren alde kualitatiboa eta abar.

Parte hartzaileak banaka nahiz taldeka aurkez litezke. Proiektu bakoitzaren egileak posta elektronikoz aurkeztu beharko du proiektua; egilearen edo egileen curriculum laburtua bidali beharko du, egin nahi den lanaren azalpena —4-6 orri artekoa— eta idazlanaren edo gidoiaren lagina —15-20 orrialde bitartekoa—. Proiektuak uztailaren 31ra arte bidal daitezke [email protected] helbide elektronikora.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikideek. Proiektuak aurkezten dituztenen artean irabazle ateratzen denari aholkua eman ahalko dio epaimahaiak, proiektua osatu eta hobetze aldera.

Irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko; bekako diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du, eta beste erdia, lana amaituta entregatu eta epaimahaikideek onespena emandakoan. Irabazleak, gehienez, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du lan amaitua antolatzaileei bidaltzeko. Antolatzaileek eta epaimahaiak erabaki dezakete epe hori luzatzea, horretarako arrazoiak ikusiz gero, baina inoiz ez sei hilabete baino gehiago.

Lanaren jabetza egilearena izango da. Zabalkundea eta dibulgazioa helburu, Martin Ugalde kultur parkeak argitaratuko du idazlana edo ikus-entzunezkoa, gainerako deitzaileekin batera.

Deialdiaren oinarri guztiak osorik www.kulturparkea.eus webgunean aurki daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.