Azken urteetako ohitura bihurtu da: gazte kuadrillak gurdi batekin doaz, bakoitza bere erara apainduta, Zarauzko (Gipuzkoa) euskal jaia ospatzeko nahikoa edari eta janari hartuta. Kuadrilla horietako baten gurdian, honako hitz hauek: Kristoren martxa dabil. Hala dabil Gipuzkoako kostaldeko herria, goizean goizetik. Seraya Tamayo eta Anet Arregi gazteek azaldu dute Hatortxu Rock jaialditik ekarri dutela Kristoren martxa dabil esaldia. Fermin Muguruzak kontatuko lieke zerbait. «Urteko egunik bereziena da hau», esan du Tamayok. «Urte guztian egoten gara egun hau itxaroten, oso ondo pasatzen dugulako, berezi janzten garelako eta udari amaiera emateko egun aproposa delako». Arregiren eta Tamayoren argazki barregarri bana jarri dute gurdian. «Kanpora goaz ikastera, eta lagunekin pasatzeko azken egunak dira», gaineratu du Arregik.
Beste gurdi batean, Palestinako bandera daramate gazteek. Mutil ugari daude horietako baten bueltan, eta bozeramaile lanak Unai Artolak hartu ditu: «Protesta moduan jarri dugu Palestinako bandera. Iruditzen zaigu egoera hori ez dela polita inorentzat, eta etxetik ekarpen txiki bat egin badezakegu... Gertatzen ari denaren aurka baikaude».

Gazte taldeen gurdi asko supermerkatu handietatik hartuko zituzten ziur aski. Hain justu, Alproja antzerki taldeak Dena erosterik ez herri antzezlanean supermerkatu marka handien kritika egin du, umorea erabilita. Ana Galarraga zientzia dibulgatzailearen rola hartu du gazte batek, eta hark Pedro Migel Etxenike zientzialariari deitu dio. Robot xelebre batekin agertu da Etxenike. Haien asmoa da jakitea zergatik joan diren hiru galtzagorri patata saltzaile baten atzetik hipnotizatuta. Dendari txikiei egindako omenalditzat jo daiteke 2025eko antzezlana. Dendariekin hurbileko tratuak oxitozina hormona sorrarazten duela nabarmendu dute.Â

Gai gehiago ere landu dituzte antzezlanean; tartean, Munoan egin behar duten obra eta ingurumen krisialdia. Antzezlanaren hasieran, era berean, Ana Arruabarrena gogoratu dute, eta gaurkoa haren omenez oholtzaratu dutela adierazi. Antzezlanaren gidoian, umore jostalaria ez da falta izan: une batean, supermerkatu marka ezagunen kudeatzaileek promozio oso berezia egin dute; hain zuzen ere, esan dute euskarazko B titulua emango dietela berrehun euro baino gehiagoko erosketa egiten dutenei. «Ertzain asko etorriko zaizkigu», aipatu du pertsonaietako batek.
Herri antzezlanak zale ugari ditu. Horren garrantzia nabarmendu dute Goizane Aranak eta Iñigo Agirrek. Azken horrek 35 urte daramatza herri antzerkia ikusten: «Herriko jende askok parte hartzen du, eta oso giro ona sortzen da hemen». Aranak, bestalde, aipatu du euskal jaia udako garaiak pasatu ostean «herritarrekin elkartzeko eguntzat» hartzen duela.
Dantzatzen duen herri bat...
Festaz gozatzen ari diren herritar gehienak baserritar jantziarekin doaz. Ondo lisatutako arropak ikusten dira. Txakurrak ere baserritar zapiarekin doaz. Musikarik ez da falta kaleetan barna. Arantza Arruti zendu berriaren omenezko pankarta bat bada taloen postuaren alboan: «Arantxa, hire borroka beti loratuko dun gazteon memorian».
Txistulari talde batek geldialdia egin du. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ezagun egin duten kanta bat jotzeari ekin diote: Behin betiko. Kantatu ere egin dute: «Hasi etxetik eta kalera, hasi kaletik eta etxera, martxan jarri da lege berria: euskaraz Euskal Herrian...».

Musika plazan giroa sekulakoa da eguerdi partean, bazkal aurretik. Adin guztietako herritarrak daude han. Arrano tabernako Garazi Aristik nabarmendu du botila asko ari direla irekitzen goiz-goizetik. Dantzarako garaia iritsi da. Maialen Gerra gazteak dio «urteko egunik onena» dela gaurkoa: «Dantza egiten dugu. Ondo egiten dugun beste kontu bat da...».

Badira dantzarako prestatzen ari direnak. Pilar Herrero donostiarrak 73 urte ditu. Urteak daramatza Zarautzen bizitzen, eta duela hiru urte eman zuen izena euskal dantzak ikasteko. «Gero eta jende gehiago ikusten da plaza honetan dantzan, hilean behin. Berandu samar hasi naiz ni...». Baina inoiz ez da berandu. Gazteagoa da Ainhoa Egurbide, eta hura ere ari da dantzan. «Eguna luzatu egingo da. Baina dantzan dena emango dugu gauerdira arte». Dantzatzen duen herri bat ez da inoiz hilko.