«Non galtzen da Orio zure mapa galaktikoan? Dena prest dago: agurra, zalantza eta egia. Nabek piztu dira. Leku bat omen zuen mundu hartan, eta joan beharra dauka. Maite zaitut, eta dena esana dago».
Xabi Bandinik, Chica Sobresaltorekin batera, Zalantza eta egia abestian egiten duen bidaia musikalak Odol ilargia telesailaren atmosferarekin bat egiten du, haren izaera misteriotsu eta kosmikoan barrena. Ez da kasualitatea abestia telesailean behin baino gehiagotan agertzea. Melodiak eta abestiaren esentziak ezin hobeto harrapatzen dute telesailaren unibertso ilun, enigmatiko eta kosmikoa. Abesti hori, nolabait, telesailaren barruan bizi den beste pertsonaia bat ere bada.
Odol ilargia lanak drama, thriller ukituak eta fantasia uztartzen ditu, eta euskarazko telebistan orain arte gutxitan esploratutako lurralde batera eramango du ikuslea.
Gazteentzako da jatorrizko materiala, liburua, eta adin horretako kezkak eta zauriak enpatiaz jorratzen ditu. David R. Losadak eta Mikel Alvarez Sarriegik idatzitako gidoiak ere —Belen Martinezen Cuando reescribamos la historia eleberrian oinarritua— bide beretik egiten du aurrera. Gazteak dira xede nagusia, baina helduek ere aurkituko dituzte gozatzeko moduko pasarteak.
Izan ere, trauma baten ondoren geratzen den isiltasunaz hitz egiten du batez ere; esan ezin den horretaz, hitzetan jartzen zaila denaz. Baina Odol ilargia ez da gai bakar baten inguruan eraikitako istorioa. Geruzaz geruza zabaltzen da, eta azalean kontatzen duenaren azpian beste hainbat kontakizun ezkutatuko ditu.
2015ean eta 2025ean garatzen da istorioa. Denbora kontakizunaren parte da, iraganaren eta orainaren artean eraikitako zubia. Institutuko ikasle ohien festa batean, Julen bere ikaskide ohiekin elkartuko da. Gau horretan Ibai agertuko da, haurtzaroko lagun handia izandakoa. Duela hamar urte Ibaik zerbait larria egin zuen, baina ez du sekula gertatutakoaren inguruko azalpenik eman nahi izan. Iraganak berriro atea joko du, eta Julenen eta Ibairen arteko harremana aldatuko duten gertaerak kateatuko dira. Eta orduan iritsiko da telesailaren elementurik harrigarriena: odol ilargiaren pean, Julenek iraganera bidaiatzeko ahalmena izango du, eta gertatutakoa aldatzen ahaleginduko da.
Pertsonaia ugari biltzen dituen arren, Julen eta Ibai dira istorioaren bihotza. Haien arteko harremanak eusten dio trama nagusiari, eta bien arteko lotura da telesailaren korapilo emozional nagusia. Inguruan, ordea, beste istorio eta azpitrama batzuk badira, kontakizunari sakontasuna eta testura ematen diotenak.
Festaren lehen eszenatik bertatik, gazteen gatazkak eta tirabirak mahai gainean jarri eta telesailaren atmosfera trinko eta berezian murgilduta, Euphoria eta Dark etortzen dira gogora. Ez dira, inondik ere, erreferentzia horien kopia edo isla zuzena —aldeak handiak dira, eta proposamen bakoitzak bere ezaugarriak ditu—, baina telesail horien oihartzun txikiak sumatzen dira hemen eta han: gaztetasunaren zauriak, misterioaren itzala, denboraren haustura eta errealitatearen eta fantasiaren arteko muga. Oso urrunetik bada ere, izenburu horien printzak agertzen dira telesailean.
Hasieran apur bat kostatuko zaio ikusleari Odol ilargia-ren unibertsoarekin guztiz konektatzea. Tonua, elkarrizketak, pertsonaien arteko harremanak eta istorioaren arauak ez dira lehen minutuetan erabat gardenak. Baina ez da komeni amore ematea. Atalak aurrera joan ahala, hasieran bitxiak diruditen egoerak beren tokia aurkituko dute. David R. Losadak eta Mikel Alvarez Sarriegik sinatutako gidoiak hariak bikainki lotzen ditu, eta kontakizunak koherentzia narratiboa eta formala irabaziko du.
Aktore taldeak arreta merezi du. Zinez eskertzekoa da aurpegi berriak pantaila txikira ekartzea; freskotasuna eta berezko energia ematen diote kontakizunari. Aktore gazteek nortasuna eta ñabardurak eransten dizkiete beren pertsonaiei, eta, interpretazio guztiak maila berean ez dauden arren, etorkizunerako interesgarria den aktore zerrenda oparitu digu telesailak.
Odol ilargia-k baditu ahuleziak. Zenbait pasartetan erritmoak behera egiten du. Beste batzuetan, aurrekontuaren mugak agerian geratzen dira. Eta ez dira beti telesailaren baliabide teknikoak haren anbizioaren mailara iristen.
Baina amaiera iristen denean, hasierako elementu askok beste esanahi bat hartzen dute, eta telesailaren izaera bereziak guztia bereganatuko du.
Gazteen zauriez, traumez eta bigarren aukerez hitz egiten duen telesail zinez gomendagarria da.
Melodien arteko unibertsoa
Telesailaren beste arrakasta handietako bat musika da. Lehenik eta behin, abesti zerrendaren aukeraketagatik; euskal musikazaleentzat, benetako goxokia da. Belakoren keinua, esaterako, dibertigarria bezain esanguratsua da; eta Xabi Bandiniren Zalantza eta egia-ren erabilerak telesailaren une batzuk beste dimentsio batera eramaten ditu.
Baina musikaren indarra ez dago soilik aukeratutako abestietan. Elena Setienen eta Rudigerren musikaren erabilera da nabarmentzekoa. Tarteka, Stranger Things-en tankerako ukitu sintetikoak ageri dira, 80ko hamarkadako oihartzuna dutela. Melodiek pertsonaien ekintzekin, haien barne mugimenduekin, arku dramatikoarekin eta hainbat gertaerarekin batera egiten dute aurrera. Zenbaitetan, elkarrizketek esaten ez dutena esaten du soinuak; beste batzuetan, tentsioa areagotu edo oroitzapen baten atea irekitzen du.
'odol ilargia'
- Sortzailea. David R. Losada.
- Herrialdea. Euskal Herria.
- Urtea. 2026.
- Data. Jon Muñoz, Aritz Kortabarria, Nekane Otxoa, Sambou Diaby, Itziar de Castro, Lier Alava, Asier Valdestilla, Mikele Arizkorreta, Nerea Sanz, Iñigo Aranburu, Iraia Elias eta Aitor Borobia...
- Non ikusi. Primeran-en.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Drama, thrillerra, fantasia.