Jaiak. Iruñeko sanferminak

1978ko sanferminetako sarraskia oroitu dute urteroko omenaldian

Rozalenek, Erramun Martikorenak eta Fermin Balentziak abestu dute. German Rodriguez eta beste biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte

Dantzaria aurreskua dantzatzen, Orreaga Etorbidean, German Rodriguez hilarri aurrean, hil zuteneko tokian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñea
2025eko uztailaren 8a
20:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Ehunka pertsona bildu dira 13:00etan Orreaga etorbidean, 47 urtez gertatu den bezala. Erdian, German Rodriguezen omenez egindako hilarria. Ekitaldian, aldarrikapen politikoak egin dituzte, eta musikariek hunkidura eragin dute. Bertsoak ere izan dira, lore eskaintza egin dute, eta aurreskua ere dantzatu dute.

47 urte igaro dira Espainiako Poliziak German Rodriguez tiroz hil zuenetik. Ekitaldia memoria ariketa bat da, bertsio ofizialak ahanztura sustatu nahi izan baitzuen hasieratik. 1978ko uztailaren 8ko zezenketa amaitzear zela, amnistiaren aldeko pankarta zabaldu ondoren, Polizia tiroka sartu zen plazan, oso bortitz sartu ere, ke-poto, gomazko pilota eta balekin.

Gero, plazatik kanpo, oldarraldi haren aurka egin zuten manifestariei egin zien tiro berriz, suzko balekin. Polizietako batek Rodriguez hil zuen. Auzia hasieran ireki bazuten ere, gerora artxibatu egin zen. Ondorengo egunean, Donostian, poliziek tiroz hil zuten Joseba Barandiaran, San Bartolome kalean. Haiek izan ziren egun haietako biktima nagusiak, baina askok Iruñearen aurkako eraso bat izan zela salatu izan dute betidanik. 150 zauritu eragin zituzten, horietako 11 balaz. 

Peio Ardaizen bertsoek hasi dute omenaldia: «Zigorgabetasuna ez da amaitu/ baina hau ez da notizia». Eszenatoki aurrean dagoen pankarta gorriak erakusten duen bezala, 1978ko estatu krimena oraindik oso presente dago. Horregatik, aurtengo leloa Zigorgabetasun gehiagorik ez! izan da. Omenaldian gogora ekarri dute duela 47 urte sanferminetan izandako sarraskiak auzitan jartzen duela trantsizioaren izaera demokratikoa, zigorgabetasuna izan zelako nagusi. Horregatik, egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu dituzte beste behin.

Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu dute, emozio handiko hitzaldian: «Egia osoa nahi dugu, ez puska bat. Justizia eskatu behar dugu, eta orain erreklamatzen dugu. Erreparazio osoa eta ez suzedaneoa». Horrez gain, aurtengoan Palestinako banderak oso presente izan dira ekitaldian. Israel Palestinan egiten ari den krimenak salatzeko tarte bat hartu dute: «Gaur ezezko irmo batekin manifestatzen gara armamentuen gastu igoeraren aurrean. Gerrari ez!».

German Rodriguezen omenaldia, Rozalen, Fermin Balentzia eta Erramun Martikorena. IDOIA ZABALETA / FOKU
German Rodriguezen omenaldia, Rozalen, Fermin Balentzia eta Erramun Martikorena. IDOIA ZABALETA / FOKU

Aurtengoan, abeslariek eman diote ukitu berezia. Rozalenek gauean emango du kontzertua, baina ez du omenaldia galdu nahi izan. «Duela aste batzuk elkarte memorialistekin egon nintzen, eta haiek azaldu didate historia guztia eta zein garrantzitsua den babes ematea. Ez dugu galdu nahi izan». Haren aitonaren anaia 1936ko gerran fusilatu zuten, eta haren omenezko kanta abestu du, auziarekin lotura eginez.

Fermin Balentziak German Rodriguez oroitzeko Hilarria kantatu du. Azkenik, Erramun Martikorenak Xalbadorren heriotzean abestu du, baina kantuaren hitzak moldatuz eta Iruñeko gertakarietara egokituz.                                                                         

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.