Euskaldunak dantzari traketsak direla esan ohi da, eta aldaka mugitzea kostatzen zaiela. Dena den, ez dira gutxi doinu jakin batzuk entzutean hankak alde batera eta bestera mugitu eta besoak goratzen dituztenak. Badirudi nahi gabe ateratzen zaizkiela pausoak, inprobisatuak direla, baina koreografia horiek euskal kulturaren ondare dira, eta, nola edo hala, euskaldun gehienek dantzatzen dituzte.
Ondarea zabaltzeko, mantentzeko eta berreskuratzeko helburuz, Euskal Herriko Dantzari Eguna ospatuko dute Zizur Nagusian (Nafarroa), larunbatean. Euskal Herriko zein diasporako dantza taldeak elkartuko dira. EDB Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen du topaketa, eta, Xabier Mendizabal biltzarreko lehendakariak adierazi duenez, «festa giroa» espero dute.
EDB diru irabazi-asmorik gabeko elkarte soziokulturala da. 1965ean sortu zuten, eta Mendizabalek gogora ekarri ditu biltzarraren lehen pausoak: «Hasiera gogorra izan zen, bereziki garai hartan euskal kulturaren inguruan ezarritako debekuengatik». Dena den, Euskal Herriko kultur sarerik zabalena da gaur egun, 20.000 dantzari eta 1.000 musikari batzen baititu.Â
Gorputzen mugimendu bateratuak
Festa 11:00etan hasiko da, Erreniega parkean folklore azoka eginda, baina eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat 17:30ean izango da: dantzarien emanaldi nagusia. Aurten, 51 dantza taldek hartuko dute parte, eta denak batera abiatuko dira parkerantz, kalejira erraldoi bat osatuz. Elkarrekin dantzatuko dute lehenengo dantza: Agintariena. Gainerako emanaldiak probintziaka antolatu dituzte.Â
Bizkaitarrak izango dira lehenak. Zortzinango dantzako txistuen eta danbolinaren doinuekin ekingo diote ikuskizunari, eta Txotxongilo izeneko dantzan hankak altxatzen amaituko dute; tartean, beste bi dantza egingo dituzte: ezpata joko txikia eta makil jokoa.
Arabarrak San Isidro dantzarekin sartuko dira parkera, eta jarraian jota la perra, pingajo eta Arrastariko entradillak dantzatuko dituzte. Entradillak maiatzaren 9an dantzatu ohi dizkiote ama birjinari Arrastaria ibarreko Antioko ermitan.
Giroa alaituko dute Lapurdiko dantza taldeek kaskarot martxako festa doinuekin eta makil ttiki berriaren folklorearekin. Koreografia horiez gain, beste bi osatuko dituzte: Antxoriz mutxikoa eta Betteluren fandangoa.
Gipuzkoarrak ere izango dira Euskal Herriko Dantzari Egunean. Eibarko konpartsa (agurra), ormalutxo, makil handi eta jorrai dantzak egingo dituzte. Mendizabal, EDBko idazkaria izateaz gain, biltzarreko Gipuzkoako lehendakaria ere bada, eta dantzak «konpartsez, makil jokoez eta soinu zaharrez» osatuak daudela dio.  Â
Egun osoa dantzan
Nafarroa Beherekoen txanda iritsiko da gero. Martxaren doinuek hartuko dute parkea, eta, ondoren, bertako gabotaren musika alaiarekin hasiko dira gorputza mugitzen. Beste hiru dantza ikuskizun egingo dituzte: euskaldunak, sorginak eta soka dantza.Â
Iparraldekoekin jarraituz, Zuberoak ere izango du protagonismoa Zizur Nagusian. Tokiko jaiak goraipatuko dituzte, maskarada neguko inauteri tradizionaleko doinuak dantzatuz. Barrikada harrera dantzarekin hasiko dute ikuskizuna, ostalertsa jauzi dantzarekin jarraitu, eta bukaeran godalet dantzatuko dute ardoz beteriko edalontzi baten inguruan.Â
Plazara irteten azkenak Nafarroako dantza taldeak izango dira. Lizarran jatorria duten korrontxo eta desmayo dantzak egingo dituzte. Korrontxo karrika dantza bat da, eta gaiteroen musika du oinarri. Desmayo, aldiz, ezaguna da bere zailtasun teknikoengatik.Â
Emanaldi nagusia bukatu arren, dantzan jarraitzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, 22:30ean erromeria hasiko baita. Dena den, koreografiak ahalik eta hobekien egiteko, 21:30ean tripa betetzeko afaria egingo dute.Â