Bilboko Aste Nagusia

Zelatarien zelatan dabiltzanak

Ehunka pertsona elkartu ditu Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariek Bilbon egindako saioak

Txupineraren auzia eta Auzitegi Nazionalak jarritako zelatariak izan dituzte hizpide Egañak eta Lujanbiok Bilbon. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Festek iraun bitartean, ziurra izaten da hitzordua Done Jakue plazan. Eguerdiro, tarte batez, errimatu egiten dute Bilboko Aste Nagusiak eta bertsolaritzak. Eta horixe gertatu zen atzo ere. Bete egin zuen enparantza Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariek bertan eskainitako saioak. Aurrez ere bertan arituak ziren biak ala biak, eta ezaguna zuten giroa. Lujanbiok ongi deskribatu zuen txoko horren zeregina, agur gisa botatako lehen bertsoetariko batean: «Pentsa Bilboko festetan, zenbat ekintza genero;gaur e(re) manifa, trikitilari, ta txistulariak gero; halere, plaza bete egiten da, egunero-egunero».

Librean aritu ziren bi bertsolariak. Eta gai-jartzailerik gabe, gaurkotasunak jarrizien gaia. Plazari, agertokiari eta eskuetan zituzten ur botilei bertso sorta bat eskaini ostean, berehala atera zen aurten txupineraren kontura izandako polemika. Egaña: «Txupineraren asunto hori, ipini da itsusia; Carlos Urkijok nahastu nahi zuen, nahastu zitekeen guztia; halere jaien hasiera izan zen, herrikoia ta bizia; zeinen ederki moldatu duten, txupineraren auzia». Lujanbiok ere ildo beretik bota zuen hurrengoa: «Carlos Urkijok berak dauka delitua; ingurukoen poza, ezin sufritua». Eta osatu egin zuen ideia bertso batzuren ondoren. «Audientzia Nazionalaz, umoretsu gabiltz; parregarri litzake, negargarri ez balitz».

Gaia arantzatsua izanik ere, asmatu zuten umorera jotzen Euskal Herriko azken bi txapeldunek. Dignidad y Justicia elkartearen salaketa baten ondorioz Poliziak Bilboko konpartsen ekitaldi guztiak zelatatuko dituela eta, ezkutuko polizia bila hasi ziren publiko artean. Zelatariaren zelatan. Adarjotzaile Egaña: «Plaza betea dago, Maialen kuttuna; zu beti izan zara, neska radarduna; zure ustetan zein da, grabatzen gaituna?». Argazki kamera batekin zebilen neska bat izango ote zen egin zuten lehenik zalantza, baina nabarmenegia iruditu, eta hobeki kamuflatutako bati erreparatu zion Egañak azkenean: atorra koadroduna eta txapela zituen gizon edadetu bat. Eta Lujanbiok eutsi egin zion lagunaren bideari:

Ta begiratzen digu

hain modu eztian,

bere ator koadrodun

ta planta guztian.

Euskaldun tipiko bat,

nola argazkian,

baina nola espiak

hain txarrak eztian,

grabagailua dauka

txapelan azpian.

Jendeak gogotik egin zuen txalo Egañaren eta Lujanbioren jardunarekin.

Txapelketa buruan

Abenduaren 15ean jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta hori ere izan zuten mintzagai. Eta elkar zirikatzen aritu ziren gaur egungo txapelduna eta aurten lehiatzeko asmorik ez duen txapeldun ohia. «Palkotik plazari begira» irudikatu zuen Lujanbiok Egaña. Eta Zarauzkoak erantzun, oholtzan ez egonagatik ere sufritu egingo duela aitortuz:

Igual palkoan egon ninteke

eta palkoko errege,

ta igual aulki tartean

bertso entzuleen pare.

Sinpatikoa beti izannaiz

harremanerako trebe

enpatikoa ere banauzu

besteena eginaz neure.

Zuek sufritzen ikusi eta

sufrituko dut neuk ere.

Lujanbiok, Egañak esandakori segika, irudia biribiltzera jo zuen hurrengo bertsoan: «Zortzi orduko saio batean, a zer nolako trotea; zenbait bertso on eta zenbait kaskar, aldatzen zela botea; espiarikan finena baino, okerrago ez ote da; Andoni Egaña jende artean, kamuflauta egotea?». Jon Maia, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Angel Mari Peñagarikano ariko dira gaur Done Jakue plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA