Zelulen eta tintaren arteko borroka

Tatuajeek osasunean duten eragina ikertu du Suitzako ikertalde batek. Tatuajeetako tintaren toxikotasun maila eta immunitate sistemaren erantzuna aztertu dituzte.

Tatuatzaile bat lanean, bezero baten besoa tatuatzen. LUIS GANDARILLAS / EFE
Tatuatzaile bat lanean, bezero baten besoa tatuatzen. LUIS GANDARILLAS / EFE
itsaso jauregi 2
2026ko martxoaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txikiak, handiak, koloretsuak, irudiak, letrak, itzalekin, itzalik gabe... benetako artelanak ere izan daitezke tatuajeak. Ez dira gaur egungo moda; orain dela 5.200 urteko momiatan ere aurkitu dituzte tatuajeen zantzuak. James Cook kapitain britainiarrak ontzian ekarri zuen tatuaje hitza, Polinesia aldean bueltatxo bat eman ondoren: hark ikusi zuen Tahiti aldean bertakoek azalean marrazkiak egiten zituztela eta tatau esaten zietela. Gaur egun, tinta gero eta gehiago hedatzen ari da azaletan barna; izan ere, munduko populazioaren heren batek baino gehiagok gutxienez tatuaje bat du, PNAS aldizkarian Biomedikuntza Ikerketako Suitzako Institutuko ikertaldeak argitaratutako lan baten arabera: Tattoo ink induces inflammation in the draining lymph node and alters the immune response to vaccination (Tatuajeen tintak hantura eragiten du gongoil linfatikoan, eta aldatu egiten du txertoek eragindako erantzun immunitarioa).

Larruazalak hiru geruza ditu: epidermisa, dermisa eta hipodermisa. Kanpoko geruza, epidermisa, oso azkar berriztatzen da; ondorioz, ez luke zentzurik izango geruza horretan tatuaje bat egiteak, ez behintzat tatuaje hori luzerako edo betirako eduki nahi bada azalean. Geruza horren azpian dermisa dago, eta bertan odol hodi txikiak, hodi linfatikoak, nerbio zuntzak eta immunitate sistemako hainbat zelula daude, besteak beste. Baina garrantzitsuena da geruza horretan ez dela berrikuntza handirik egoten. Dermisaren azpian hipodermisa dago, larruazalaren geruza sakonagoa, eta babes termikoa ematen du. Irati Guarretxena tatuatzailea duela sei urte hasi zen azalak apaintzen, eta harrezkeroztik dermisa izan du jomuga: «Tinta epidermisean uzten badugu, azala birsortzen den heinean tinta atera egingo da. Hipodermisean sartzen bada, baliteke tinta mugitzea. Beraz, oso garrantzitsua da tatuajea dermisean geratzea».

Tatuajea «zauri kontrolatu» bat dela dio Guarretxenak, eta horregatik kontrolatu behar da tatuajea zer sakoneran egiten den. Epidermisa une oro berriztatzen da; azpialdeko geruzan zelula amak daude, eta epidermisaren goialdeko geruzetan dauden zelulak hil ahala, azpitik datozen berriek ordezkatzen dituzte. Hortaz, ez luke zentzurik izango tatuaje bat bertan egiteak, baldin eta asmoa bizi guztirako irautea bada behintzat. Tatuaje iraunkorrak dermisean txertatzen dira, geruza hori ez delako epidermisa adina berriztatzen, tatuatzailearen hitzetan: «Gaur egun intuitiboki egiten ditut dermisean, baina egia da azal bakoitza desberdina dela, eta aldatu egiten da gorputzeko atal batetik bestera. Hezurretik gertu dauden guneetan dermisa gorago dago, eta orratza gutxiago sartu behar da».

«Tinta epidermisean uzten badugu, azala birsortzen den heinean tinta atera egingo da. Hipodermisean sartzen bada, baliteke tinta mugitzea. Beraz, oso garrantzitsua da tatuajea dermisean geratzea» 

IRATI GUARRETXENA Tatuatzailea

Iker Badiola mediku, EHUko irakasle eta Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak gaiaren inguruan idatzi du Zientzia kaiera-n argitaratutako Tatuajeen eragina immunitate sisteman testuan. Bertan azaltzen duenez, tatuajeen tinta dermisean txertatzen denean, gorputzeko immunitate sistemako zelulak —batez ere makrofagoak— tinta hori deuseztatzen ahalegintzen dira, mehatxu bat balitz bezala. «Gorputzeko hainbat organotan daude makrofago izeneko zelulak, eta kanpotik sartzen diren gauza arrotzei aurre egiten diete, horretan espezializatu dira», argitu du Badiolak.

Tintaren bidea

Makrofagoak gorputzeko garbitzaileak dira, beraz. Tinta eraso gisa ikusten dute makrofagoek, eta hura desagerrarazteko ahalegina egiten dute. Nahiz eta tinta irentsi, ez dira gai tinta hori deuseztatzeko, eta hil egiten dira. Hil ondoren, beste makrofago batek irensten du tinta, eta hainbat aldiz errepikatzen da prozesu hori. «Ezin dute tinta irentsi, metalak dituelako. Badaude osagai batzuk gure zelulak ez direnak gai deuseztatzeko», azaldu du ikerlariak. Prozesua errepikatzeak hantura eragiten du.

Makrofagoetan etengabe gertatzen den guda hori immunitate sistemako beste guneetara zabaltzen da. Dermisean hodi linfatikoak ere badaude, eta horien eginkizuna zelulen artean dauden eta sistema kardiobaskularrak jasotzen ez dituen likidoak eta substantziak jasotzea da. «Zelulen arteko likidoa hartzen dute, eta bertan hainbat sustantzia gelditzen dira; horien artean badago tinta», gehitu du ikerlariak. Sistema linfatikoko hodietan gongoil linfatikoak agertzen dira tarteka. Gongoil linfatiko horiek organo txiki batzuk dira, eta ordainlekuekin konparatu ditu Badiolak: autobidean tarteka izaten diren kontrolguneak bezalakoak dira, hain zuzen ere. Immunitate sistemako zelulek ilara bat eratzen dute kontrola pasatzeko. Gongoiletan substantzia arrotzen bat detektatzen bada, bertan dauden immunitate sistemako zelulek erreakzionatu egiten dute substantzia hori deuseztatzeko.

Oraingoan, Biomedikuntza Ikerketako Suitzako Institutua ikertaldeak tatuajeetako tintak gongoiletan duen eragina deskribatu du. «Duela zazpi urte bagenekien makrofago horiek tinta irensten zutela eta, ezin zutenez lortu, hiltzen zirela. Bagenekien beste makrofago batek jaten zuela orduan tinta hori. Oraingoan, immunitate sistemako beste egitura batzuk ikertu dituzte», adierazi du irakasleak. Immunitate sistemako zelulak etengabe ahalegintzen dira tintari aurre egiten, baina ez dute arrakastarik izaten. Baina, ikerketan ondorioztatu dutenez, erreakzioa are handiagoa da gongoiletan dermisean baino, eta ikusi dute tintak hantura kronikoa eragin dezakeela.

«Etengabe ari bagara ariketa bat egiten eta ez badugu atsedenik hartzen, ahitu egiten gara, eta immunitate sistemari ere hori gerta dakioke» 

IKER BADIOLA Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria

Tintari aurre egitean haien erantzuna aktibatzen da, erantzun immune bat sortzen dute, eta horrek hantura dakar, ikerlariak argitu duenez: «Hantura kroniko txiki bat eratzen du. Ez da izugarria, ez da beste antigeno batzuekin izan daitekeen erreakzioa bezain handia, baina denbora igaro ahala areagotzen doan etengabeko hantura da». Tatuajeen tintaren toxikotasuna ebaluatzeko gehien erabiltzen diren hiru koloreetan oinarritu dira ikerketa egiteko: beltza, gorria eta berdea. Hau izan da ikerketako aurkikuntza garrantzitsuenetako bat: ikusi dute tinta gongoiletan pilatzen dela eta immunitate sistemako zelulei lotuta egoten dela urteetan zehar; tintak zelula horiek hiltzen ditu, eta hanturak erreakzio kronikoa eragiten du, eta kalte egiten dio immunitate sistemaren funtzionamendu egokiari.

Ikerketan aipatu dute hantura kronikoak gaixotasun autoimmuneak edota minbizia sor ditzakeela luzera begira, baina Badiolak ondorio orokortu horiek ateratzearen arriskua azpimarratu du: «Lotura zuzena egitea arriskutsua da. Ez du esan nahi hantura kronikoaren ondorioz pertsona batek minbizia izango duela, baina egoera horrek arriskuak handitu ditzake». Ikerlariak adierazi du kausalitatea ez dela frogatu oraindik, eta zuhurtziaz jokatzeko beharra nabarmendu du: «Hurrengo pausoa zera izan daiteke, ikerketa estatistikoak egitea, ikusteko ea baden nolabaiteko loturarik tatuajeen eta gaixotasunen artean. Horrek sostengua emango lioke biologikoki ikusi dutenari».

Modaz harago

Hantura kronikoaren beste efektu bat zelulen ahitzea da. Immunitate sistemako zelulak etengabe lanean ari badira, baliteke zelula horiek ahitzea beren helburua lortu gabe, eta horrek eragina izan dezake immunitate sistemaren funtzionamenduan. «Etengabe ari bagara ariketa bat egiten eta ez badugu atsedenik hartzen, ahitu egiten gara, eta immunitate sistemari ere hori gerta dakioke», azaldu du ikerlariak. Immunitate sistema ahitu batek gaitasun txikiagoa du gaixotasunei aurre egiteko, eta txertoak ere ez dira hain eraginkorrak.

Ikerlariak azaldu duenez, tatuajeen tamainak ere badu eragina efektu horretan; hau da, tatuaje handiek erantzun handiagoa eragiten dute immunitate sisteman txikiek baino. «Tatuatutako zatia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da gorputzean injektatutako tinta kantitatea, eta, beraz, ondorioak okerragoak izan daitezke». Beraz, badirudi arriskua handitu egiten dela tatuajearen tamaina handitzen denean.

James Cook marinelak tatuaje hitza ekarri zuenean, tatuajeak marinelen kontua izan ziren nagusiki, eta ospe hori oraindik mantendu dutela adierazi du tatuatzaileak: «Ezjakintasun izugarria izan da tatuajeei dagokienez. Zikintzat jo izan dira, legez kanpokotzat, baina herrialde askotan tradizio handia dute». Denboran irauteko sortu zuten tinta, eta ezaugarri horrek eragiten du zelulek haren kontra egitea. Etengabeko eraso horretan, immunitate sistema ahuldu egiten da, baina fenomeno horren inguruan sakontzen jarraituko dute ikerlariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA