Begiratu ongi. Badu zerbait iratzeak. Erakarpen hipnotiko bat bere formetan eta kiribiletan: oroimenaren geometriak, paisaiaren kartografiak eta simetriaren asimetriak. Begiratu ongi. Badu zerbait iratzeak. Denboraren joana eta iraupena landare berean. Zianotipia urdin bat Anna Atkinsen liburu batean. «Iñistorra gauza sagradua zan», esan du Akatxurain baserriko Joxe Mari Artolak Iñistorketan liburuan. Begiratu ongi. Badu zerbait iratzeak. Kultura bihurtutako paisaia bat landare batean. Ondare bihurtutako memoria bat hosto artean.
Eta Urumearen ibarrekoa jaso dute Iñaki Sanz-Azkuek, Josu Narbartek, Suberri Matelok eta Maite Errartek Iñistorketan liburuan. Iñistorra esaten baitiote inguru hartan iratzeari, irari edo garoari. Haren ezaugarri biologikoak azaldu dituzte, eta haren aprobetxamenduak eragindako antolaketa historikoak: herri lurrak, zilegimendiak, loteak, eta harrapazka egunak. Zerrendak, zozketak, enkanteak eta gatazkak. «Basozainak tiroa bota, eta hasi da jendea iñistorketan harrapazka». Ez dira, ordea, iñistorzale bakarrak.
«Iratze tokiak sortzean, gure paisaia kulturalaren mosaikoak sortu dira»

Iñistorketan liburuaren egileetako bat da Sanz-Azkue, 2015ean gai horri buruz argitaratu zuen artikulu bat dago horren guztiaren oinarrian, eta urte askotako lana ere bai atzean —atzo iluntzean aurkeztu zuten liburua Ereñotzun (Hernani, Gipuzkoa)—. Biologo baten begirada da harena: «Historian zehar, iñistorraren beharrak iñistor tokiak sortzeko eta mantentzeko beharra eragin du. Iratzea behar bazen, iratze lekuak sortu behar ziren. Izan ere, garoa naturalki sortzen da erre berri den edo soildua gertatu den eremu batean edo basopean, baina garoaren presentzia ekosistemaren aldaketa prozesuaren etapa bat da, eta, pixkanaka, garoaren atzetik etorriko dira oteak, laharrak, ondoren zuhaixkak, eta, amaitzeko, basoa».
Beraz, iratze lekuak urtero izateko, horiek mantendu egin behar ziren, Sanz-Azkuek adierazi duenez. «Garoa behar izan den leku askotan, iñistor tokiak sortu dira, Hernanin egin zen moduan. Otea, zakarra, txilarra eta beste mota bateko landaredia zegoen tokian, garo tokiak sortu eta horiek urtero gorritan moztu behar ziren, garo tokia osasuntsu egon zedin». Habitat berezi baten banaketa handitu egin zen horren eraginez, eta paisaia bat sortu: «Iratze tokiak sortzean, gure paisaia kulturalean paisaia mosaikoak sortu dira askotan, basoak eta iratze tokiak, otadiak eta abar konbinatuz. Gaur egun, homogeneizatzen ari da paisaia hori».
«Mendia, herri lurrak eta iratzea kudeatzeko moduak aztertu ditugu»

Liburuaren beste egileetako bat da Josu Narbarte. Arkeologo batena da haren begirada: «Biologoaren begietatik, iratze toki bat trantsizio eremu bat da. Sanz-Azkuek esaten du: ‘Baso bat degradatzen denean, kolonizatzaileen artean iratzea dago. Beraz, iratze leku bat lehendabiziko urratsa da kolonizazio prozesu batean, baso baten berreskuratze prozesuan'. Nik, arkeologo gisa, esaten diot: ‘Bai, gizakirik gabeko mundu batean, bai. Baina gizakiak dauden mundu batean, iratze toki bat izan liteke espazio kudeatu bat ere. Eta hori paisaia kultural mota bat da'».
Erdi Aroaz geroztik erabili izan da iratzea Euskal Herrian. Baina XVI. mendearen amaieran eta XVII.aren hasieran gertatu zen «iraultza»: Ameriketako produktuak hasi ziren iristen. «Batez ere, artoa sartzeak eragin zuen ordura arte nekazaritzarako erabiltzen ez ziren hainbat eremu erabiltzen hastea, eta nekazaritza askoz ere intentsiboagoa bihurtzea. Erritmo horri eutsi ahal izateko, geroz eta ongarri gehiago behar zen, eta geroz eta iratze gehiago. Populazioak gora egin zuen, elikagai gehiago ekoizteko gai baitziren. Eta iratzea ezinbesteko bihurtu zen erritmo horri eutsi ahal izateko».
Eta hori guztia arautu behar. «Ordura arte modu jasangarrian ustiatzen zen baliabide bat preziatuagoa bihurtu zen bat-batean, eta eskasagoa; hori dela eta, jende gehiago hasi zen lehiatzen baliabide hori lortzeko. Gatazka gehiago sortu ziren, beraz, eta kudeaketa eredu berriak: mendia eta mendiko paisaia antolatzeko eredu berriak. Horixe aztertu dugu liburuan: XIX. mendean mendia, herri lurrak eta iratzea kudeatzeko moduak nola aldatu ziren eta nola sortu zen paisaia berri bat horien inguruan».
«Atkinsek Ingalaterrako iñistorrekin egin zuen hori bera egin dugu Akolakoekin»

Liburuaren azala berezia da, eta badu istorio bat atzean, Nagore Legarreta egileak kontatua: «Sanz-Azkuek sakelako mezu baten bidez bidali zidan Anna Atkinsen irudi ikonikoa, eta ezagutzen ote nuen galdetu. Argazkilaritzari oso lotuta dago irudi hori. Hura agertzen den liburua izan baitzen historiako lehen argazkilaritza liburua, eta zianotipia izeneko teknikarekin baitago egina. Eta galdetu zidan ea nik halakorik egiten ba ote nekien. Esan nion justu teknika hori ari nintzela lantzen. Eta proposatu zidan Anna Atkinsek bere garaian egin zuen irudi hori, berak Ingalaterrako iñistorrekin egindako irudi hori, Akola inguruko iñistorrekin egitea. Ni garai batean Akola inguruan bizi izan nintzen, ezagutzen nuen tokia... eta holaxe hasi zen bidea». Eta irudi hori egiteaz gain, Anna Atkinsek egindako bidaia dokumentatu du.
Zianotipia prozesu kimiko bat da. «Argazkilaritzarekin lotuta dago, argia baita prozesu hori aktibatzen duena. Irudiak sortzeko prozesu alternatibo bat da, kamerarik erabili gabe egiten dena. Prozesu oso zuzena da: fisikoa. Konposaketa kimiko bat egiten da, likidoa dena, eta likido hori onar dezakeen edozein gainazaletara botatzen da: papera, oihala, harria... Gainazal horren gainean zenbait elementu jartzen dira, eta eguzkitara eramanez, nolabaiteko formak, irudiak eta itzalak sortzen dira».Iñistorra landare «berezia» begitantzen zaio Legarretari ere. «Orain arte ez gara konturatu zer balio zeukan. Iratzez inguratuta bizi izan gara beti. Nik zortea izan dut, eta baserrian zertxobait ezagutzeko aukera izan: ukuiluan, metatuta... Gure inguruan egon izan da beti. Eta ikusita gure gizartea nola ari den eraldatzen, iñistorra izan liteke horren sinbolo bat: garai baten aldaketa; aldaketa horren sinboloa. Prozesu horiek guztiek modua ematen dute kontziente izateko, sentimendu hori nondik datorren jakin eta finkatzeko».
«Oso estetikoa da, eta forma erakargarriak ditu fase guztietan»

Jarraitzaile andana du iratzeak. Geroz eta jende gehiagok tatuatzen du azalean. Irati Guarretxena Titare Tattooko tatuatzaileak badu horren berri: «Naturarekin harreman estua dutelako eskatzen didate gehienek. Baldintzarik berezienetan ere hazteko gai delako: inguru hezeetan, itzaletan, zaindu gabeko belazeetan... Indarraren eta erresistentziaren ikuspuntutik, nahiko identifikatuta sentitzen dira».
Gauza bat du argi: «Oso estetikoa da. Fase bat baino gehiago ditu, eta irudi eta forma ezberdinak eta erakargarriak fase bakoitzean: itxita dagoenean, kiribildua; irekia dagoenean, askoz zabalagoa. Oso polita begitantzen zaie bezeroei». Baita Guarretxenari berari ere: «Elementu natural bat denez, eta forma horiek guztiak hartzen dituenez, aukera zabala ematen dit iratzeak. Oso egokia da gorputzera moldatzeko. Gustatzen zait diseinu horrek zentzua izatea gorputzean. Irudiaren eta gorputzaren arteko dantza moduko bat izatea. Eta joko horretarako oso erraza egiten zait iratzea. Kiribildua dagoenean, adibidez, sorbalda partean jartzeko. Zabaldua dagoenean, besoan. Eta joan den astean esku baten gainean jarri nuen, forma konkortu horrekin, atzamarren segida moduan. Oso-oso moldagarria da».
Eta Guarretxenari berari oso «kuriosoa» egiten zaion beste datu bat: «Batere tatuajerik ez dutenek eta lehen tatuajea egin nahi dutenek askoz errazago aukeratzen dute elementu natural bat. Hosto bat, lore bat, iratze hosto bat, tximeleta bat... naturarekin zerikusia duen elementuren bat. Askoz modu naturalagoan ikusten dute euren azalean, objektu iraunkor bat baino. Erreminta bat edo croissant bat baino».
Azken hausnarketa: «Tatuaje bat betirako gelditzen zaigu azalean. Eta landareak, loreak, iratzeak, elementu efimeroak dira. Joko hori oso polita da: elementu efimero bat hartu, eta betirako uztea zure azalean. Eta horren ederrak dira!».
«Iñistorrak eta askotariko hosto eta landareak bildu izan ditut txikitatik»

Iñistorrak elastikoetan, iñistorrak jertseetan, eta iñistorrak zorroetan. Marina Torres Itzal proiektuaren arduradunak ere badu iratzearen berri: «Iñistorrak bakarrik ez, askotariko hosto eta landareak bildu izan ditut oso txikitatik, aitarekin. Liburuen orrialdeen artean sartzen nituen hosto bitxiak eta ez bitxiak, eta lehortzen utzi, kartulinetan itsatsi...». Ordukoa du zaletasuna, eta duela lau urte hasi zen tindagaiekin lanean: «Hostoekin eta pigmentu naturalekin hasi nintzen oihalak tindatzen. Teknika? Hostoak tindatzea, eta haien formak oihaletan islatzea. Horregatik jarri nion Itzal izena nire proiektuari. Hosto eta landare horiek oihalean uzten zuten itzal arrasto horri erreferentzia eginez».
Iñistorrak dira, batez ere. «Ez dakit zergatik, baina lotura berezi bat daukat iñistorrekin. Badut tatuaje bat ere. Gingko biloba hostoa eta iñistorra erabiltzen ditut nire diseinuetan, batik bat». Lau urtez izan du denda Hernanin (Gipuzkoa), eta Zikuñagako artelekuan dauka orain tailerra. Artisau azoketan ere ibiltzen da.
«Garoak perfume familia oso bati ematen dio izena, ‘fougére’ familiari»

Garoa aipatu, eta memoria ariketa bat egin du Maddalen Marzolek ere: «Aita Aresokoa da, eta han igaro nuen haurtzaroaren parte handi bat. Mendian ibiltzen ginenean, asko gustatzen zitzaidan garoak atzealdean izaten dituen pilotatxo horiek kentzea». Baina garoaren frantsesezko aldaerak eman dio Marzoli pista: «Guk garoa esaten diogun horri helecho esaten zaio gazteleraz, eta frantsesez fougére. Eta fougére, perfume familia oso bat da. Alegia, garoak perfume familia oso bati ematen dio izena». Eta familia horrek XX. mendearen hasieran izan zuen indarra. «Ingalaterran kokatuko nituzke. Hango bizartegietako usainarekin lotzen ditut, iruditeria horrekin. Klasikoak dira. Mendiko belar lurrintsu horiek guztiak sartzen dira fougére familia horretan. Eta, orain, boladan jartzen hasiak dira». Zer usain dute? «Belar moztu, hosto, pikondo... usainaren eta egur usain indartsuen artean dabiltza. Oso usain freskoak eta garbiak dira. Eta ukitu aromatiko bat dute».