ZIBERGELA

Zeregin zerrendetarako aplikazioak

Zeregin zerrendak kudeatzeko eta ongi gogoratzeko, oso erabilgarria izan ahal da ordenagailua edo sakelako telefonoa. Hona hemen horretarako aplikazio adibide batzuk

2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ordenagailuak eta tramankulu digitalak baliabide aproposak dira norberaren bizitza, lana edo, azken finean, egunerokotasuna antolatzeko. Agendak, egutegiak, kontaktuak, helbideak, telefonoak eta beste hainbat informazio ordenagailuetan edo sakelako telefonoetan gordetzen ditugu. Haietaz gain, lan arloan edo arlo pertsonalean burua zereginez josita daukagu, eta, azkenean, beti ahazten zaigu baten bat edo beranduegi gogoratzen gara. Hala, bada, zeregin zerrendak edo Todolist kudeatzeko aplikazio asko daude, eta norberaren beharretara ondoen egokitzen dena aukera daiteke.

Ez ahaztu esnea!

Bai, oraindik Zibergela atalaren artikulu bat da hau. Izan ere, Remember The Milk izena du azalduko den lehen aplikazioak, eta ingelesez gogoratu esnea esan nahi du. Aplikazio hau nahiko ezaguna da eta zeregin zerrendak oso era malguan kudeatzeko aukera ematen du. Hainbat zerrenda sortu ahal dira, eta zerrenda bakoitzean hainbat zeregin sortu ahal dira modu arin batean. Zerrenda hauek webgunearen bitartez eta aplikazioen bitartez ikusi eta kudeatu ahal dira, bai proiektuaren aplikazio ofizialak bai beste erabiltzaile edo garatzaileek garatutakoak erabiliz.

Bereziki hori da Remember The Milk aplikazioak daukan ezaugarri garrantzitsua; alegia, sistema eta aplikazio ezberdinen arteko elkarreragingarritasuna. Batetik, sakelako telefono sistema garrantzitsuenetarako aplikazioak daude proiektuaren webgune ofizialean: Blackbery, iPhone, Android, Windows Mobile, esaterako. Bestetik, iGooglen, Google Calendar edo Gmail-en ere integratu daiteke, hala nola Twitterrekin eta Netvibesekin. Gainera, formatu estandarretan esporta eta inporta daitezke zeregin zerrendak; adibidez, iCalendar, Atom eta RSSren bitartez. Eta garatzaileentzat API bat eskaintzen du, Remember The Milk proiektuarekin komunikatzeko gai diren aplikazioak garatu ahal izateko. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.rememberthemilk.com; bertan izena eman eta erabiltzen has daite- ke.

Google Task

Google Task zeregin zerrendak kudeatzeko Googleren gehigarria da GMailen, eta Google Calendarren integratzen da. Bietatik, beraz, zeregin zerrenda kudeatu ahal da, eta zerrenda ezkutatu edo erakutsi edozein momentutan.

GMailen, gainera, posta elektronikoak zeregin zerrendan ere gehitu ahal dira zeregin gisa. Beraz, oso gomendagarria da GMail erabiltzaileentzat, are gehiago GMail erabiltzeaz gain sakelako telefonoan Android sistema eragilea edukiz gero. Izan ere, sakelako telefonoetarako sistema hauetan Gtasks aplikazioa aurki daiteke Android Market aplikazio biltegian, doakoa da eta Google Taskeko zeregin zerrendak sinkronizatu ahal dira eta sakelako telefonotik ere ikusi eta kudeatu.

Google Tasken ere erabiltzaile bakoitzak zeregin zerrendak sortu ahal ditu; horrela zerrendatan banatu ahal dira, adibidez: etxea, lana, pertsonala, eta abar. Horrez gain, kronologikoki edo lehentasunaren arabera ordenatu ahal dira zereginak zerrenda bakoitzean, eta koskak ezarri eta kendu ahal zaizkie menpekotasunak adierazteko edo zerrenda nolabait hierarkizatzeko. Era berean, posiblea da norberari zeregin zerrenda posta elektronikoz bidaltzea edo inprimatzea.

Horren inguruan gehiago jakiteko, hemen dago aplikazioaren laguntza helbidea: http://mail.google.com/mail/help/tasks.

Aplikazio honen abantaila nagusia, azken finean, aurrekoan bezala, Interneten egonda edozein ordenagailutatik edo Internet duen sakelako telefonotik kontsulta daitekeela da, eta, beraz, hainbat lekutatik ikusi eta kudeatu ahal dira zereginak. Gainera, Interneten dagoenez, sistema eragile guztietan erabili ahal izango da. Nabigatzailea eta Interneterako konexioa baino ez da behar.

Beste batzuk

Remember the Milk eta Google Task aipatu ditugu oso ezagunak direlako eta, gure ustez, oso interesgarriak, baina beste asko ere badaude; adibidez, Toodledo (http://www.toodledo.com), Teuxdeux (http://teuxdeux.com) eta Task.fm (http://task.fm) ere oso aukera onak izan ahal dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.