Irati Diez
Biologoa

Zergatik ematen ditugu musuak?

2026ko otsailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkera zientifikoa benetan da hotza eta inpertsonala. Halakoa izan behar du, baina gai batzuez idaztean, bereziki arrotza egiten da. Ikerketa berri batek musuaren jatorria aztertu du, baina lehenik musua zer den ongi definitu beharra izan dute, hori baita zientziaren beste ezaugarrietako bat: ezin zaio tarterik utzi zalantzari. Hala definitu dute musua: aho-ahoko kontaktu zuzendu eta ez-agresiboa, ezpainak edota ahoko piezak mugituz egiten dena eta janaririk transferitu gabe. Hori bai definizio erromantikoa.

Baina zergatik ematen diogu musu elkarri? Gizakiok bakarrik musukatzen al dugu elkar? Eta noiztik? Lehenengo galderarekin hasiko gara, baina guztiek dute erantzuna. 

Musu ematea jarrera nahiko bitxia da izatez, eta zentzu biologikoan ere, azalpen zaila du. Ez da elikagaia elkarri banatzeko egiten (eta eskerrak!), eta ez du apainketa edo higiene erritual modura balio; are gehiago, patogenoak hedatzen ditu. Eta hala ere, gustuko ditugu, oro har.

Musuak aztertu dituen ikerketa batek, erromantikotasuna alde batera utzita beste behin, bi musu mota deskribatu ditu: bata sexuala eta bestea platonikoa. Sexuala bi ahoak batuta sortzen da, luzeagoa da eta mihia erabil dezake. Platonikoa, berriz, kopetan, lepoan, edo gorputzeko beste atal batzuetan ematen den musua da, goxoa, eta ez dago asaldura sexualarekin lotuta. Musu motaren arabera, beraz, musuaren funtzioa ere ezberdina dela argudiatu dute. 

Musu sexualak erabili ditzakegu ugalketa aurretiko aukeraketa estrategia modura (gizakion mundura ekarrita nahiko zuzena dirudi). Ugalketa kide potentzial bati musu ematean, haren egokitasuna ebaluatzen egon gintezke usaimenaren bidez, edota haren osasun orokorrari buruzko ondorioak atera genitzake musuan zehar, inkontzienteki bada ere.

Musu ematerakoan, oso gertu egoten gara bata bestearengandik, eta horrek konfiantza minimo bat eskatzen du kidearengan. Bai musu sexualek eta baita platonikoek ere kidetza helburua izan dezakete, eta lagun dezakete harremanak hobetzen eta loturak estutzen. Bestalde, mikroorganismo kaltegarriak transmititu ditzaketen modu berean, immunitatearentzat onuragarriak diren mikroorganismoak ere hedatu daitezke bi motetako musuen bidez.

Gizakia ez diren primateetan, ikusi izan da simio handi gehienek musuak ematen dituztela. Animalia horiek dira gure musuekin antzekotasun handiena duten musuak ematen dituztenak, baina jarrera antzekoak izan dituzte otsoek (baita txakurrek ere), hartz polarrek, arrainek eta baita inurriek ere. 

Badirudi gure eta gainontzeko simio handien arbasoak elkarri musuak ematen hasi zirela duela 21,5 eta 16,9 milioi urte artean, eta hala jarraitu dugu egunera arte. Batzuek diote neandertalek ere musukatzen zutela elkar. 

Edonola ere, gizakiotan, kultura batzuetan ez dute musurik ematen. Nork daki musu ematea kulturala den edo, hain zuzen ere, kulturak eta arau sozialek galarazi dieten batzuei ezpainak edota ahoko piezak mugituz kontaktu zuzendua izatea, janaririk transferitu gabe. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA