Helburua ez da testu hau euskal noir eta halako etiketak jarriz hastea. Etiketa horiek atzean utzi behar dira, eta orain arreta beste nonbait jarri, indarra beste leku batetik hauspotuz. Bada garaia txikitasunaren itzala kendu eta euskarazko edukiak nazioarteko ekoizpenen maila berean aipatu eta aztertzeko.
Sarrera zoragarri batek irekiko du Zeru ahoak telesaila. True Detective-ren introaren oihartzunak dakartzaten irudi horiei laguntzeko, Aitor Etxeberriak Bizkaia maite abestiaren bertsio hipnotiko eta zirraragarria sortu du, iragana eta oraina hari ikusezin batez lotuko balitu bezala. Ikuslea bete-betean murgilduko da ondoren ikusiko duen guztiaren tonuan eta atmosferan.
Lau ataletan pertsonaia ugari agertuko dira, baina protagonista nagusia Nerea Garcia izango da, Nagore Aranburuk maisuki hezurmamitua. Lau urte igaro dira Ertzaintzatik kanporatu zutenetik, eta bolada txarra pasatzen ari da: ez da apenas ateratzen Bilboko bere etxetik. Edukiontzi batean emakume baten gorpua azaltzen denean, Lertxundi nagusi ohiak (Josean Bengoetxea) ikerketan laguntzeko eskatuko dio. Nereak ez du susmatzen iraganeko eta orainaldiko mamuek hiriko estoldetara jaistera behartuko dutenik, non ezer eta inor ez den dirudiena.
Esan bezala, Hondar ahoak-en nortasun bisual eta narratiboari tinko eusten dio lan honek ere, baina Zeru ahoak helduagoa, kritikoagoa eta mamitsuagoa da. Narrazioak serieko hiltzaileen kontakizunen kodeetatik edaten duen arren, eta nahiz eta istorioa pizten duen metxa hori izan, ikuspegia askoz zabalagoa da: Karonte, hiltzailea, ez da kontakizunaren alderdirik garrantzitsuena. Aitzakiatzat erabiliko da estoldekin, indarkeria matxistarekin, autoritatearekin eta «boterearen dobermanekin» zerikusia duten gaiak mahai gainean jartzeko.
Agertuko den pertsonaia sorta eta aktoreen lana bikaina da: Nagore Aranbururen erakustaldia, berriro ere, aho zabalik uzteko modukoa da. Baina Josean Bengoetxea, Sara Cozar, Ramon Agirre eta Miren Gaztañaga ez dira atzean geratzen; guztien artean ehundu duten antzezpen dantza txalogarria da benetan.
Telesaila teknikoki ikusgarria da, argazkiaren (Txarli Argiñano) eta musikaren (Aitor Etxebarria) pisu ikaragarriak oinarri sendoa emango diolako, baina bereziki xehetasunek egiten dute telesaila indartsu. Kolorearekin egindako lanketa, esaterako, nabarmentzekoa da, Aranbururen pertsonaiaren inguruan bereziki. Kolorea, poliki-poliki, Garciaren bizitzan txertatuko da Carmenekin duen harremanak aurrera egin ahala, itzalak argi bihurtuz eta tonu ilunak biziaren distirarekin nahastuz. Ederra da berdearen eta gorriaren arteko jokoa.
Aipatutako detaile horiek nagusiki Harkaitz Canoren eta Almandozen beraren idazketatik sortuak dira. Objektuek eta ekintzek sekulako garrantzia dute; lehen planoan azaleratzen dira, sotilki, behin eta berriz: galdutako kortxo-kentzekoa, fularra, liburuak, margolan «itsusia», erlojua, argazkiak... Elkarrizketak, berriz, zentzu bikoitzez eta ironiaz beteak, zorrotzak eta burutsuak dira, baina inoiz ez dira irudien gainetik jartzen: ikusleari ez zaio ezer murtxikatuta ematen, irudiek hitz egiten dute, eta haien ahots isilean topatzen dira kontakizunaren gako nagusiak.
Thrillerrak aipatzen direnean, «hiriak beste pertsonaia batek bezala jokatzen du» esaldia ia aspertzeraino errepikatzen da; baina oraingo honetan hala da. Bilbo ez da postaletako edertasun horren isla izango; alderantziz, pantailan ageri dena Bilbo grisa, industriala eta zikina da —Carmen loreak eta gurinezko opilak erostera doanean salbu—. Pertsonaien garapenarekin guztiz bat datorren hiri bat da: haien barreneko iluntasuna islatzen duen ispilu lausoa, eta, aldi berean, haien zauriak gordetzen dituen eszenatoki biziduna.
A zer telesail puska egin duen, berriro ere, Almandozek.
Erreferentziak
Hondar ahoak-en Broadchurch eta The Killing izan nituen buruan; orain, ordea, Twin Peaks, True Detective, Millennium eta Fallen Angels erreferentziak dantzan zebilzkidan buruan. Baina badakizue: askotan, halako aipamenak kritikari pedanteen harrikadak baino ez dira izaten —begi keinua—. True Detective-ren aipamena amaitzeko: telesail horren bigarren denboraldian une zoragarri bat dago taberna zahar batean, Lera Lynn abeslaria bertan dela. Zeru ahoak-en antzeko une bat oparitu digu Almandozek, Lynch-en Blue Velvet-en oihartzunak ere badituena, baina oraingo honetan Anariren Harriak abestiarekin: «Zeru beltzetik elur zuria ari du, bakoitzak murrua bere erara egiten du»... Ederra!
fitxa
- Sortzailea. Koldo Almandoz.
- Herrialdea. Euskal Herria.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Sara Cozar, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre.
- Non ikusi. Primeran.
- Atal bakoitzaren iraupena. 40-45 minutu.
- Generoa. Thrillerra, drama.