Armiarmak ez dira zetaz baliatzen diren animalia bakarrak: ikerlariek ere begiz joak dituzte haren propietate mekanikoak, eta hainbat ildotan aplikatzen ari dira, Javier Barriga Teknikerreko Tribologia eta Materialen Saileko buruak aletu duenez.
Ikusi gehiago
Erresistentzia handia izatea da ezaugarri horietako bat. Sekzioa kontuan hartuta, altzairuaren antzeko erresistentzia dauka, baina hura baino bost aldiz arinagoa da; hala, «masaz zatituz gero, armiarma zetak erresistentzia askoz handiagoa dauka». Eta badu, halaber, hausteko zailtasun nabarmena: alegia, energia handia xurgatzeko gai da apurtu gabe, deformatuta. «Bere luzera halako hogei diren deformazioak jasan ditzake; Kevlarraren hausteko zailtasuna baino hamar aldiz handiagoa du».
«Hezetasuna kontrolatuz, lor dezakezu zetazko oihala bihurritu eta zabaltzea»
JAVIER BARRIGA Teknikerreko Tribologia eta Materialen Saileko burua
Aplikazio «oso exijenteetan» erabiltzen den polimero teknikoa da Kevlarra; kasurako, balen aurkako txalekoetan. Jantzi horietarako ere probatzen ari dira armiarma zeta, baita, oro har, hautsi gabe talka handiak xurgatu behar dituzten produktuetarako ere: nagusiki, ibilgailuetarako. Sektore aeroespazialean bereziki estimatzen dute material horren pisu urria.
Barrigak zerrendatu duenez, gaur-gaurkoz hiru modu daude armiarma zeta lortzeko: animaliengandik har liteke, zuzenean; laborategietan ekoitzi daiteke, artifizialki; eta organismoak genetikoki molda daitezke —bakterioak, batez ere—, zeta produzitu ahal dezaten; azken hori da «emaitzarik onena ematen ari den bidea». Eta nola erabiltzen dute lehengaia, zehazki? «Osagai estruktural gisa», argitu du Barrigak. Hormigoi armatua ontzen den era berean: zetazko egitura bat eginda aurrena, eta hori beste material batzuez beteta ondoren.
Energia iturri
Luzeagoa da propietateen zerrenda. Biodegradagarria eta biobateragarria da, eta horrek interesgarri bihurtzen du medikuntzan eta ehunen ingeniaritzan erabiltzeko, ez baitu arbuiorik eragiten. «Oihal bat sortzeko erabil daiteke, eta armazoi gisa balioko luke giza ehunak berriz osa daitezen haren inguruan; adibidez, organoak, tendoiak, lotailuak...».
Tortsioa ere aipatu du Barrigak: hezetzen denean, armiarma zeta uzkurtu egiten da. «Orain asko ari dira lanean jantzietan sentsoreak integratzeko, hala nola hegazkin pilotuen, urpekarien eta astronauten arropetan». Sentsore horiek, baina, elikatuak izan behar dute, eta armiarmen haria izan daiteke horiek energiaz hornitzeko bide bat. «Hezetasuna kontrolatuz, lor dezakezu zetazko oihala bihurritu eta zabaltzea». Mugimendua sortuko litzateke: hau da, energia bildu eta askatuko litzateke.
Eta zeta izanda, erabili ahalko litzateke ohiko jantzigintzan? Bide hori ere urratu dute. 2012an, Madagaskarko urrezko armiarmen hariz taxututako kapa bat erakutsi zuten Londresko Victoria and Albert Museumen. Milioi bat animalia behar izan zituzten haria ekoizteko, eta laurogei laguneko talde bat ibili zen zuntza jasotzen, bost bat urtez.