Edozein bazterretan, basotan, egituratan topa daiteke amarauna: goizeko ihintzak laga dezake agerian, bi hostoren artean, tanta mordo batekin jantziz haren lerroak eta irudi geometrikoak; edo horma soil baten ertza hauta dezakete armiarmek beren sarea ehotzeko. Oihal delikatu horrek makina bat ñabardura du, ordea, hala formari eta ezaugarriei erreparatuta, nola handitzeko abaguneari dagokionez. Izan ere, txikiak eta finak izan ohi diren arren, harrotu daitezke egitura erraldoi bat sortzeraino: Albaniaren eta Greziaren arteko kobazulo baten abaroan, 100.000 armiarma inguruk ehundutako sare bat topatu zuten joan den urtearen hondarrean, ehun metro koadro baino gehiagoko izara mardul eta trinko bat. Jostun prestu batzuek egindako oihala.
Mugarria izan da, eta are gehiago piztu du hainbat arlotako ikerlariek animalia horien sareei eta zetari buruz duten interesa. Aurkikuntza egin zuten espeleologoek Subterranean Biology aldizkarian azaldu dutenez, «ezohiko» amaraun hori Tegenaria domestica eta Prinerigone vagans motatako milaka kidek ondu dute, eta lehen aldia da espezie horien arteko kolonia sare bat atzeman dutela. Kontrako jarrera izaten baita ohikoena: izaera bakartia dute armiarma ia-ia guztiek, territorialak dira, amaraunak bakarka eraikitzen dituzte eta, gainera, horiek beste armiarma batzuengandik babesten ahalegintzen dira, Alberto Castro Aranzadi zientzia elkarteko entomologoak azaldu duenez. «Mediterraneoko eta tropikoetako gune batzuetan badira espezie batzuk —ezagutzen diren espezien %1 baino gutxiago dira—, kolonialak eta are sozialak izan daitezkeenak, baina ez dituzte inurriek edo erleek bezalako gizarte elaboratuak osatzen». Gai dira sarea taldeka egiteko, hura partekatzeko, eta batera ehizatu eta kumeak zaintzeko; hor amaitzen da kolaborazioa.
«Armiarma batzuek zelatan ehizatzen dute, edo harrapakinak bilatzen dituzte eta haiei jazartzen zaizkie; horiek ez dute sarerik egiten»
ALBERTO CASTRO Aranzadiko entomologoa
Baina, normalean, jostun bakartiak dira armiarmak. Eta, amarauna eta animalia lotuta irudikatzen diren arren, espezie guztiek ez dute sarea sortzen, Aranzadiko entomologoaren berbetan, nahiz eta guzti-guztiak diren kapazak zeta ekoizteko. Zera da amarauna, zehazki: zetarekin taxututako eta ehizatzeko balio duen egitura; hortaz, ehizatzeko manerak baldintzatzen du sarearen nolakotasuna. «Armiarma batzuek zelatan ehizatzen dute, edo harrapakinak bilatzen dituzte eta haiei jazartzen zaizkie; horiek ez dute sarerik egiten», argitu du Castrok.
Sarea egiten dutenen artean, nabarmena da aniztasuna. Ezagunena, «prototipikoena», kokapen gutxi-asko bertikala duen amarauna da, bi dimentsiokoa, eta espiral bat daukana; espiral horren barruan tanta itsaskorrak daude. Ehizakiak itsatsi beharrik gabe jarduten dute beste batzuek, ordea: inbutu formako egitura bat eraikitzen dute, hariak dituena hainbat mailatan; hara erortzen den harrapakariari kosta egiten zaio ibiltzea, eta mantsotasun hori aprobetxatzen dute ehiztariek.

Beste batzuetan, informatzeko bide gisa funtzionatzen dute hariek. «Hormetako zuloetan, adibidez, tunel itxurako amaraunak egiten dituzte, baina kanpotik ez dira ikusten, hari zuntz batzuk baino ez dituzte uzten azalean». Animaliaren batek zuntz horietako bat ukitzen badu, zuloan ezkutatuta dagoen armiarmak bibrazioak antzeman, eta hura harrapatzera ateratzen da. Eta bestelako estrategiak ere erabiltzen dituzte, orobat: beren oihala etxeetako sabaietan ehuntzen dutenek, adibidez, hiru dimentsioko mataza bat sortzen dute, batik bat intsektu hegalariek haren kontra talka egin dezaten. «Eta badira hamaka itxurako sareak ere: Bizkaiko Zubia inspiratu zuten, lamina zentral bat dutelako, baita kontrahormak ere, egitura lotzeko gaineko eta azpiko landareetara. Hegan edo jauzika doazen animaliek kontrahormen kontra jotzen dute», xehatu du Castrok.
Prozesu «konplexua»
Dena den, amaraunak baditu beste erabilera batzuk ere. Harrapakinen berri izateko ez ezik, ugaltzeko kidea topatzeko ere baliatzen dituzte sareko bibrazioak, eta komunikazio sistema bera erabiltzen dute amek eta haurrek harremanetan egoteko. Babesleku bat da armiarma batzuentzat —inbutu tankerako amaraunetan, barrunbe horretan ezkutatzen da animalia—, eta harrapakinak erakartzeko ere eraginkorrak izaten dira, argi eta kolore kontrasteak sortzen baititu.
Zetak eusten ditu eraikuntza horiek guztiak. Biologoaren arabera, «oso konplexua» da hura ekoizteko prozesua, eta ikerlariek ez dute oraindik erabat ulertzen. «Armiarmaren gorputzaren barruan osatzen hasten da, zeta guruinetan. Han metatzen da, eta prozesu biokimikoak, fisikoak eta mekanikoak gertatzen dira bitartean —tenkaketa, zizailaketa, ionizazioak...—». Zetaren erabileraren arabera, guruin mota batek edo bestek hartuko dute parte ekoizpenean —espeziea zein den, armiarmak guruin bakarra izan dezake, edo zortzi—, eta horrek jada ezarriko du desberdintasun kimiko bat. Baina konposizioaz harago, erauzketak ere baldintzatuko ditu zuntzaren propietateak. «Zeta ateratzen den hoditik pasatzen denean, armiarmak gehiago edo gutxiago sikatu dezake, baita gehiago edo gutxiago tenkatu ere, hodiaren diametroa zabalduta edo txikituta».
«Badira hamaka itxurako sareak ere: Bizkaiko Zubia inspiratu zuten, lamina zentral bat dutelako, baita kontrahormak ere, egitura lotzeko gaineko eta azpiko landareetara»
ALBERTO CASTRO Aranzadiko entomologoa
Amaraunak osatzeko ez ezik, armiarmek beste hainbat funtziotarako erabiltzen dute zeta. Esaterako, segurtasun hari gisa. «Erortzen denean, eskegita geratzen da, eta lehengo lekura itzul daiteke. Modu bat da kontrolatzeko ez direla jausten arriskutsua izan daitekeen leku ezezagun batean». Zeta preziatua da, era berean, amaraunean katigatutako harrapakinak biltzeko: batetik, janaria gordetzeko abagunea ematen die, eta, bestetik, eraginkorra da harrapatutako animaliaren kontraerasoa saihesteko. «Hala, haiek baino handiagoak edo indartsuagoak diren harrapariak menderatu ditzakete», erantsi du biologoak.
Eta, areago, puntako teknologia batzuk aspalditik asmatuak dituzte armiarmek. Bibaka, esaterako, Castrok umoretsu adierazi duenez. «Amaraunik egiten ez duten armiarma askok kanpin denda moduko bat osatzen dute atseden hartzeko, euren burua babesteko. Eta babesteaz ari garela, emeek zetazko paketeetan biltzen dituzte ipini berri dituzten arrautzak». Asmatua dute, orobat, parapentea. «Hegan egiteko gai dira zeta harien bidez». Nahikoa dute goranzko aire korronte leun bat, entomologoak nabarmendu duenez: leku garaietatik, armiarma txikiek sabela okertu eta zetazko hariak botatzen dituzte, eta zuntz horiek azalera jakin bat osatzen dutenean, airearen pisuak gainditu egiten du armiarmarena. «Hedatzeko eta tokiak kolonizatzeko modu bat da. Gehienak metro gutxi batzuetara erortzen dira, baina ehunka kilometrora bidaiatu dezakete: Darwinek kontatu zuen nola heltzen zitzaizkion armiarmak ontzira, nahiz eta kostatik 100-200 kilometrora egon».