Apirilaren 25ean Nepaleko lurrikara gertatu zenean, Himalaian zegoen Batirtze Cabello (Iruñea, 1977). Bi aste lehenago, herrialde hori ezagutzeko bidaia hasi zuen, baina, hondamendiaren ostean, laguntzen geratu zen maiatzaren 20ra arte. Euskal Herrira itzulita ere, dirua biltzeko lanean jarraitzen du, eta zenbait hitzaldi emango ditu. Lehena Iruñean izango da, etzi, Euskal Eskola Makrobiotikoan.
Ia bi aste igaro dira itzuli zinenetik. Zer moduz ari zara egokitzen?
Gogorra da, eta, halako zerbait bizi ondoren, are gehiago. Lurrikararen eragina oso gogorra izan da. Dena den, esaten da txarrenetik ere gauza onak atera ahal direla, eta hala gertatu zait. Harreman estua izan dut hango jendearekin, eta zuzenean laguntzeko aukera izan dut. Esperientzia berdingabea izan da.
Zer sentitu zenuen ezbeharraz jabetu zinenean?
Inondik inora espero ez zenuen egoera batean aurkitzen duzu zeure burua. Lurrikararen ostean, oso arrotza egiten zitzaidan turista gisa jarraitzea han. Han ezagutu nuen beste nafar baten lanari jarraipena emateko aukera sortu zen, eta... Azkenean, zeure buruarekin sorpresak hartzen dituzu. Han zaudenean, egoerak eramaten zaitu; ikusten duzu laguntza eman behar dela, eta han egoteagatik tokatu zaizula ahal duzuna egitea.
Zein zen zure hasierako asmoa?
Lasai hartutako bidaia bat egin nahi nuen; kultura ezagutu, eta jendearekin harremanetan egon. Hiru hilabeteko bidaia nuen buruan, baina hilabete eta erdira mugatu da, azkenean. Herrialdea ezagutu ez, baina hainbat pertsona ezagutzeko aukera izan dut. Oso bereziak, oso langileak...
Trekking egiten bukatzean, Pokhara hirira itzultzean, zer aurkitu zenuen?
Arraro sentitzen nintzen. Hiria ezer gertatu izan ez balitz bezala zegoen; eraikin gutxi batzuk baino ez ziren erori, hiriaren kanpoaldean. Trekking taldeko batzuek bidaia jarraitu zuten; beste batzuk, etxera itzuli... Une batean, alde egitea pentsatu nuen; herstura handia eragin zidan egoerak, lurrikaragatik, baita etengabeko erreplikengatik ere.
Norekin mugitu zinen han, trekking egiten bukatzean?
Nafarroako mutil horrek hango musikari elkarte batekin harremanetan jarri ninduen, eta haiekin elkarlanean ibili nintzen. Izugarrizko lana egiten ari dira dirua biltzeko, Nepaleko talde garrantzitsuenekin batera kontzertuak ematen. Lortzen dudan dirua elkarte horri bidaltzen diot, kudea dezaten. Haiekin joan naiz herrietara, eta badakit nola egiten duten lan; konfiantza osoa dut haiengan.
Nola bilatu zenuen laguntza?
Nafarroako mutilak aholkatu zidan Facebook orri bat sortzeko, horren bitartez dirua biltzeko: Nepal no oficial. 9.000 euro baino gehiago bildu genituen. Horrekin eta Shree Pokhara Baidam Sangetik Yuva Club musikarien elkarteak lortutakoarekin, janaria erosi genuen: arroza, dilistak, olioa... Gorkha distrituko Manvu herriko biztanleen artean banatu genuen; lurrikarak asko hondatu zuen eremu hori.
Nola erabaki zenuen Euskal Herrira itzultzea?
Lehen lurrikara gertatu zenean mendian nengoen, eta ez ninduen izutu. Ez zen asko nabaritu. Bigarrena Pokharan geundela gertatu zen, eta hor asko izutu nintzen. Egunero erreplikak daude; batzuetan sentitzen dituzu, eta beste batzuetan, ez. Paranoia moduko batean sartzen zara. Ahoan arazoak izaten hasi nintzen... Gorputzak itzultzea eskatu zidan.
Itzuli eta gutxira, hainbat hitzaldi lotu dituzu. Zer kontatuko duzu haietan?
Bitan banatuko dut. Alde batetik, kultura, aniztasuna eta abar aipatuko ditut, trekking egin nuen tartearekin lotuta. Bestetik, lurrikararen osteko bizipenak eta egindakoa azalduko dut.
Mezuren bat zabaldu nahi duzu?
Mezu positiboa helarazi nahi dut; lurrikarak hiri asko suntsitu ditu, baina ez herrialde osoa. Alegia, hara joateko deia egiten dut. Turismotik bizi dira, eta ezbeharraren ondorioz jendeak hara joateari uko egiten badio...
ATZEKOZ AURRERA. Batirtze Cabello. Bidaiaria
«Zeure buruarekin sorpresa hartzen duzu»
Nepal ezagutzeko bidaia bat zena lurrikararen ostean laguntzeko ekinbide bihurtu zuen Cabellok. Zenbait hitzaldi emango ditu egunotan; lehena, etzi, Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu