Sanferminak Iruñean

Zezenetara joan nahi ez dutenentzat, beste aukera bat

Peñek merenduak antolatu dituzte aurten San Frantzisko plazan, ohitura berriak sortzeko asmoz

Edurne Elizondo - Iñigo Astiz
Iruñea
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Zezengorri taldeko kideek uztailaren 7an erran zuten. Gauzak aldatzen ari direla Iruñean, eta gero eta jende gehiagok agertzen duela zezenketen aurkako jarrera. Iruñeko peñak ere konturatu dira horretaz. Arrazoia bat izan edo bertze, behera egin du zezenketetara joaten diren kideen kopuruak, eta, ondorioz, plazara joan nahi ez dutenentzat bertze aukera batzuk jaso dituzte aurten prestatu duten egitarauan.

Zehazki, San Frantzisko plaza merendua egiteko toki bilakatu dute. Txarangak jarri dituzte giroa alaitzeko, harat joan nahi dutenek bestan murgiltzeko aukera izan dezaten. Saio gisa jarri dute martxan ekimena aurten, eta jendetzak bat egin ez duen arren, parte hartu dutenek kontent hartu dute peñen ekimena. «Zezenketetara joatea ez dut gustuko. Ongi dago bestelako aukerak izatea. Ohiturak pixkanaka aldatu behar dira, eta hau modu egokia da hori lortzeko». Ramontxo Valenzuelarenak dira hitzak. Denentzako besten alde egin du, eta udalak ere denentzako bestak prestatzea helburu izan beharko lukeela azpimarratu du, San Frantzisko plazan.

Maitagarri Etxarrik ere San Frantzisko plazaren aldeko hautua egin du egunotan. Herritarren artean udalaren debekuak eraginik izan duela uste du, dena den, eta horregatik agertu dela merenduetan espero baino jende gutxiago. Hala ere, esperientzia ona izan dela ez du zalantzarik. «Peñak ere konturatu dira beste zerbait behar zela; zezenketetara joaten ez direnentzat beste deus ez dagoela. Udalak deus egiten ez duenez, peñek hartu dute ekimena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.