ZIBERGELA. Testu prozesadoreak eta editoreak

Dokumentuak, txostenak, testuak edota blogetarako sarrerak idazteko ezinbestekoak dira testu prozesadoreak. Mundu guztiak ezagutzen dituen horietatik aparte, aukera asko daude gaur egun hautatu ahal izateko.

Jabi Asurmendi Sainz. Bitarlan informatika zerbitzuak
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Dokumentuak idazteko ezinbestekoak dira testu prozesadoreak, eta oso garrantzitsua da bakoitzaren beharretara ondoen moldatzen dena aukeratzea. Aukera anitz daude, Internet ingurunean: mahaigainekoak, libreak, pribatuak, arinak edota sistema eragile ezberdinentzat.

Internet inguruneko testu prozesadoreak

Internet inguruneko prozesadoreek abantaila batzuk eskaintzen dituzte. Interneten daudenez, erabiltzaile batek edozein lekutik aldatu, irakurri eta kudeatu ahal ditu bere dokumentuak on-line. Gainera, multiplataformak dira; hau da, nabigatzailea eta Internet konexioa nahikoa da atzitu ahal izateko. Beraz, ez du axola sistema eragilea; Mac Os X, GNU/Linux edota MS Windows izan daiteke. Sakelako telefonoetatik ere ikusi ahal dira Internet konexioa edukiz gero. Horrez gain, plataforma batzuek ere dokumentu horiek beste erabiltzaileekin partekatzea ahalbidetzen dute, zenbait erabiltzaileren artean osatu edo irakurri ahal izateko.

Beraz, Internet inguruneko testu prozesadoreak oso egokiak dira asko mugitzen diren pertsonentzat, edo ordenagailu ezberdinetatik dokumentu ezberdinak lantzen dituzten erabiltzaileentzat. Era berean, edozein erabiltzailerentzat izan ahal da erabilgarria dokumenturen bat beste erabiltzaile batzuekin batera osatu behar badu.

On-line testu prozesadoreen artean, ezagunena Google Docs da. Google Docs, Googlek Internet ingurunean eskaintzen duen bulegotika-suitea da, non dokumentuak, kalkulu-orriak, aurkezpenak, marrazketak eta inprimakiak sor baitaitezke. Helbide honetan erabili ahal da dohainik: https://docs.google.com. Googleren suite horren inguruan hitz egin zen jadanik Zibergela-ren aurreko ale batean, Google docs: Bulegotika hodeian zuen izenburua, eta lotura honetan irakurri ahal da: http://zibergela.bitarlan.net /2010/02/02/google-docs-bulegotika-hodeian/. Dokumentuak Internet edukitzeaz gain, plataforma horrek eskaintzen duen abantaila nagusietako bat da beste erabiltzaile batzuekin partekatu ahal direla dokumentuak, soilik irakurtzeko eran edo idazteko eran, zenbait erabiltzaileren artean osatu ahal izateko.

Beste aukera interesgarri bat Wrttn.me da, helbide honetan erabili ahal da: http://wrttn.me/. Oso testu editore arina da, eta webgunean izena eman gabe sortu ahal da dokumentu bat. Formatua emateko html eta css erabili ahal da, bestela formaturik gabe idatzi ahal da testu laua. Sortutako dokumentuak helbide publiko baten bitartez argitaratu ahal dira, eta Twitter edo Facebooken partekatu. Era berean, embed kodea ere eskaintzen du dokumentua edozein webgunetan txertatu ahal izateko. API bat ere eskaintzen du beste aplikazio batzuetatik dokumentuak argitaratu edo irakurri ahal izateko. Beta bertsioa da oraindik; ea nolako bilakaera duen.

Mahaigainekoaplikazio arinak

Emankortasunari garrantzia eman nahi bazaio, pantaila osoko testu prozesadore arinak izan ahal dira aukerarik onenak. Pantaila osoan egikaritzen direnez, entretenimendu guztiak baztertzen dira. Haietariko bat CreaWritter da, proiektuaren helbidean (http://www.creawriter.com/) debalde har daiteke, edo borondatezko dohaintza eman ahal zaio proiektuari. Testu editore hori, esan bezala, pantaila osoan exekutatzen da, aukerazko atzealdeko argazki eta musika lasaigarri batekin emankortasuna sustatzeko.

Testu editore arina denez, testu formaturako gutxienezko aukerak ditu, dohaintzazko bertsioak doako bertsioak baino aukera gehiago ditu. RTF edo testu moduan gorde ahal dira baliabide honen bitartez sortutako dokumentuak. MS Windows sistemetarako bertsioa dago bakarrik. Mac Os X sistemetan, antzeko aplikazio bat erabil daiteke, OmmWritter izenekoa; hona hemen aplikazioaren webgunea: http://www.ommwriter.com; kasu honetan ere debalde har daiteke.

Blogarientzako aukera aproposa

Blogariek ere aukera interesgarri bat dute MS Windows sistemetan erabiltzeko, Windwos Live Writter, hain zuzen ere, eta Windows Live webgunetik bertatik har daiteke; hona hemen helbidea: http://explore.live.com/windows-live-writer.

Wordpress edo Blogger moduko blog plataforma askotan argitaratu ahal dira sarrerak aplikazio horren bidez. Gainera, sarreraren aurrebista eskaintzen du. MS Windows sistemetan baino ezin da instalatu, jakina.

Aukera klasikoak

Aukera klasikoak aski ezagunak dira. Arestian aipatutakoak baino aplikazio pisutsuagoak dira. Hori bai, aukera gehiago dute. MS Office Word, Open Office Writer edo LibreOffice dira ezagunenak.



Google Instant Previews

J.A.S.

Google ez da gelditzen, eta behin eta berriz aukera eta funtzionalitate berriak sortzen ditu. Azkenetarikoa Google Instant Previews izan da. Funtzionalitate horren bitartez, bilaketa baten ondoren, aurreikusi ahal dira bilaketaren emaitzan agertzen diren webgune ezberdinak webgune bakoitzera sartu gabe.

Funtzionalitate berri hori probatzeko, http://www.google.com helbidera joan behar da, eta hor bilatu nahi den hitza edo esaldia. Emaitzak agertzen direnean, bakoitzaren tituluaren eskuman izartxo bat ikusten da, webgunea gogokoa dela markatzeko, eta lupatxo bat. Lupatxo horri klik egiten bazaio, emaitza horren webgunearen edukiaren aurrebista bilatzailearen eskuma aldean agertuko da. Hori egin eta gero, saguaren gezia beste emaitzen luparen gainean kokatuz gero, webgune horien aurrebistak ere joango dira kargatzen. Aurrebista nahi den momentuan itxi daiteke, goiko eskumako ixaren gainean klik eginez.

Egia esanda, oso funtzionalitate interesgarria eta erabilgarria izan daiteke, eta denbora dezente irabaz daiteke, webgunera sartu gabe ikus daitekeelako webgunearen edukia oso gainetik bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.