Zigaren pintzelkadak

Javier Ziga margolari nafarraren 133 obra Iruñeko Pompelo Civivoxen daude ikusgai, abendura arte.

AITOR KARASATORRE / FOKU
AITOR KARASATORRE / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2026ko otsailaren 28a
15:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Javier Ziga Etxandi naiz; hemen duzue ikusgai nire bilduma piktorikoa. Espero dut zuen gustukoa izatea». Iruindar margolariaren aurkezpen horren ondoan, 1912ko Zigaren (1877-1960) autorretratua dago, Parisen ibili zen garai horretakoa; kolore paleta du eskuan, ikusleari zuzenean begira. Paletarekin sortu zituen Iruñeko Civivox Pompelon ikusgai dauden 133 obretako batzuk. Oliotik arkatzez egindako marrazkietara; akuarelatik sanferminetako karteletara: erakusketak Zigaren ondarea ezagutzeko ibilbidea aurkezten du.

Erakusketako ateak ireki baino lehen, talde txiki bat pilatu da sarreran. Taldeko bi lagun Mintxo Larretxea eta Pilar Ruiz dira, eta margolariaren lanak ikusteko gogotsu daude. Areto nagusia ez da oso handia, baina gorriz margotutako paretetan ez da hutsunerik geratzen: estilo desberdinetako artelanak pilatzen dira bata bestearen ondoan. «Lehen museorik ez zegoenez, nobleen etxeetara joaten ziren artelanak ikustera. Horrela apaindu dutela dirudi», ondorioztatu du Ruizek.

Bilduman gonbidatu bat dago, Iruñeko Udalaren aldi baterako mailegu bat: Elizondoko merkatua izeneko lana. Ruizen ustez «izugarria» da gertutik ikustea protagonisten aurpegiak; bien bitartean, Larretxea ondoan dagoen beste artelanari begira dago: txistulariak eta jendea dantzan. Bera ere txistularia denez, Ruizi eskatu dio margolanarekin batera argazki bat ateratzeko.

AITOR KARASATORRE / FOKU
AITOR KARASATORRE / FOKU

Mari Carmen Erro kokaleku perfektuaren bila dabil aretoan, argiaren islak koadroetan sortzen dituen distirei ihes egiteko. Ondo ikusi nahi du erretratatuen aurpegia, eta uste du plaka bat jarri beharko luketela protagonisten izenekin. Haien begirada ez da deigarriena Errorentzat: «Liluragarria iruditzen zait sudurrak nola margotzen dituen ikustea. Zein zaila!».

Sala gorritik aterata, arkatzez egindako pinturekin apaindutako gela dago. Zigak kartzelan egindako marrazkiak daude bertan, liburuxka batean ezkutuan egindakoak. Gehienak Zigaren lagunen erretratuak dira, baina beste batzuetan presoek espetxean zuten bizimodua islatzen da.

Bestaren artea

Azken aretoan margolariaren kronografia zabala dago: haren lehendabiziko lanak, Parisen egindako ikasketak eta EAJko zinegotzi izan zen garaia, besteak beste. Artistaren burdinazko busto batean ere ikus daiteke. Kontrako aldean, Zigak sortutako sanferminen kartel handiak daude, eta horiek seinalatzen ditu Ines Roldanek. «Sanferminetako kartelik onena kilikiarena eta haurrena da. Zoragarria da haurrak irudikatzeko duen modua, zoriontasunez josia. Festa primeran islatzen du».

Aurretik ikusiak ez zituen obrak behatu nahi ditu Roldanek, argiekin egiten duen jolasa aztertu. «Nire ustez, Nafarroako margolaririk onena da», aitortu du; bikotekideak, harrituta, esan dio: «Zure lagunen bat haserretuko da». Roldanek argi erantzun dio: «Haserretu daitezela; nahi dudana esango dut, niretzat egia da eta!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.