Film bat iragartzea du helburu, baina funtzio praktikoari gailentzen zaio, ezinbestean, alde artistikoa. 1968an estreinatu zuten Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek Ama Lur ikus-entzunezkoa, eta Basterretxeak estetika minimalista erakargarri batera jo zuen kartela ontzeko: hondo laranja bizi bat hautatu zuen, Jorge Oteizaren eskultura baten irudia, eta tipografia landu bat. Besteak beste, Bilboko kaleetan ipini zuten afixa hori, eta zinemak hirian bizi izan zuen loraldi luzearen arrastoetako bat da. Garai hartako beste 48 kartel batu dituzte Ignacio Mitxelena Usatorre artearen historialariak eta Bernardo Garcia de la Torre arkitektoak Zinema kartelak Bilbon erakusketan, hiriko Ondare aretoan. Otsailaren 28ra arte egongo da zabalik.
1935etik 2000. urtera bitartekoak dira afixak. Mitxelenaren bilduma marduletik aukeratutako lagin adierazgarri bat da, kartelgintzaren bilakaera erakusten baitu. Hiru epe nabarmendu ditu Mitxelenak: berrikuntza estilistikoaren azken aldia, 1930eko urteetan, non agerikoa den estetika sobietarraren eragina; garai naturalista, gutxi-asko 1960ra arte gailendu zena, Hollywoodeko kartelek erabat baldintzatutakoa; eta epe sinbolista. Tartean, mugarria izan zen litografiatik offset teknikarako jauzia, 1960ko urteetan, eta tokia izan zuten, orobat, berrikuntza artistikoek, karteletan ere islatu baitziren surrealismoa, espresionismoa, pop artea eta postmodernismoa, besteak beste. Izan ere, diziplina askotako profesionalak erakarri zituen kartelgintzak: erakusketan bildutako hamabi egileen artean, badira pintoreak, ilustratzaileak, diseinatzaileak, argazkilariak eta umorista grafikoak, kasu baterako.
«Peris Aragok erretratu oso fidelak egiten zituen. Komedien karteletan kolore alaiak erabiltzen zituen, eta dramenetan, tonu ilunagoak»
IGNACIO MITXELENA USATORRE Artearen historialaria
Mugarriz mugarri egiten du bidea erakusketak. Josep Renau kartelgilearen hiru lanen aurrean abiatu dute bisita Mitxelenak eta Garcia de la Torrek. Egile «iraultzailea» izan zen Renau, batetik, abangoardia sobietarra bere egin zuelako, eta, bestetik, aerografoa erabiltzen hasi zelako. «Margotzeko pistola baten antzekoa da aerografoa», esplikatu du Mitxelenak. «Pintura gehiago edo gutxiago lausotzeko aukera ematen du, eta modu bakarra da degradatu jakin batzuk lortzeko». Emaitza agerikoa da Imperio Argentina aktore argentinarraren aurpegiko masail gorrietan, Morena Clara (1936) filmaren iragarkian. «Erretratu bat dirudi, baina narrazio bat da», egin du ñabardura Mitxelenak. «Begiradak eta irribarreak adierazten dute garaipena lortu duela guardia zibil bikotearen aurka». Gauza bera iradokitzen du figuren tamainak, Garcia de la Torreren irudiko: Argentinaren bisaiak kartelaren zati handi bat baitu, eta guardia zibilak, aldiz, konposizioaren bazter batean kokatuta baitaude, itzalen antzera, inolako detailerik gabe pintatuak.
Komunista zen Renau, errepublikazalea, eta erbesteratu beharra izan zuen 36ko gerraren ostean. Garai hartako beste kartelgile ospetsu batek, Rafael Raga Montesinosek, zenbait ondorio jasan zituen orobat bere ideologia ezkertiarraren kausaz. Gatazka bukatu zenean, hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta hortik aurrera beste izen batekin sinatu behar izan zituen bere lanak. Kartelek ere gainditu behar zuten-eta frankismoak ezarritako zentsura, beste diziplinetako sormen lanek legez. Egile batzuek hainbat bertsio taxutzen zituzten erregimenaren oniritzia eskuratu arte. Baina, batzuetan, zentsoreak ez ziren limurtu beharreko epaile bakarrak. «Walt Disneyk bere pelikulez egiten ziren kartel guztiak onetsi behar zituen», Mitxelenaren berbetan. AEBetara bidaiatu zuen, hortaz, Ragak Pinoccio-ren egokitzapenaz (1940) egindako irudiak.
Errealismotik sinbolismora
1940ko urteetatik aurrera, aktoreak publizitaterako elementu indartsu bihurtu ziren: pelikulen eszenak eta protagonisten erretratuak agertzen hasi ziren karteletan, estilo errealista batean onduak, detailez josiak. Josep Peris Aragoren artelanetan suma daiteke joera aldaketa hori, esaterako. «Erretratu oso fidelak egiten zituen», balioetsi du Mitxelenak. «Komedien karteletan kolore alaiak erabiltzen zituen, eta dramenetan, tonu ilunagoak».

Eta islatu ziren, halaber, zinemagintzaren berrikuntzak. Josep Soligoren lanetan filmaren izenburuaren tamaina berean iragartzen da zinemaskopearekin grabatua dela. Pelikulen ekoizpena «erabat» aldatu zuen horrek, Garcia de la Torreren esanetan, eta aretoek pantaila berriak eskuratu behar izan zituzten. Hain justu, Soligok pantailen forma irudikatu zuen karteletako batean, haien ertz kurbatuak modu diskretu eta finean adierazita: goiko ertza, errezel gorri baten erorketa aprobetxatuta; behekoa, zinemaskopearen erreklamoaren tipografia baliatuta. 3Dak ere izan zuen agerraldia urte haietan, afixa batzuetan irakur daitekeenez, baina ez zuen zinemaskopearen arrakastarik izan.
Inprimaketa teknikan ere haustura bat egon zen orduko hartan. Litografia baztertu, eta offseta erabiltzen hasi ziren artistetako batzuk, baina beste batzuek —Peris Aragok, adibidez— kartelgintzari uko egin zioten, iruditzen baitzitzaien kolorea ez zela litografiarena bezain fidela. Francisco Fernandez-Zarza Jano, aldiz, bi moldeetara egokitu zen. Haren lanetara hurreratu dira komisarioak. «Kartel honetan, kolorea orban uniforme bat da. Baina beste honetan, puntuekin osatutako trama bat antzematen da, lau koloretakoa», xehatu du Garcia de la Torrek.

Laster gehitu zituzten argazkiak ere. The Nun's Story (1959) pelikularen afixan, Macario Gomez Mac-ek Audrey Hepburnen bi erretratu egin zituen —horietako batean mojen abituak jantzita pintatu zuen—, eta pelikularen fotograma bat ipini zuen azpiko aldean. Diskretuki ageri zen artean, baina hurrengo etapan, garai sinbolistan, argazkietan oinarritu ziren diseinuetako asko. Hain zuzen, sinbolismoa ere garatu zuen Macek afixetako batzuetan, eta haren artelanak baliatu dituzte komisarioek joera aldaketa irudikatzeko. Clark Gableren eta Marilyn Monroeren erretratu errealistekin taxutu zuen The Misfits (1960) ekoizpenaren iragarkia, baina, haren ondoan, nabarmen sinpleagoa da El verdugo-rena (1963): gizon bat bizkarrez ageri da pintatuta, zuri-beltzean, apenas xehetasunik gabe, eta haren itzalak kartelaren bi heren hartzen ditu.
Kaletik sareetara
Sinbolismoa koloreen bitartez gauzatu zuten beste egile batzuek. Joseba Prieto bilbotarrak beltza eta gorria uztartu zituen hainbat karteletan, eta binomio hori jaso zuten hurrengo hamarkadetako beste egile batzuek. Ama Lur pelikularen afixan, halaber, Oteizak eginiko bustoak indar sinboliko eztabaidaezina du. Baina bestelako bolada batzuk ere islatu ziren Bilboko kaleetan. Prietok berak marko modernista bat erabili zuen Un hombre llamado Flor de otoño-ren kartelean (1978), psikodelia ere landu zuen Ivan Zulueta donostiarrak, Oscar Marinek tipografiaren bidez osatu zituen iragarkietako batzuk, eta postmodernismoa eta surrealismoa jorratu zituen Gatti estudioak; esaterako, takoiaren ordez pistola baten kanoia daukan zapata bat marraztuz.
«Litografian, kolorea orban uniforme bat da. Baina offsetean, puntuekin osatutako trama bat antzematen da, lau koloreduna»
BERNARDO GARCIA DE LA TORRE Arkitektoa
2000. urtera arte heltzen da erakusketa, eta horra hor beste mugarri erabakigarri bat: ordutik aurrera, teknika eta euskarri digitalak gailendu dira. «Kartelak sarean erakusteko egiten dira orain batez ere, ez kalean ipintzeko», laburbildu du Mitxelenak. Baina komisarioak ondo gogoan du kalea museo zeneko garaia.