Sanferminak Iruñean. Zortzigarren entzierroa

Zirraragarria eta arriskutsua

Ziztu bizian egin dute entzierroko bidea Torrehandilla-Torreherberosen adardunek. Arriskua sortu dute behin baino gehiagotanEz da adarkaturik izan, baina lau lagun eraman dituzte erietxera, kolpeak hartuta

Zirraragarria eta arriskutsua.
Iruñea
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Lehen aldia zuten Torrehandilla-Torreherberoseko zezenek (Jaen, Espainia) Iruñean. Aurreko egunetako entzierro zozo eta berdintsuei gatza eta piperra jarri zieten atzo adardunek. Azkar egin zuten bidea; batez ere, Udaletxe plazan taldearen aurrean jarri zen zezen gorrixkak. Zezen plazaraino bakarrik joan zen, eta hainbat lasterkari bota zituen lurrera. Zorionez, ez zuen inor adarkatu. Lau lagun eraman zituzten erietxera, kolpeak hartuta.

Zezen saldoak elkarturik igo zuen Santo Domingo aldapa. Taldearen bukaeran zihoan zezen beltz batek lasterkariak harrapatzeko keinuak egin zituen, baina ez zuen inor harrapatu. Hori bai, aldaparen eskuineko espaloia ongi asko garbitu zuen. Udaletxe plazara iritsi zirenerako, zezen gorrixketako bat lasterketaren buruan jarri zen. Plazan sartu bezain azkar, mutil bat muturrarekin jo eta lurrera bota zuen. Handik aurrera, bakarrik egin zuen ibilbide osoa.

'Caprichoso'-ren arriskua

Entzierroko protagonista izan zen Caprichoso izeneko zezen gorrixka. Mercadereseko bihurgunean ez zuen hesia jo, eta ziztu bizian hartu zuen Estafeta kalea. Han ere, aurrean eraman zituen parean jartzen zitzaizkion lasterkariak: hiru bota zituen, bata bestearen atzetik, kaleko hainbat zatitan. Bostehun kiloko animaliaren adarrek bizkar eta ipurmasail bat baino gehiago igurtzi zuten. Kailejoian ere, zori bera izan zuen beste lasterkari batek. Zorionez, baina, ez zuen inor adarkatu. Bi minutu eskasean, zezen plazan zen, eta arazorik gabe sartu zen ukuilura.

Atzetik zetozen beste zezenak eta joaldunak. Estafetan, erabat luzatu zen taldea, zatitzeraino. Larunbata izanik, ibilbidea korrikalariz mukuru zegoen. Lanak izan zituzten adardunen artean jartzeko. Maiz, zezenak baino gehiago, lasterkariek korrika egiteko zuten tarte eskasa zen arazo. Horregatik, lasterkari asko erori ziren zati horretan. Trosta azkarrean sartu ziren zezen plazara adardunak, ilaran.

Han izan zen entzierroko unerik arriskutsuena, azkena sartu zen zezen beltzarekin. Lasterkari burugabe batek zezenari deitu zion, eta adardunak hareara bota zuen, buruarekin. Kapadun bati esker salbatu zen gaztea handiagoak hartu gabe.

Lau lagun eraman zituzten ospitalera, kolpeak hartuta. Buruan traumatismoa zutela, bi lagun eraman zituzten. Horietako batek —irlandarra da— behaketan jarraitzen du. Besteari eguerdirako eman zioten senda-agiria. Hirugarrenak belaunean du kolpea, eta laugarrenak, bizkarrean. Biak ala biak kalean dira jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.