Oso azkar eta baturik

Cebada Gago ganadutegiko zezenek oso azkar egin dute lasterka, eta elkarrekin egin dute ibilbide osoa. Zezen batek korrikalari bat adarkatu du entzierroaren amaiera aldera.

Estafetan, zezenak eta jendetza. RAUL BOGAJO / FOKU
Estafetan, zezenak eta jendetza. RAUL BOGAJO / FOKU
joxerra senar
2026ko uztailaren 8a
08:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahiz eta azkenaldian entzierroak nahiko errepikakorrak diren, inoiz ez dago jakiterik nolakoa izango den hurrengo lasterketa. Ustez, Cebada Gago ganadutegiko zezenek arrisku gehigarri bat izan ohi dute, gatz eta piper berezia. Nolanahi ere, oso lasterketa azkarra izan da gaurkoa. Sei zezenek batuta egin dute ibilbidea. Bi minutu eta 26 segundo behar izan dituzte 875 metroak egiteko.

Entzierroa hasi aurreko uneetan, sei zezenak lasai antzean zeuden San Domingoko ukuiluan, baina, zortzietan, suziriak Iruñeko zerurantz jo duenean, ke handi baten erdian atera dira korrika, joaldunen atzetik. Elkarrekin korrika egitera ohiturik eta anaien arrastoa galdu nahi gabe, zeharka begiratuz egin dute gorantz. Joaldunek ireki dute bidea, eta atzetik, sei zezenak. 565 kilo eta 590 kilo arteko sei zezen, indar betean.

Hasierako tarte horretan, korrikalari batzuk gai izan dira metro bakan batzuetan erritmoari eutsi eta bazter batera egiteko, arrapaladan multzoak euren gainetik pasatu aurretik. Nahiko garbi zegoen tarte hori. Zaila da %6ko batez bestekoa duen aldapa batean gora egitea. Udaletxera iritsi aurretik, korrikalari batzuk erori egin dira, baina zezenek ezer gertatu izan ez balitz bezala jo dute aurrera.

Berriro ere estualdiren bat Mercaderesko bihurgunean, baina hara bakarrik heldu da zezen multzoa. Hortik aurrera, arriskua areagotu egin da jendetzaren ondorioz. Estafetako eskuin aldera, jende pilaketa handi bat sortu da, baina, lasterkariak han trabaturik geratuagatik, zezenek aurrera jo dute. Idia taldeburu, eta atzetik zezenak eta gainerako joaldunak, guztiak ere elkarturik; batzuk ezkerretik, beste batzuk eskuinetik. Ez dira baldintza hoberenak korrikalarientzat, eta, ondorioz, adar artean korrika egiteko lehia handitu egin da.

Lehia handia

Bultzadak eta kolpeak nagusitu dira Estafetako ibilbide aurrean. Zezenen aurrean jartzeko borroka handien poderioz, eroriko ugari izan dira, eta oztopo lasterketa bihurtu da. Hesiak balira bezala, eroritakoen gainetik jauzi egin behar izan dute zezenek. Ez beti. Gazte bat adar artean erori da, eta ondoren hainbat zezen gainetik pasatu zaizkio. Apurka, zezenak erritmoa galduz joan dira, eta jendetzaren erdian egin behar izan dute aurrera, gainerakoei segika, eta inoren kontra egiteko borondaterik gabe.

Kalearen amaiera aldera, zezen batek korrikalari bat adarkatu du besoan. Zehazki, adar ukitua izan da. Ez da nabaritu zezenetako batek korrikalarien aurka jo duenik, eta ziurrenik, korrikalaria parean topatu duelako gertatu da hori.

Lehen zenbaketaren arabera, kolpeen eta erorikoen ondorioz artatzen dituzten zaurituak salbu, hiru lasterkari artatu dituzte. Haietako bat da adarkatua, eta ospitalera eraman dute. 23 urteko gazte gipuzkoar bat da. Beste bi zaurituak zezen plazan artatu dituzte: batek odol isuria izan du eroriko baten ondorioz, eta besteak kolpe handia hartu du hanketako batean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA