Sanferminak Iruñean. Bosgarren entzierroa

Ziztu bizian

'Denunciante' zezenak sekulako abailan eta bakarrik egin du entzierroaren ibilbidea, lasterkari askorengan estutasunak eraginezEntzierro garbia izan da; korrikalari bakarra eraman dute erietxera, kolpe bat hartuta

Iruñea
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Zirraragarria izan zen Fuente Ymbro ganadutegiko zezenek atzo egindako entzierroa. Lasterketa hasi eta metro gutxira, zezen beltz batek aurrea hartu zien besteei, eta bakarrik joan zen zezen plazaraino. Korrikalarien artean estutasun franko eragin zituen, eta bat baino gehiago aurretik eraman zuen. Halere, entzierro garbia izan zen, eta ez zen adarkaturik izan. Lasterkari bakarra artatu zuten erietxean, eskuko behatz batean kolpea hartuta.

Entzierroa hasi zela iragartzen zuen suziriak zeruan eztanda egin bezain azkar atera ziren Gaseko eskortatik Fuente Ymbro ganadutegiko sei zezenak. Cadizko (Espainia) adardunak motel abiatu ziren Santo Domingo aldapan gora. Aldaparen erdialdean, baina, zezen beltz batek aurrea hartu zion saldoari, eta sekulako abaila hartu zuen. Harrezkero, Denunciante izeneko 605 kiloko adardun beltzak, lasterkari fina dela frogatuz, esprintean egin zituen entzierroaren ibilbideko 850 metroak. Guztien harridurarako, bi minutu eskasean zezen plazan zen animalia. Haren beste bost anaiek, berriz, beste 33 segundo behar izan zituzten ibilbidea bukatzeko.

Denunciante-ren abaila hain zen bizia eta azkarra, ezen lasterkari franko jo eta zapaldu zuen bidean. Udal plazaren hasieran bota zuen lehena, muturrarekin. Ziztu bizian pasa zuen plaza, eta erritmo berari eutsi zion Mercaderes kalean.

Bihurgunea pasata, Estafetan gogoz sartu zen, baina metro gutxira irrist egin zuen, eta lurrera erori zen. Berehala altxatu eta berreskuratu zuen une batez galdu zuen aurreko erritmo zoroa. Indarrarekin jarraitzen zuela frogatzeko, hainbat lasterkari eraman zituen aurretik han ere. Astelehen buruzuria izanik, asteburuko bi egunetan baino lasterkari gutxiago zegoen kale horretan. Lasterkaldi politak eta biziak ikusi ziren adardunaren artean, eta korrikalariek ez zuten elkar joka ibili behar izan tokia hartzeko. Bakarrik zegoen arren, ez zion inori ekiteko keinurik egin, eta bideari jarraitu zion. Azkar batean sartu zen zezen plazara, eta ukuilura joan zen zuzenean.

Zintzoak

Atzetik heldu ziren beste bost adardunek eta joaldunek ere zintzo jokatu zuten, eta ez zuten arazorik eragin. Ez zuten adarrekin ekiteko inolako imintziorik egin. Denunciante-ren atzetik hogeitahamar metroko distantziara-edo egin zuten lasterka. Taldea, zezen beltz bat eta joaldun bat buruan zirela, elkarturik joan zen ibilbide osoan zehar. Aurretik zihoan zezen beltzarekin gertatu bezala, korrikalariek adarren artean lasterka egiteko aukera izan zuten. Etxeko korrikalariak bakarrik zeuden ibilbidean, eta adarren artean gozatzeko aukera izan zuten. Zezen plazara elkarturik sartu ziren. Ustekabean baina, taldeko zezen beltz bat itzuli egin zen. Halere, ez zion inori ekin, eta plazako ukuilura sartu zen unaien kapoteei jarraituz.

Entzierroa oso bizia izan bazen ere, lasterkari bakarra eraman zuten erietxera, eskuko behatz batean kolpea hartuta. J.D.G. 27 urteko katalana da zauritua, eta senda-agiria jaso zuen eguerdirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.