Bertizera txangoa egitea beti da naturara gerturatzeko plan bikaina. Nafarroako Natur Parke zabal eta eder horretan milaka zuhaitz daude, eta, lorategi botanikoaz harago, bertako basoetan, pagoen eta errekastoen artean, okil beltza eta arkanbelea topatu daitezke. Itzalean ibiltzeko leku aparta da, magalez magal, eta, uda honetan, naturaz gain, arteaz gozatzeko aukera ere badago jaurerriko erakusketa gelan. Ars Naturae - Natura artis erakusketak zortzi artistaren lanak elkartzen ditu. Abuztuaren 31 arte egongo da zabalik; goizez, 10:30etik 13:30era, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara.
Variopintas taldea zortzi emakume artistaz osatuta dago. Natura bera izan dute inspirazio iturri, naturarekiko lilura, eta solasaldi bat sortu dute, artearen eta naturaren artean, bakoitza bere lengoaiaren bidez, izan margoak, ilustrazioak, eskulturak edo testuak. Zortzi ahots, zortzi begirada, zortzi unibertso...
Leire Olkotz, Idoia Iribertegi, Berta Sueskun, Mila Garcia, Gabriela Barrio, Itziar Goñi, Rebecca Gil eta Concha Pasamar artistek osatzen dute Variopintas. Nork bere lan egiteko modua du, bere nortasuna, baina hausnarketa kolektibo horretan, hari bat dago: natura.
Kontakizun bakar horretan, ikuslea ere erakusketaren parte bilakatzen da. Sinboloak eta zantzuak daude, pieza batetik besterako ibilbidea egiteko, eta amaieran, irekita dagoen maleta baten barruan, bisitariak orri zuriak aurkituko ditu bere ekarpena egiteko, hitz batzuk idatziz edo marrazki bat eginez. Kontakizunak, horrela, jarraipena izango du, irudiak eta letrak lotuz. Azken batean, artistek lan guztiak lotzen dituen fikziozko istorio bat asmatu dute, eta bisitariek istorio horren amaiera asma dezakete.
Erakusketak iraun bitartean hainbat ekimen ere egin dituzte, tartean bisita gidatuak, eta egitarau paralelo horren azken ekitaldia heldu den abuztuaren 23an egingo dute. Egun horretan, paperezko loreak egiteko aukera egongo da. Bertizko jaurerriko lorategia izango da abiapuntua. Variopintas taldeko artistak bertan izango dira, haien asmoa baita tailer horren bidez haur eta nerabeei artearen esparruan murgiltzeko aukera ematea. Tailerra 6 urtetik gorako haurrentzat dago pentsatuta.
'Kultur' egitasmoak 30 urte
Ars Naturae - Natura artis erakusketa egitarau zabal baten parte da. Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuaren programa bat da, uda osoan hainbat eta hainbat udalerritan garatzen dena, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, musika, dantza eta antzerkia ardatz duten ekintza anitzekin. Aurtengo edizioa, gainera, berezia da, egitasmoak 30 urte bete baititu.

Bertizko erakusketa da, bada, egitarauaren berrikuntza nagusia, baina uda osoan 43 ekitaldi baino gehiago daude programatuta. Gaur bertan organo kontzertu bat izango da Leiren. Jose Luis Etxetxipia organista (Iruñea, 1966) arituko da bertako monasterioan, 19:45ean. Frantzian, Portugalen eta Italian ibilitako musikaria da Etxetxipia.
Bihar, berriz, hegoaldera joango da musika. Mielontxin Vianan arituko da. San Pedroko hondakinetan arituko da folk taldea, 20:00etan, bere sorreratik hogei urte pasa direla ospatzeko. Herri musika berritu eta berpizteko asmoz sortu zen taldea, 2004an.
Txistua, txirula, alboka, txalaparta, akordeoia, kontrabaxua, pianoa eta munduko perkusio tresnak uztartuko dituzte ikuskizunean, eta hainbat musikarirekin igoko dira oholtzara: Hutsun, Joaquin Taboada, Noelia Compais eta Malatxorekin. Lauarin dantza taldea ere arituko da, jotak eta arin-arinak dantzatuz. Mielontxineko kideek jantzi berriak estreinatuko dituzte bihar.