Mixel Aire 'Xalbador'

«Zubia zutik zeukaten zangoak ginen gu»

Nafarroako txapel bat badu etxean, Ipar Euskal Herriko bi txapelketetan parte hartu zuen, eta lehiaketa uztea deliberatu du. Urepelen hartu gaitu, bere etxean.

Joanes Etxebarria.
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Erantzun azkarreko gizona da Mixel Aire, jakintza handikoa.

Interneten, bertso bideoen deskribapenetan batzuek Xalbador II.aizendatu zaituzte.

Hemen baino gehiago egiten da hori hegoaldean... eta gehienik, pilotarietan dut ikusia. Hegoaldeko norbaitek egina duke hori hola, baina ez diot horri kasu handirik egiten. Hobe lukete ezarri balute « Xalbador batere ez » enetako, baina ez daut egin ez bero eta ez hotz. Mixel Xalbador deitzea arrunt ontsa zait.

Gabadin kantatu zenuen «gauza bat da eskola eta bestea jakitatea». Zein izan da zure eskola ?

Bost urtetan hasten ginen eskolan orduan, eta 14 urtetan utzi nuen. Bazen Certificat d'Etudes Primaires (Oinarrizko Ikasketen Agiria) garai hartan, eta hura ukan nuen, halere. Laborantxa eskola erraten genion beste eskola batean ere zerbait ikasiak gara.

Katexima ere egiten genuen goiz guziz, eta hura ere ez zen kalte izan. Euskaraz egiten zen, bestela ez ginuen irakurriko batere... Euskararen alde, orduko kateximak egina du anitz hemen.

Zure eskola izan da laborantxa ere. Urepelen eta Ameriketan (bost urtez) izan zara laborari...

Han negu bat pasatu nuen artzain. Hemengo artzaintza eta hangoa arrunt diferenteak dira. Hemen ardi jeisten eta han berriz haragia, bildotsak egiten ziren. Tropak ere hemen ehunekoak ziren, han berriz bost milako tropak ziren. Gero hango modak, aspaldi hasirik eta orain ere, jiten dira hona.

Euskal begiekin nola ikusten zenuen garai hartako Kalifornia?

Arrunt guti ikusi nuen, egun bat pausa hartu gabe beti lanean ari izan ginen. Erran bezala egon nintzen negu bat artzain, eta gero joan nintzen behi jeztera, nik han ez dut behia baizik ikusi. Artetan, euskaldun bestetara joaten ginen, eta Euskal Herrian bezala zen, edo hobeki.

Hobeki ?

Bai, izugarri besta ederrak egiten zituzten, eta dituzte. Berriki izan gara han, eta hamar egunez Kalifornia hobeki ikusi dut han iragan bost urteetan baino. Bestaz besta ibili ginen bertsotan Lakarekin. Halere, han ere ari da euskaldun kopurua ttipitzen, kulturari azkarki atxikiak badira ere.

Bertsolaritza aipa dezagun. Zure gazte denboratik hona, zertan aldatu dira bertsolariak?

Bertsolari onak eta txarrak beti izan dira. Baina bertsoka, eskolei esker, orain hobeki dakite. Bertsoa, teknika aldetik, orain bezain ontsa egiten ez zekiten lehenago. Euskara anitz hobetu da, literatura ere hobea iduri zait orain.

Teknikan irabazi dena mamian galdu da?

Ez, ez. Zertako galdu? Bertsolari handiak badira orain ere. Xalbador animaleko bertsolaria zen, baina Xalbador, Xalbador zen. Menturaz, Xalbadorrek bazuen orain Ametsek ez duen zerbait, baina Ametsek badu Xalbadorrek ez zuen zerbait. Errana dut, sobera beharbada, enetako Xalbador izan dela bertsolaririk handiena, baina orain ere badira onak. Amets aipatu dut, baina nola ez aipatu Egaña, Maialen...

Eta, zu, belaunaldien arteko zubia...

Zuek erraten baituzue hori, plazer egiten dit. Nik bezainbat egiten dute bertzeek ere, Ezpondak eta zorigaitzez zenduak diren lagunek : Alkhatek eta Arrosagaraiek... Nolazpait atxiki dugu delako zubi hori zutik. Zubia zutik zeukaten zangoak ginen gu.

Ipar Euskal Herriko txapelketan parte hartu duzu bi aldiz; gustura?

Lehenean izugarri gogotik kantatu nuen, eta ene baitatik parte hartu nuen. Bigarrenean ene bila jin baitziren. 1978ko Nafarroako txapelketan parte hartzeko ere hiru apez jin ziren ene gana, parte hartu behar nuela, eta hola hasi nintzen.

Haatik, ez naiz berriz joanen eta ez du balio galdezka jitea ere. Sentitu izan dut gazte horietan batzuek pentsatzen zutela: «xahar hau...». Beti izan da bertsolarien artean zerbait, jeloskeria halako bat.

Txapelketan ez, beraz; baina bertsolari gisa zerk ilusioa eraginen lizuke ?

Deusek, orain ez. Ez dira bakarrik belaunak gogortzen, burua ere egiten da.

Xalbador eguna da gaurkoa.

Urepelen bertso saio bat egitea izugarri ontsa da. Haatik, egun hori zama bat izana da luzaz guretako, etxekoendako. Hemen ere, Urepelen, Xalbador ez zuten denek gustukoa eta hasieran egun hortara herriko guti joaten ziren.

Orain pixka bat aldatu da, goxatu da. Lehen omenaldia erraten zitzaion, eta hori sobera zen, urte oroz omenaldi bat... Dena den han izanen naiz bertsolariak entzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.