Herriek badute elementu guztien artean gehien nabarmentzen denen bat. Bada, Ormaiztegik ere (Gipuzkoa) badu. Zubi bat da, eta ez da nabarmentzen soilik bere altueragatik eta tamainarengatik, baita atzean duen historiarengatik ere. Hain zuzen, tren-zubiaren historia herritarren artean ezagutarazteko, Zumalakarregi museoak bisita gidatuak antolatzen ditu urte osoan. Uda honetan, baina, areagotu egin dituzte bisitak. Hortaz, zubia bisitatu nahi duen orok uztail eta abuztu osoan aukera izango du, asteartetan eta ostegunetan, 11:00etan.
Museotik abiatzen dira bisitariak, hitzartutako orduan. Bisitak orotara 45 minutu inguru irauten duela zehaztu du Maria Jauregi Zumalakarregi museoko langileak, eta zertan datzan azaldu: «Zubia noiz sortu zen, nork egin zuen, zer garrantzi duen eta urteetan zer bilakaera izan duen esplikatzen dugu». Argitu du bisitan izena emateko deitzen duen lehenengoak aukeratzen duela hizkuntza, eta horren arabera antolatzen dituztela gainerako pertsonak. Horrez gain, gehitu du bisitaren ordua finkatuta egon arren ordutegia egokitu daitekeela bisitariek hala nahi izanez gero.
Zubiaren bilakaera
Alexander Lavalleyek diseinatu zuen zubia, eta 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten. Laminatutako burdinazko egitura du, errematxe izeneko iltzeekin lotuta dago, eta harlanduz estalitako lau pilarek eusten diote. 289 metro luze da, eta 34 metro garai: «benetako maisulana», museoko langilearen ustez.
Sortu zutenetik, Madril eta Paris lotzen dituen trenbideko obrarik garrantzitsuentzat du Jauregik, eta trenaren garrantzia ere azpimarratu du: «Trenak asko aldatu zuen gizartea; gure historiaren nondik norakoak aldatu zituen. Balio estrategiko ikaragarria du, eta gerra zen haren etsai nagusia». Bigarren Karlistaldian, esaterako, 1872tik 1876ra, «kalte txikiak soilik» eragin zizkiotela azaldu du.
1912an berrikuntzak heldu ziren: bi aldetarako bidea gehitu zioten, eta 1928an elektrifikazio lanak egin zituzten. 36ko gerran, ostera, gorabeherak izan zituzten: «Bergarako Labe Garaietako langileek zubia sopletez moztu zuten, tropa frankisten etorrera galarazteko asmoz».
Handik urte batzuetara, 1941. urtean, goitik behera aldatu zuten zubiaren itxura: «Trafikoa handitzearen ondorioz, hormigoi armatuzko egituraz egindako beste lau zutabe gehitu behar izan zituzten». 1995ean «zerbitzuz kanpo» gelditu behar izan zuela jakinarazi du Jauregik, eta horren arrazoia azaldu: «Zubitik igarotzen ziren tren berrien ezaugarri berritzaileak zirela medio, zubiak bete beharreko segurtasun eskakizunak areagotu egin ziren». Ordudanik, hemezortzi metro inguruan eraikitako tren-zubi berri batetik desbideratu zuten trafikoa.