Zuloak zirrikiturik gabeko txorientzat

Eskoziak lege aitzindari bat onartu du: 2027tik aurrera egiten dituzten eraikin berriek adreilu zulodunak izan beharko dituzte, sorbeltzek habia egin dezaten. Izan ere, hegazti horren populazioak beherakada nabarmena izan du han azken urteetan.

Sorbeltz bat hegan, eta habiak egiteko adreilu zulodunak. BERRIA
Sorbeltz bat hegan, eta habiak egiteko adreilu zulodunak. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zirrikiturik gabeko bizitzak eta zulorik gabeko etorkizunak: horiek nahi ditu jendeak. Sokekin lotutako animalien askatasuna aldarrikatzen da, baina kontrolatu ezin direnena murriztu eta oztopatu. Habiak egiteko haien zuloak tapatu. Zirrikituak estali. Pausatzeko tokiak arantzaz josi. Gune urbanoak baitira orain lehen naturalak zirenak. Iritsi dira jabe berriak, eta bota egin dituzte jatorrizkoak. Etxegabetu egin dute fauna. «Bueltatuko dira enara beltzak, eta zintzilikatuko dituzte euren habiak zure balkoian», zioen Gustavo Adolfo Becquer poeta espainiarrak. Hor dago afera: bueltatzeari utzi diotela askok.

Halaxe gertatu da Eskozian, eta horregatik hartu dute erabaki aitzindaria: 2027tik aurrera egiten dituzten eraikinek adreilu zulodunak ere izan beharko dituzte —swift bricks esaten diete haiek: swift euskaraz sorbeltza da, eta brick, berriz, adreilua—. Hori baita helburua: zulo horiek sorbeltzentzat, arabazozoentzat, txolarreentzat eta beste hegazti espezieentzat habia egiteko toki bihurtzea, zirrikiturik gabeko eraikuntzak baitira berriak, eta zuloak estaltzen baitzaizkie zaharberritzen direnei. Eskozia da halako neurri bat legez ezarri duen lehen herrialdea, eta oso litekeena da Ingalaterrak ere bere egitea. Eskoziako Gobernuko Klima eta Energia Ekintzarako ministro Gilliam Martinek gogorarazi du zergatik iritsi diren horretara: «Sorbeltzen populazioa %60 apaldu da 1995etik hona».

Eta Eskoziak eman du aditzera lehendik ere ezaguna zen afera: arkitekturaren eta biodibertsitatearen arteko talka. Bataren jardunak bestearen galeran duen eragina. Konponbideak jarri eta neurriak hartzeko beharra. Eta kezka ez da eskoziarrena bakarrik. «Badago halakoen inguruko kezka bat arkitekturaren munduan. Batez ere, bioeraikuntzaren arloan ari direnen edo arkitekturari buruzko ikuspuntu sistemikoago bat dutenen artean», azaldu du Koldo Telleria arkitektoak.

Hirigintzaren alorrean sumatu du Telleriak kezka hori: «Biodibertsitatearen galerak dakartzan ondorioei buruzko kezka ikusten dut inguruan. Ohartzea hirietan eta herrietan ez garela bakarrik bizi. Bizidun batzuk garela ekosistema oso batean, eta hor tokia izan behar dutela beste batzuek ere». 

«Bistako adreiluek zerbait badute, koskak eta zirrikituak dituzte. Dena aluminio lauarekin ordezkatu eta estaltzen baduzu, bizitza galera handi bat ari zara eragiten»

KOLDO TELLERIAArkitektoa

Zer gertatzen da orduan? «Ideia bakarrarekin funtzionatzen dugula askotan: etxebizitza asko berritu beharra dauzkagu, isolatu beharra dauzkagu, eta etxe guztiak plastifikatu egiten ditugu. Dauden zirrikitu guztiak itxi: zomorroak sartzen ziren tokiak, hegaztiek habiak egiten zituzten zuloak... Baina berdin gertatzen da eremu publikoetan ere. Joera da gauzak asko sinplifikatzea. Txokorik eta koskarik ez uztea». Eta adibide «klasiko bat» jarri du Duna taldeko arkitektoak: bistako adreiluak dituzten etxeak. «Zenbat ote daude gurean? Eta zenbat ari ote dira desagertzen aluminiozko geruza gris horien mesedetan? Bistako adreiluek zerbait badute, koskak eta zirrikituak dituzte. Dena aluminio lauarekin ordezkatu eta estaltzen baduzu, bizitza galera handi bat ari zara eragiten».

Eskozian onartu duten lege hori Euskal Herrian aplikatu ote daitekeen galdetuta, ez du zalantzarik: «Udalerri guztiek egin dezakete, nahi izanez gero». Nola? «Hirigintza araudia onartzen dutenean, ordenantza batzuk ezartzen dira. Nolako eraikinak egin behar diren erabakitzen da. Eta erabaki daitekeen moduan leiho guztiek egurrezkoak izan behar dutela edo fatxada guztiek zuriak, erabaki daiteke gizakiak ez diren beste izaki bizidunentzako habitatak sortzea ere. Udalarena da tresna hori, eta oso egokia izan daiteke kasu honetarako». Izan ere, gizartean gertatzen ari dena «oso esanguratsua» dela dio Telleriak: «Donostian, zazpi pertsonako txakur bat dago. Geroz eta txakur gehiago daude, baina txakurrak bakarrik. Alegia, guk kontrolatzen ditugun animaliak bai, baina euren kasa bizi direnak ez ditugu nahi. Txakurren eskubideak aldarrikatzen dituen jendeak txorienak, moskitoenak eta eulienak ere aldarrikatu beharko lituzkeela uste dut. Pentsatu nahi dut ezjakintasuna dela gehiago, eta ez dakitela beste errealitate hori ere hor dagoela».

Sorbeltz arrunta, harrizko horma baten zuloan. JUAN DEAN
Sorbeltz arrunta, harrizko horma baten zuloan, Iruñean. GONZALO DEAN

Beste errealitate horren berri ematen urteak daramatzate Aranzadiko ornitologoek, Enarak proiektuaren bidez. Enara arrunten (Hirundo rustica), enara azpizurien (Delichon urbicum) eta sorbeltzen (Apus apus) habiak erroldatzen dituzte. Txitatze garaian, boluntarioen laguntzaz, habiak aurkitzen dituzte, eta urtez urteko jarraipena egin. Ornitho.eus zientzia atarian daude jarrita datu guztiak, bisore digital batean. Olatz Aizpurua Aranzadiko ornitologoak «pozarren» hartu du Eskoziako Gobernuaren erabakia: «Enarak proiektuko boluntario guztiekin batera Whatsapp talde bat daukagu, eta han jakinarazi zuen norbaitek albistea. Oso albiste ona da. Lanean jarraitzeko itxaropena ematen digu».

Dena dela, Eskozian «pauso bat aurrerago» joan direla dio Aizpuruak: «Gu beste borroka batean gaude oraindik. Haiek, eraikuntza berriei buruz ari dira; gu, berritzen dituztenei buruz. Eraikin askotako fatxadak ari dira berritzen, ez direlako energetikoki eraginkorrak. Ados. Baina horietako askok zuloak dituzte, sorbeltzak dituzte, eta berdin-berdin berritzen dituzte. Hor sortzen da arazoa: sorbeltzen zuloak tapatu egiten dituzte».

«Eraikin askotako fatxadak ari dira berritzen, ez direlako energetikoki eraginkorrak. Ados. Baina horietako askok zuloak dituzte, sorbeltzak dituzte, eta berdin-berdin berritzen dituzte. Hor sortzen da arazoa: sorbeltzen zuloak tapatu egiten dituzte»

OLATZ AIZPURUAAranzadiko ornitologoa

Legez babestutako hegazti bat da sorbeltza. Natura eta Biodibertsitate Legeak babestuta dago Hego Euskal Herrian, eta Europan ere bai. Zigor kodeak debekatu egiten du sorbeltzen eta enara azpizurien habiak suntsitzea. «Eraikin horiek berritzeko lanak udaberri-udetan egiten dituzte. Sorbeltzak gurean egoten diren garai berean. Lortu izan da obra horietako batzuk gelditzea, baina gure borroka hori da: eraikuntza enpresek, eraikin horiek berritzerakoan, materialen jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa aintzat hartzen dituzte, baina biodibertsitatea albo batera gelditzen da beti. Eta populazioak galdu egiten dira». Eta Aizpurua ez da ari sorbeltzei buruz bakarrik: «Txolarreen kopurua ere arrazoi berarengatik ari da txikitzen, saguzarren kopurua ere bai... Enara arruntak ukuiluetan egiten du habia, eta geroz eta ukuilu gutxiago daude. Hontz zuriari ere baserrietako ganbera zaharrak ixten ari zaizkio...». Tokirik gabe ari dira gelditzen: «Baina gu izan gara iristen azkenak. Sorbeltzak gurekin batera eboluzionatu du. Lehen, erlaitzetan egiten zuen habia, eta, orain, gure eraikinetan sartu da. Mantendu eta, ahalko balitz, hobetu egin beharko genuke haien egoera. Guk kendu dieguna bueltatu, nolabait». Aranzadiko ornitologoak Lezoko (Gipuzkoa) adibidea jarri du: «Enara azpizuriak balkoien azpialdean egiten du habia, eta jendeak oso erraz apurtu ditzake. Udaletxe txikia da Lezokoa. Ingurumen teknikariak eta arkitektoak bat egin dute, eta zera ezarri dute: jendeak etxeak berritu behar dituenean, baimena eskatzerakoan, habiarik ba ote dagoen begiratu behar duela. Baldin badaude, neurri konpentsatzaileak ezartzen dira, eta habia horiek kutxekin ordezkatu».

Sorbeltz arrunta, hegaldi betean. ARANZADI
Sorbeltz arrunta, hegaldi betean. ARANZADI

Eta ez da adibide bakarra. Bartzelona hiriburuan ere badute halakoetarako protokolo bat. Aizpuruak berak esplikatu du Europak haien kontrako isun bat jarri ostean erabaki zutela protokolo hori ezartzea. Protokolo horretan, eraikuntza enpresei esplikatzen diete zer egin behar duten: faunaren aldez aurreko ikerketa edo txosten bat. Eta txosten hori egiten duten enpresen zerrenda bat ematen diete. «Horrela, Bartzelonari isuna jartzen badiote, haiek jada esan dezakete eurek eraikuntza enpresei esan dietela nola jokatu behar duten, eta isuna haien ardura dela, jakinaren gainean aritu direlako». 

Hegazti berezia baita sorbeltza. Apus apus izen zientifikoa grekotik dator, eta hankarik gabea esan nahi du. Izan ere, horren laburrak ditu hankak, non lurrean pausatzen bada ezin duen berriz hegan hasi, hegoekin lurra jotzen baitu. Habiatik behera ere hegan irteten da kumea, eta bi urte pasa ditzake hurrena berriz habia batean pausatu arte. Hegan bizi da sorbeltza. Hegan egiten du ehizan, eta hegan lo. Azpiazurena da hausnarketa: «Gustuko ditugunean bakarrik joaten gara hegaztien bila, haiek ikustera. Inguruan ditugunekin ez gara konturatzen. Kexatu egiten gara, eta ez dakigu zer-nolako aberastasuna daukagun. Urtero bueltatzen den hegazti baten habia da, eta urtero toki berean egiten duena». Akordatu zer zioen poetak: «Bueltatuko dira enara beltzak, eta zintzilikatuko dituzte euren habiak zure balkoian». Bai, batzuk bueltatu egiten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.