Abuztuaren 13ra bitarte, jaialdiko antolatzaileek eskaintza zabala prestatu dute, gustu ezberdinetako publikoa gertura dadin. Astelehenean, esaterako, Flysch Quartet klarinete kontzertua izango da; eta, asteartean, San Pedro abesbatzaren emanaldia. Guztira, hamahiru ekitaldi egongo dira, herriko hainbat tokitan: batzuk toki itxietan —aretoetan eta parrokian—; beste hainbat, aldiz, aire librean. Urtero legez, nazioarteko musikariak ikusteko beta izango da. Horrez gain, zinema, dantza eta ipuin kontalariak ere batuko dira jaira.
Herritarren parte hartzea
Zumaiarren presentzia azpimarratzekoa da: izango diren emanaldi gehienetan, zortzitan, zumaiarrek parte hartuko dute.
Duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zuten jaialdia, eta, geroztik, asko aldatu da haren musika eskaintza, publiko zabalagoa bertaratzeko asmoz. Hasieran, musika klasikoa doinu ia bakarra zen; egun, ordea, musika estilo horrekin batera, beste askok ere presentzia dute. Halere, musika klasikoa ardatz bezala hartzen dute oraindik ere programazioa egitean.
Jazzak, haurrentzako musikak eta musika doinuekin hertsiki lotuta dagoen dantzak ere bere tokia izango dute, aurten. Azken horren adibide da Tio Teronen Semeak taldearen Freshcool dantza ikuskizuna. Abuztuaren 13an ikusi ahal izango da, 20:00etan, Odietan.