800 korrikalari lehiatuko dira bihar Gorbeia Suzien proban

2026 Skyrunner World Series zirkuituko Red proba izango da 13. ekitaldia, eta munduko korrikalari onenetako batzuk ariko dira nor baino nor gehiago, azken garaipena lortzeko puntu erabakigarrien bila, tartean Sara Alonso eta Aitor Ajuria, iazko irabazlea.

Gorbeia Suzien 2026 probaren aurkezpena
Gorbeia Suzien probaren aurkezpena: babesleak, antolatzaileak eta Sara Alonso eta Aitor Ajuria korrikalariak. GORBEIA SUZIEN
ramon olasagasti
2026ko irailaren 25a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

BBK Salan aurkeztu dute gaur goizean Gorbeia Suzien lasterketaren hamahirugarren ekitaldia. Aurtengoa ISFk, Nazioarteko Skyrunning Federazioak, antolatzen duen Munduko Kopako zazpi Red probetako bat izango da. Red proba horietan, %50 puntu gehiago ematen dira egutegiko beste lasterketen aldean, sailkapen orokorrari begira. Hori dela eta, Gorbeiako aldapetan puntu erabakigarriak izango dira jokoan, emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan, Munduko Kopa irabazi nahi duten korrikalarien artean.

Zirkuitua otsailaren 22an abiatu zen Argentinako Los Cuatro Refugios lasterketarekin, eta guztira hemeretzi proba izango dira. Gorbeia Suzien hamazazpigarren geltokia izango da, eta, ondotik etorriko dira Sobrescobio Skyrace, urriaren 24an eta 25ean, eta Marato dels Dements Skymaster, azaroaren 7an.

Gorbeia Suzien probaren atarian, Amanda Nilsson da liderra, 431 puntu bilduta; Patricia Pineda da bigarren, 345 puntu eskuratuta; eta Svetlana Nurmukhametova dago hirugarren, 343 puntu baititu. Sara Alonso donostiarrak ere baditu aukerak oraindik, eta denboraldiko bere helburu handietako bat zera da, bai Gorbeia Suzien irabaztea, eta bai zirkuituko azken garaipena eskuratzea. Gorbeian iaz Lide Urrestarazuk egindako errekorra (3.34.16) ere hautsi nahiko luke Alonsok.

Gizonezkoetan, Jose Manuel Quispe da liderra, 478 puntu lortuta; Nicolas Molina da bigarren, 375 puntu ditu-eta; eta Frederic Tranchand da hirugarren, 363 puntu bilduta.

Gaurko aurkezpenean izan dira arestian aipatutako Sara Alonso eta Aitor Ajuria, iazko irabazlea. Haiek izango dira bihar faborito nagusietako bi. Euskal korrikalarien artean, Oihana Zubillaga ere sasoi betean da, eta haiekin lehian ariko dira, besteak beste, Denisa Dragomir duela bost urteko irabazlea, Eva Delafosse, Karina Andersen, Patricia Pineda eta beste hainbat. Gizonezkoen artean, Aitor Ajuria, Gontzal Murgoitio eta euskal korrikalari puntakoenekin batera, Zeanurin izango dira Robert LoĂ¯c, Manuel Merillas, Dimas Pereira, Alain Santamaria eta Nico Molina.

Gorbeia Suzien lasterketa zuzenean ikusi ahal izango da telebistaz, ETB1en. Horrez gain, streaming bidez ere ikusi ahal izango da lasterketa, Gorbeia Suzieneko Youtubeko kanalean.

Ibilbide gogorra

Korrikalariak goizeko 9:00etan irtengo dira Zeanuriko plazatik. San Justoko ermitan gora egin ondoren, Gorbeiako parke naturalean barneratuko dira. Igoera aldapatsuak izango dituzte hasierako tarte horretan. Malkar horiek gainditu eta Zanburura iritsita, Lekanda ingurura abiatuko dira korrikalariak ahalik eta biderik zuzen eta bizkorrena hartuz. Gain harritsu horretara iritsi baino lehenago, Arrabako zelaietarantz joko dute. Arraba igaro osteko gailurretik Zastegiko eremura helduko dira, eta hortik abiatuko dira Gorbeiako tontorrera. Ondoren, Azero ingurura jaitsiko dira, eta hortik, azken igoera gogorrari helduko diote. Han izango dute zain Aldamin. Amaitzeko, jaitsiera luze bati ekingo diote Zeanuriko helmugara iritsi arte.

Guztira 32 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboa du Skyrace lasterketak. 21 kilometroko lasterketak, berriz, 1.200 metroko desnibel positiboa izango du. Azken horretan, 200 korrikalari lehiatuko dira.

Boluntarioei eskerrak

Gaurko aurkezpenean, antolakuntzako arduradunek eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete boluntarioei. «Urte hauetan lortutakoa ezinezkoa izango litzateke erakunde eta babesleen inplikaziorik gabe eta duen guztia ematen duen Zeanuri bezalako herri baten ahaleginik gabe. Lasterketan 300 boluntario baino gehiago aritzen dira, eta lan izugarria egiten dute guztiek lasterketa aurrera ateratzeko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu lasterketaren egunean, aurreko egunetan eta ondorengoetan Gorbeia Suzien aurrera ateratzeko egiten duten ahaleginagatik».

Antolakuntzak doako autobus zerbitzua jarriko du Zeanuritik eta Areatzatik abiatuta, Pagomakurretik Gorbeiara igo nahi dutenentzat. Autobusak etengabe ibiliko dira 7:00etatik 16:00etara. Egun horretan Gorbeiara igo nahi dutenei autobus zerbitzua erabiltzeko eskatu diete antolatzaileek, ibilgailuak ez pilatzeko eta ingurumena zaintzeko konpromisoari eusteko.

2012an aurkeztu zen Gorbeia Suzien jendaurrean. Lehenengo ekitaldi hura Euskal Kopako azken proba izan zen, eta ordudanik hazi ta hazi egin da lasterketa. 2014an, Skyrunner National Championship eta Euskal Kopa hartu zituen, eta geroztik nazioarteko froga izan da. 2017ko ekitaldia Skyrunningeko Europako Txapelketako lasterketa ere izan zen.

Ingurumenarekiko errespetua

Gorbeia Suzien probaren antolatzaileek nabarmendu dute «natura babesteko eta errespetatzeko ahalegina» ere egiten dutela lasterketan. «Urtero, Gorbeiako Parke Naturalean egiten dugun probak ingurumenean duen eragina gutxitzen saiatzen gara. Gure helburua 2023an lortutako Green CXM Trail FEDME-EUROPARC zigiluari eustea da. Horretarako, Naturagune Babestuetan Mendiko Lasterketak Garatzeko Jardunbide Egokien Gida hitzez hitz beteko dugu. Beste urte batez Green Label ziurtagiria izango dugu. Eta, horrekin batera, pausu bat gehiago emanez, aurten Green Trail Concept zigilua lortzeko lanean ari gara. Kilian Jornet Fundazioak bultzatzen du zigilu hori».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA