Lide Urrestarazu eta Aitor Ajuria garaile Gorbeia Suzien proban

Korrikalari ordiziarrak, gainera, lasterketaren errekorra ondu du Skyrunner World Series zirkuituko proba puntuagarrian. Bigarren Naiara Irigoien burlatarra izan da. Gizonezkoetan, Gontzal Murgoitio elorriarra hirugarren helmugaratu da.

2025eko Gorbeia Suzien
Hiru aurreneko emakumeak: Naiara Irigoien bigarrena, Lide Urrestarazu txapelduna eta Marta Martinez hirugarrena. GORBEIA SUZIEN
ramon olasagasti
2025eko irailaren 27a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguraldi bikaina eta korrikarako baldintza ezin hobeak izan dituzte gaur Gorbeialdean, Gorbeia Suzien proban. Guztira, 800 korrikalari aritu dira lehian, nazioarteko mailako lasterkariak horietako asko, International Skyrunning Federation-ek (ISF) antolatzen duen Skyrunner World Series zirkuituko proba izan baita aurten Gorbeiakoa, baina euskal korrikalariak izan dira protagonista nagusiak: emakumezkoetan, Lide Urrestarazu (Ordizia, Gipuzkoa, 1999) izan da irabazle, eta gizonezkoetan, Aitor Ajuria (Otxandio, Bizkaia, 1998).

Lide Urrestarazuk jardun bikaina osatu du Skyrace 32 kilometroko proban. Lasterketa irabazteaz gain, errekorra ere ondu du Gorbeia Suzien-en hamabigarren ekitaldian: 3.34.16 izan da haren denbora. Bigarren, zortzi minutu pasatxora, beste euskal korrikalari bat helmugaratu da: Naiara Irigoien burlatarra. Ostegunean, Munduko Trail Txapelketetako Uphill modalitatean (6,4 km, 990 m+) lehiatu zen Irigoien, Canfrancen, eta 26. izan zen La Racako igoeran. Gorbeiako proban, berriz, hirugarren Marta Martinez asturiarra helmugaratu da.

2025eko Gorbeia Suzien
Marcos Villamuera bigarrena, Aitor Ajuria txapelduna eta Gontzal Murgoitio hirugarrena Zeanuriko helmugan. GORBEIA SUZIEN

Gizonezkoetan ere handia egin du Aitor Ajuriak. Otxandiarrak hasieratik hartu du aurrea, Bernard Cheriuyot kenyarrarekin egin ditu hainbat kilometro buruz buru, baina erdi paretik aurrera, erritmoa bizitu eta, azkenean, nagusitasunez irabaztea lortu du. «Sinetsi ezinik nago. Hasieratik aurrean joan nahi nuen, banekien hor egon behar nuela, eta beheranzkoan beste puntu bat nuela, eta aurrera egitea erabaki dut. Negar batean sartu naiz helmugan; nire izena toki guztietatik entzun dut, eta oso maitatua sentitu naiz. Garaipen hau Kepa Larreari eskaintzen diot, hau berea da», esan du Ajuriak lasterketa amaitu ondoren.

Ajuria hiru ordu pasatxoan heldu da Zeanuriko plazara (3.01.16), 32 kilometroak osatu ondoren. Bigarren, minutu pasatxora, Marcos Villamuera kantabriarra helmugaratu da (3.02.37), eta hirugarren Gontzal Murgoitio elorriarra (Bizkaia), hura ere atzetik aurrera lasterketa bikaina eginda (3.02.59).

Maratoi erdian edo 21K proban (1.200 m+), Leire Fernandez izan da irabazle (2.27,53); bigarren Oihane Alonso sailkatu da (2.52.10) eta hirugarren Uxue Barrutia (2.53.05). Gizonezkoetan, berriz, Finlay Grant izan da garaile (2.01.57), Aner Zuluaga bigarren (2.05.49) eta Hodei Lujanbio hirugarren (2.08.17).

Gorbeia Suzien probako sailkapen guztiak esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.