800 milioi euroko aurrekontu «sendo, orekatu eta errealista» osatu du Bilbok

Aurten baino %6,1 diru gehiago izango du. Batez ere, garbiketa eta hondakin bilketa zerbitzuek eta Bilbobusek izango dute gorakadarik handiena. 500.000 euro gorde ditute ikastetxeak egokitzeko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Carlos Urgoiti Ogasun zinegotzia, gaur, Bilbon. BILBOKO UDALA
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Carlos Urgoiti Ogasun zinegotzia, gaur, Bilbon. BILBOKO UDALA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko azaroaren 4a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurrekontu «sendo, orekatu eta errealista» ondu du Bilboko Udalak datorren urterako, Carlos Urgoiti Ogasun zinegotziaren esanetan. Gainontzeko erakundeek legez, inoizko diru gehien izango dute datorren urtean: 797 milioi euro, aurten baino %6,1 gehiago. Herritarrek «oinarrizkotzat» dituzten zerbitzuak indartuko dituztela esan du: garbiketa, hondakinen bilketa eta mugikortasuna, besteak beste. Ogasun Batzordean eman ditu azalpenak goizean, gobernu kontseiluak onartu ondoren. Aurten Juan Mari Aburto alkateak ez du kazetarientzako aurkezpenik egin, azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak direla eta.

Ohi legez, Obra eta Zerbitzu Arloak izango du diru gehien: 177 milioi euro; aurten baino 14 milioi gehiago. Urgoitik azaldu duenez, kontratu publiko bi berritzeak ekarri du igoera hori, bereziki. Batetik, kale garbiketarako eta hondakinen bilketarako 9 milioi euro gehiago jarriko dituzte. Beste 3 milioi gehiago izango ditu lorezaintza zerbitzuak. Auzokide Planak 14 milioi euro izango ditu, hiria osatzen duten barrutietan obrak egiteko. 

Mugikortasun eta Iraunkortasun Arloak ere igoera «nabarmena» izango duela esan du zinegotziak. Guztira, 85 milioi euro izango ditu. Batez ere, Bilbobusen aurrekontuak egin du gora. Izan ere, urtarrilaren 1etik aurrera zerbitzu berritua hasiko da martxan, linea berriekin, geltokien berrantolaketarekin eta ordutegi egokituekin. Urgoitik aurreratu du Artxandako funikularrak ere aurten baino diru gehiago izango duela.

2,1

Aurrekontu parte-hartzailearen dirua, milioi eurotan. Bilboko Udalak 2,1 milioi euro gorde ditu herritarrek bozketa bidez aukeratutako proiektuetarako. Datorren urterako 56 proiektu proposatu dituzte, eta horietatik hogei lehenetsi dituzte bozketa bidez. 7.635 bilbotarrek hartu dute parte prozesuan.

Gizarte Ekintza Arloak 55 milioi euro izango ditu, aurten baino 3,4 milioi gehiago. Zinegotziak zehaztu du igoera handiena adinekoen, etxegabeen eta gura ez den bakardadeari aurre egiteko programetan egingo dutela. Ia antzeko igoera izango du Segurtasun Arloak ere, baina kasu honetan bereziki Deustun eraikitzen ari diren suhiltzaileen parke berriaren obretarako izango da. 

Bilboko Udalak Udal Etxebizitzak sozietateari egiten dion ekarpena %7 handituko da: erakundeak 22 milioi euroko aurrekontua izango du, eta horietatik 4,3 udalak emango dizkio. Higiezinak zaharberritzeaz arduratzen den Survisak, berriz, diru laguntza gehiago emango ditu traba arkitektonikoak kentzeko. Berdintasun eta Jai Arloak 9,4 milioi izango ditu eskura, eta horietatik 3,7 milioi euro Emakumeen Etxea eraikitzeko jarriko dituzte.

Hezkuntza Arloak 10 milioi euroko aurrekontua izango du. Urgoitik nabarmendu du ikastetxeen mantentze lanetarako aurrekontua 500.000 euro handituko dela, eta inbertsio bereziak egingo direla klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko. 

Turismo tasatik 11,2 milioi

Aurrekontuaren hazkundea bereziki Udalkutxa udalen finantzaketarako foru funtsak izan duen gorakadari esker izan da; izan ere, aurten baino 28 milioi gehiago jasoko ditu Bilbok —491 milioi—. Diru sarreren gorakadan urtarrilaren 1ean indarrean sartuko den turismo tasa ere hartu dute kontuan. Bilboko Ogasunak kalkulatu du 11,2 milioi bilduko dituela. 

PPko zinegotzi Angel Rodrigok diru sarrerei lotutako gogoeta bat egin gura izan du batzordean. Esan du ez duela sistema baloratu gura, baina kontuan hartzekoa dela udalak Udalkutxarekiko duen «mendekotasuna»: «Orain zerga zuzenekin diru bilketa gora eta gora dabil, baina gerta daiteke ekonomiak kontrako norabidea hartzea. Pentsatu beharko genuke krisialdietan ere gure baliabideak bermatuta egoteko sistema bat». Urgoitik galdetu dio ea hausnarketa horrekin udal tasak igotzeko beharra iradoki gura izan duen. 

EH Bilduko Maria del Riok aurrekontuak negoziatzeko prestasuna eskatu dio zinegotziari. Nabarmendu du Juan Mari Aburto alkate izan den urteetan udal gobernuak ez duela behin ere oposizioko alderdiekin aurrekontua adostu. «Hauteskundeetako zarataren eta gero eta zalantzazkoagoa den etorkizunaren aurrean, Bilbok ziurtasuna sortuko duten etorkizuneko aurrekontuak behar ditu, eta, horretarako, gehiengo zabalak behar dira», adierazi du. Urgoitik erantzun dio telefonoa piztua duela gura duenean berba egiteko. 

Datorren astelehenean hasiko dira zinegotziak nork bere saileko zehetasunak aurkezten. Astelehen, martitzen eta eguenean egingo dituzte horretarako ezohiko batzordeak. Udal gobernuaren asmoa da abenduaren 1ean egingo duten ezohiko osoko bilkuran behin-behineko oniritzia ematea aurrekontu arauari.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA