Zinema

Aitor Gametxok jaso du Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzara, 'Geratzen den hori' lanagatik

Jaialdiko sari nagusia ez ezik, publikoak emandako beste bi sari ere jaso ditu: Benito Ansola Gazte Epaimahaiaren eta EITB Ikuslearen sariak. Aitor eta Izaro Arrutiren 'Mintzo zen' filma eta Elene Mengyu Larrinaga zuzendaria ere saritu dituzte.

Aitor Gametxoren 'Geratzen den hori' dokumental laburreko irudi bat. EUSKAL ZINE BILERA
Aitor Gametxoren 'Geratzen den hori' dokumental laburreko irudi bat. EUSKAL ZINE BILERA
Inigo Astiz
2026ko urriaren 19a
11:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guztira, hogei filmek osatu dute aurtengo Euskal Zine Bilerako Sail Ofiziala, Lekeition (Bizkaia), eta lan bat nabarmendu da guztien artean: Aitor Gametxo zinema zuzendari lekeitiarraren Geratzen den hori, hain zuzen. Hemezortzi minutuko dokumental bat da; 2011n hil zen zuzendariaren ama, eta haren objektu pertsonalen eta oroitzapenen bidez osatutako bidaia intimo bat proposatzen du pelikulak. Sail Ofizialeko epaimahai profesionalaren iritziz, hori izan da jaialdiko lanik onena. Urrezko Antzara jaso du horregatik, eta 3.000 euroko saria, baina epaimahai profesionalak ez ezik, lan horixe bera saritu du publikoak ere. Publiko gazteak hautatutako Benito Ansola Epaimahaiaren Saria (500 euro) eta jaialdian izan direnek hautatutako EITB Ikuslearen Saria (750 euro) ere eskuratu ditu.

Epaimahai profesionalak nabarmendu duenez, bereziki azpimarratzekoa da Gametxoren filmak doluaren esperientzia unibertsala istorio pertsonal eta «kokatu» batetik lantzeko duen gaitasuna. Eta, adierazi dutenez, gainera, «gaixotasun baten prozesu mingarrian edertasuna bilatuz» egiten du hori filmak. Lanaren muntaketa eta objektuen lanketan duen sentikortasuna ere laudatu dizkiote, eta hori egiteko «topiko bisualetatik eta ohiko narrazio lekuetatik» urruntzeko egin duen esfortzua ere balioetsi diote. «Filmaren indar bisual eta poetikoak hunkitu egin gaitu, eta pelikularekin dolua lantzeko erritu batean egileak bidelagun egin gaituela sentitu dugu».

Galdera deserosoak

Bi sari jaso ditu Aitor Arruti eta Izaro Arrutiren Mintzo zen filmak ere. Batetik, gidoi onenaren saria eman dio epaimahai profesionalak. Azaldu dutenez, pertsonaia konplexu bat aurkezten du lanak, baina gidoiak narrazioari eusteko duen gaitasunari esker, ikuslea identifikatu egiten da harekin, eta «interesgarriak bezain deserosoak» diren galderak egitera eramaten du. 1.600 euroko saria eta Zilarrezko Antzara jaso dituzte horregatik; baina, gainera, ikusle adintsuek osatutako publikoak banatutako Esperientziaren Cikautxo saria ere eskuratu dute (mila euro).

Elene Mengyu Larrinaga Bilbaok jaso du jaialdiko zuzendari onenaren saria. Hogeita bat filmarengatik saritu du epaimahai profesionalak, eta haren «begirada eta ausardia» nabarmendu dituzte. Euskal Herrian presente dagoen arrazakeria azaleratzen du lanak, epaimahaiaren hitzetan, eta hori egiteko erabiltzen duen «modu zuzena» ere goraipatu diote, dena bere esperientzia pertsonaletik abiatuta kontatzen baitu zinemagileak. 1.600 euro eta Zilarrezko Antzara jaso ditu horri esker.

Izan da ohorezko saririk ere. Euskal ikus-entzunezkoen esparruan egindako ekarpena aitortzen du Euskal Zinemaren Begirada sariak, eta Jose Ramon Soroiz aktoreari eman diote aurtengoan. Larunbatean egin zuten ekitaldia, eta bertan izan zen Soroiz bera ere.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA