Z.U.K.U.A. ikuskizunak «umore garratzez» bustiko du Bilboko Aste Nagusia

Ugaitz Alegria eta Maria Cruickshank aktoreek sortu duten bakarrizketaz osatutako lana da, eta abuztuaren 23an, 26an, 28an eta 29an taularatuko dute Euskalduna jauregian. Bilboko jaietan hiriko antzokietan euskara hutsean egingo den ikuskizun bakarra da.

Maria Cruickshank eta Ugaitz Alegria Z.U.K.U.A. ikuskizunaren aurkezpenean, gaur goizean, Bilboko Euskalduna jauregian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maria Cruickshank eta Ugaitz Alegria Z.U.K.U.A. ikuskizunaren aurkezpenean, gaur goizean, Bilboko Euskalduna jauregian. ARITZ LOIOLA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko uztailaren 29a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bart gaueko bestondoari eta eguneko beroari aurre egiteko zuku garratz, fresko eta euskalduna. Hori eskainiko diete ikusleei Ugaitz Alegria eta Maria Cruickshank aktoreek Bilboko Aste Nagusirako sortu duten ikuskizunean: Z.U.K.U.A. Zuek Ulertzeko Komedia Umoretsu eta Absurdoa. Bakarrizketaz osatutako pieza da, eta, Alegriaren hitzetan, umore «garratza eta zentzugabea» baliatzen du egunerokoan bi antzezleek bizi dituzten gatazkez, kontraesanez eta gizartearen presioaz jarduteko. Arrazakeria, matxismoa, «ezinezko» dietak eta euskal nortasuna dira bakarrizketetan lantzen dituzten gaietako batzuk, Cruickshankek zehaztu duenez. Euskalduna jauregian izango da estreinaldia, abuztuaren 23an, eta beste hiru egunetan ere egingo dute areto berean: 26an, 28an, eta 29an. Aste Nagusiko egunetan Bilboko antzokietan egingo diren antzezlanetatik euskara hutsean izango den bakarra da. 

Ikuskizunaren izenak argi uzten ditu ikuskizuneko bakarrizketen nondik norakoak: umoretsua eta absurdoa. Hain zuzen ere, Alegriaren aburuz, osagai horiek hausnarketekin uztartu nahi izan dituzte Z.U.K.U.A. lanean: «Komedia ikusleek errazago digeritu dezaketen pilula baten antzekoa da, jendea defentsiban jarri ez dadin eta elkar hobeto ulertu dezagun. Umorea pentsarazteko modu bat ere bada». Aktoreak azaldu duenaren arabera, hori baita gaur egunean ikusleek «behar dutena»: hausnartzea eta, aldi berean, ondo pasatzea. 

Piezak gizartearen «zentzugabetasuna» ere erakusten duela nabarmendu du Cruickshankek. «Emakume beltz, ama eta gazte bezala bizi dudana kontatzen dut. Emakume feminista gisa dudan ikuspuntutik gustatzen ez zaizkidan gauzak, baina dena ukitu fresko eta umoretsu batekin». 

Euskara hutseko ikuskizun bakarra

Bilboko antzokien Aste Nagusiko programazioetan euskara hutsean dagoen ikuskizun bakarra da Z.U.K.U.A., eta lan horretan parte hartzea «ohore bat» dela deritzo Alegriak. Ez da erantzukizuna bere gain hartzen duen lehen urtea. Izan ere, Euskalduna jauregiak Aste Nagusirako ikuskizun bat prestatzeko eskatu zion iaz ere, eta Ainhoa Etxebarriarekin elkarlanean sortu zuen Tongola lana. «Bakarrizketa saio bat izan zen, eta aurtengo lanarekin gertatu den bezala, euskara hutsean egin zen ikuskizun bakarra izan zen iaz. Lau egunetan egin genuen, eta jendea erruz etorri zen», azaldu du Alegriak. 

Komediaren aldeko apustua egin du Alegriak bi urteotan. Haren aburuz, euskaldunek komedia egiteko gaitasuna dutela erakusteko modua da hori. Ikusleei aurtengo lanaren «berritasuna» helarazteko, ordea, arropetan eta eszenografian kolore «bizi eta azidoak» erabiltzea erabaki dutela azaldu du Cruickshankek. Udako arropaz jantzitako antzezleez eta hondartzako hamakez gain, limonada postu batek atonduko du Bilboko jaietan Euskalduna jauregiko eszenatokia. 

Bi aktoreak Goenkale telesailean lanean aritu ziren arren, oholtza batera aterako diren lehen aldia izango da Z.U.K.U.A. ikuskizuna. Hala ere, Cruickshankek argitu du piezak irauten duen 75 minutuetan zehar ez direla eszenatokian beti batera egongo: «Obra batera hasiko dugu, baina gero bakoitzak bere bakarrizketa egingo du, eta txandakatu egingo gara. Sorpresaren bat ere egongo da». 
 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA