Astelehenean Bilbon «faxismoaren aurkako euste horma bat osatzera» deitu dute hainbat eragilek

Vito Quiles asaldatzailea Bizkaiko hiriburura datorrela eta, «faxismoaren aurkako mobilizazioa areagotzeko» premia aldarrikatu dute. Beste mobilizazio bat ere izango da une berean; «langile klasearen bloke independiente bat».

Hainbat eragilek eta taldek egin dute astelehenerako deialdia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Hainbat eragilek eta taldek egin dute astelehenerako deialdia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko urriaren 23a
12:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vito Quiles eskuin muturreko asaldatzaile espainiarra Euskal Herrira itzuliko da: astelehen arratsaldean Bilbon egoteko asmoa du, Deustuko Unibertsitatean. Haren ekitaldiaren kontra mobilizatzera eta «faxismoaren aurkako euste horma bat osatzera» deitu dute gaur Bilbo Handiko eragile, antolakunde, gazte mugimendu, sindikatu eta talde hainbatek: «Faxismoaren aurkako jarrera eta mobilizazioak areagotu behar ditugu, gure gizartean inolako lekurik izan ez dezan». Euskal Herrian faxismoari ez! lelopean, Deustu auzoko Done Petri plazan bilduko dira, astelehenean, 16:00etan. Ordu berean, beste «langile klasearen bloke independiente bat» ere egongo da, unibertsitatean.

Kolektiboek adierazi dutenez, Quilesen jarduna olatu erreakzionarioaren parte da: «Haren diskurtsoak eskubideak murriztea eta sektore prekarizatuenen aurkako biolentzia sustatzea du helburu, baita Euskal Herriaren eta langile klasearen zapalkuntza ere, bai sozialki eta bai nazionalki». Gogora ekarri dute joan den astean Iruñean izan zela: «Probokatzera baino ez dator; ez diogu utziko bere diskurtso faxistak Euskal Herrian zabaltzen».

Hori dela eta, deitzaileek uste dute garrantzitsua dela halako «ideiak legitimatzen eta indartzen dituzten pertsonaien presentzia desnormalizatzea», eta Bilbo Handiko herritarrei eskatu diete mobilizazioan parte hartzeko. Hala ere, «antifaxismoaren kriminalizazioaz» ohartarazi dute: «Euskal Herrian hainbatetan osatu izan dugu faxismoaren aurkako euste horma, eta estatu aparatuek hori jarri dute jomugan, besteak beste».

«Klase batasuna»

Mugimendu Sozialista ere mobilizatuko da astelehenean, Quilesen bisitaren harira. IASk elkarretaratzea egingo du eguerdian Plaza Eliptikoan; eta GKSk, berriz, Deustuko Unibertsitatean mobilizatzeko deia egin du; 16:00etan, Probokatzaile faxisten aurka, klase batasuna lelopean. Hain zuzen, ohar bidez, jakinarazi dute hainbat eragile antifaxistak bat egiten dutela bi deialdi horiekin.

Azaldu dutenez, Quilesen etorrerak xede argi batzuk ditu. Batetik, «probokatzea» eta «fokua desbideratzea langile klasearen egiazko arazoetatik»; hala nola, etxebizitzarako eskubidearen auzitik. Bestetik, faxismoa normalizatzea kalean, «diskurtso klasista, matxista, arrazista eta espainolisten bitartez». Horregatik, gorroto mezu horien kontra kaleak hartzeko deia egin dute. 

Izan ere, mobilizazio horiekin bat egin duten eragileen esanetan, ez da eraginkorra «PSOE bezalako alderdi politiko instituzionalen esku» uztea antifaxismoa: «Talde faxisten aurka inolako neurririk hartu ez duelako, eta gainera erantzun antifaxistak etengabe kriminalizatzen dituztelako». Horregatik, nabarmendu dute «eguneroko militantzia, mobilizazio soziala eta langile klasearen batasuna» direla tresna eraginkorrenak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA