Urtero 60 haur eta nerabe ingururi diagnostikatzen diete minbizia Bizkaian. Gaixotasunak ezustean harrapatzen ditu familia asko, eta beren bizitzak guztiz aldatzen ditu. Hasieran ezjakintasuna izaten da nagusi, eta gurasoek gauza asko ikasi behar dituzte egoerari aurre egiteko. Ume eta nerabeek orduak eta orduak ematen dituzte ospitaleko makinen artean, kontsulta batetik bestera. Bizimodu berri horren ondorioz, zapatilak lotzea ere zaila egiten zaie. Horregatik, gaixotasunari aurre egin eta indarberritzeko, lagungarria izaten da bidean orientazioa eta beste zenbait jarduera eskura izatea.
Hori dela eta, 2017an Aspanovas jarri zuten martxan, minbizia duten haurren eta nerabeen gurasoen Bizkaiko elkartea. Orain, Aspanovasek Ausarta zentroa sortu du; gaur aurkeztu dute, Bilbon. Azaroaren amaieran zabalduko dute. Aspanovasek hainbat zerbitzu eskaintzen zituen jada, baina Ausarta proiektua zerbitzu horiek osatzeko eta eskaintza handitzeko jaio da. Gainera, toki berean egongo dira zerbitzu guztiak, Gurutzetako ospitaletik (Barakaldo, Bizkaia) bostehun metrora, bertan baitago ume eta nerabe gaixoak tratatzeko onkologia pediatrikoaren solairua. Ezaugarri nagusia zentralizazioa izango da; izan ere, gune berean eskainiko dituzte baliabide fisikoak eta emozionalak.
«Gaixotasun onkologikoek eta horien tratamenduek ondorio fisiko, sozial eta emozionalak eragin ditzakete», azaldu du Ainhoa Fernandez Aspanovaseko koordinatzaileak. Fernandezek osasun tresnak izatearen garrantzia azpimarratu du: «Tresna horien bitartez zailtasunak garaiz atzeman ahal dira, eta prozesuaren lehen fasetik jardun daiteke».Â
«Gaixotasun onkologikoek eta horien tratamenduek ondorio fisiko, sozial eta emozionalak eragin ditzakete»
AINHOA FERNANDEZ Aspanovaseko koordinatzailea
Berritasunen artean ariketa fisiko onkologikoa egongo da. Izan ere, Xabier Leizea Gaituz Sporteko koordinatzailearen arabera, ariketa fisikoak integrazio sozialean ere laguntzen du. «Prozesuaren hasieran, gurasoak tratamenduan eta bizi itxaropenean zentratzen dira; baina gero konturatzen dira beren seme-alabek emozioak dituztela oraindik ere, eta jolasteko gogoa», azaldu du Leizeak. Ariketa fisikoak lagundu egiten du jolasteko gogoa izaten eta asetzen. Umeei lagundu egiten die eguneroko martxara bueltatzen, eskolako lagunekin jolasten hasten, esaterako. «Ariketa fisikoa bizi kalitatea hobetzetik harago doa; tresna soziala ere bada, eta integrazio sozialean laguntzen du», Leizearen arabera.
Elikadura orientazioa ere gehitu dute. Izan ere, paziente onkologikoen elikadura haien beharretara egokitu behar da. Hala ere, Miriam Ortiz nutrizionistaren arabera, ez da dieta berezirik egin behar: «Oinarri sinple bat kontuan hartu behar da, gorputzak elikagaiak hobeto barneratzeko». Izan ere, gaur egungo jakiak direla eta, intolerantzia eta arazo gehiago daude; hori dela eta, iraganeko janarietara eta zaporeetara bueltatzearen garrantzia azpimarratu du Ortizek. «Janari osasuntsua da gakoa; produktu ekologikoak erabiltzea edo herriko azoketan erostea».Â
Yoga onkologikoa
Bi berrikuntza horiez gain, badira orain arte eskaini dituzten jarduerak ere. Esate baterako, yoga onkologikoa Gurutzetako ospitalearen geletan ematen da. «Lehen aldiz entzuten dutenean askok postura akrobatikoetan pentsatzen dute, baina hortik haratago doa», azaldu du Ana Urrutia yoga onkologikoko adituak. Urrutiak familiekin eta gaixoekin lan egiten du ospitaleko gelen barruan, eta, haren arabera, ingurune horretan yoga «aire freskoaren moduan» sartzen da. «Ohean, eserita edo zutik egin ahal dute lan, eta erakusten die gela horren barruan ere gorputza mugitu ahal dutela». Gainera, ariketek ospitaleko eguneroko martxan ere laguntzen die: adibidez, lo egitea ezinezkoa egiten zaien gauetan. «Kontatzen didate erakutsitako arnasketa ariketak erabiltzen dituztela lo egin ahal izateko», kontatu du Urrutiak.
Fisioterapia ere eskaini izan dute aurretik ere, baina Eneritz Zuazolazigorraga fisioterapeutaren arabera, ez zaie gaixo guztiei eskaintzen, nahiz eta suspertzeko oso garrantzitsua izan. «Nik uste dut prozesu onkologiko bat bizitzen ari den edozein haur edo nerabek zerbitzu hori eduki behar duela», azpimarratu du. Fisioterapeutaren arabera, gorputza erreakzionatzen joaten da, eta garrantzitsua da prozesuko momentu bakoitzean laguntza eskaintzea. «Momentu bakoitzeko ondorioetan zentratu behar gara, etorkizunean autonomia izan dezaten».