Azaro amaierarako erabilgarri egongo da itsasadarreko bulebarra

Hiru metro zabal den oinezkoentzako pasabidea eta norabide biko bidegorria atondu dituzte BI-711 errepidearen eta itsasadarren artean. 4,8 kilometro ditu diputazioak egokitutako ibilbideak.

Itsadarreko bulebarraren ikuspegia, Erandion. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Itsadarreko bulebarraren ikuspegia, Erandion. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urriaren 29a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak hilabete eskas barru amaituko ditu Bilboko Elorrieta eta Leioako Lamiako lotuko dituen dituen bulebarra eraikitzen, eta erabilgarri egongo dira oinezkoentzako, bizikletentzako eta ibilgailuentzako bideak. Guztira, 4,8 kilometro ditu ibilbideak, eta lanen helburua izan da itsasadarraren eskuinaldeko herri batetik bestera oinez eta bizikletaz seguru joan ahal izatea. Horretarako bostehun metroko tarte bat faltako da, Lamiakotik Getxora bitartean, Leioako lurretan. Leixuri Arrizabalaga foru bozeramaileak esan du zati hori Leioako Udalak eraiki beharko duela; zehaztu du ez duela eperik lan horiek egiteko.

Diputazioak eraiki duen oinezkoentzako pasabidea hiru metro zabal da. Bizikletentzako bidea bi noranzkokoa izango da, eta metro biko zabalerako bide bana izango du. Itsasadarraren eta BI-711 errepidearen artean atondu dituzte, eta tokia falta izan den lekuetan, hegaleko egiturak eraiki dituzte itsasadarrerantz. Lanak, batez ere, Erandioko lurretan egin dituzte, baina Bilbon eta Leioan ere ibili dira beharrean.

788,5

Bilboko metroaren 1. eta 2. lineak berritzeko aurrekontua, milioi eurotan. Datozen urteetan berrituko dituzte Bilboko metroaren lehen eta bigarren lineak. Horretarako, 788,5 milioi euro erabiliko dituzte; erdi bana ordainduko dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Diputazioak gaurko gobernu kontseiluan onartu du finantza plana, eta Jaurlaritzak datozen asteetan egingo du gauza bera. Besteak beste, 37 tren ordezkatuko dituzte, eta %12 bidaiari gehiago sartu ahal izango dira berriekin. Kontrol sistema ere berrituko dute, trenen arteko gutxieneko tartea txikitu ahal izateko. Hartara, bidaiari gehiago eroateko gaitasuna izango du metroak. 

Oraindik txukuntze lanak egitea faltako da, eta datozen hilabeteetan egingo dituzte. Esaterako, kale altzariak ipiniko dituzte, eta jolas eremuak egokituko. Landaredia ere abendua eta urtarrila bitartean landatuko dute. Hala ere, Arrizabalagak zehaztu du lan horiek ez dutela eragotziko oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailuen joan-etorria.

Bulebar berriarekin itsasadarreko joan-etorriak iraunkorragoak izatea lortu nahi du diputazioak, oinez eta bizikletaz mugitzeko erraztasunak emanez. Bi ertzen arteko lotura hobetzeko, All Iron delako zubia eraikitzen ari dira. Erandio eta Barakaldo lotuko ditu, eta oinezkoentzat eta txirrindularientzat izango da, nahiz eta larrialdi zerbitzuak pasatzeko ere egokituta egon den. Diputatuak esan du datorren urteko udarako egongo dela prest.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA