Azken bost mendeetako euskarazko testu juridikoak ikusgai paratu ditu Euskaltzaindiak

'Hitzak lege' erakusketa ibiltaria urtarrilaren 15era arte ikusi ahalko da Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

Andres Urrutia, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, erakusketaren aurkezpenean. EUSKALTZAINDIA
Andres Urrutia, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, erakusketaren aurkezpenean. EUSKALTZAINDIA
Ion Orzaiz.
2026ko azaroaren 19a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal herritarrek euskara erabili dute esparru juridikoan, gutxienez, XVI. mendeaz geroztik. Adibideak usu topa daitezke Euskal Herriko erakundeetako artxiboetan, eta horietako asko bildu ditu Euskaltzaindiak, Hitzak Lege izeneko erakusketan. Bizkaiko Foru Berriaren 500. urteurrenari buruzko jardunaldian aurkeztu dute.

«Euskal hiztunek harreman juridikoetan euskara erabili dutela eta erabiltzen dutela azaleratzea, hori da erakusketaren helburu nagusia», adierazi du akademiak, ohar batean. Hitzak Lege erakusketa ibiltaria da, eta «garrantzi historikoa» izan duten euskarazko testu juridikoak biltzen ditu, izan arlo pribatukoak zein publikokoak.

Dokumentu historikoei buruzko informazioa lau hizkuntzatan jasota dago, hogei paneletan, eta horiez gain, jatorrizko agiriak ere ikusgai izanen dira. Euskaltzaindiko arduradunek azaldu dutenez, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako; Eusko Legebiltzarreko; Nafarroako Parlamentuko eta Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko artxiboetan gordetako piezek osatzen dute mostra. Gotzon Lobera legegile eta euskaltzain urgazlea arduratu da agiriak «modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan» antolatzeaz.

Besteak beste, honako testuak jarri dituzte ikusgai: Etxepare, Axular eta Oihenarten zuzenbide testuak (XVI. eta XVII. mendekoak); 1789. urtean Lapurdin idatzitako Arrangura kaiera; Luis Borboikoa kardinalak eta Toledoko artzapezpikuak 1820an argitaratutako gutun pastoralaren euskarazko itzulpena, Bizenta Mogelek euskaratua; 1839. urteko Bergarako Ituna; EAEko Autonomia Estatutua, 1936koa, eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina; Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako Foru Hobetzeari buruzko 1982ko legea.

Hitzak Lege erakusketa urtarrilaren 15era arte egonen da ikusgai, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA