Bilboko Arriaga antzokian egingo duten inaugurazio gala hastearekin batera, ofizialki altxatuko du oihala Zinebi jaialdiak, ostiralean. Pabiloi 6 aretoak zuzenduriko ikuskari batek ardaztuko du gala, eta horren baitan Ohorezko Mikeldi sariak ere banatuko dituzte. Bi garaikurretako bat Ramon Barea zuzendari eta dramaturgoak (Bilbo, 1949) jasoko du, bere ibilbidean erakutsitako «interpretazio moldakortasuna, sorkuntzarako konpromisoa eta ikusle eta profesionalen hainbat belaunaldiekiko hurbiltasuna» aitortzeko keinu gisa. Istvan Szabo zinemagile hungariarrak (Budapest, 1938) jasoko du beste garaikurra. Hari, gizabanakoen, boterearen eta historiaren arteko harremanak aztertzeko gaitasuna eta «XX. mendeko dilema moral eta politikoei jarritako arreta» balioetsiko dizkiote sariaren bidez.
Ekitaldi horren ondotik, eta azaroaren 27ra bitarte, munduko bazter askotatik bidalitako opera prima-k, Networking programak aurrez lagundutako dokumentalak zein beste zenbait jaialditan saritutako film laburrak ikusi ahal izango dira Bilbon, Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zinema Jaialdia kari.
Aurten ere ez da makala izan film laburren lehiaketara aurkeztutako proposamenen kopurua. 3.300 film baino gehiago izan dira guztira, eta horien artetik 49 lehenetsi ditu hautapen batzordeak, Sail Ofizialerako. Aukeraketa egitean, film bakoitzak «harritzeko, ziurtasunak zalantzan jartzeko eta ikuspegi estetiko, kultural eta politiko berriak proposatzeko» izan ditzakeen ahalak hartu dituzte kontuan. 49 lan horien artean, dokumentalak, fikziozko filmak eta animaziozko lanak aurki daitezke; azaroaren 21etik 26ra bitarte proiektatuko dituzte, zortzi saiotan banatuta, Arriaga antzokian.
Sail Ofizialean lehiatuko dira, esaterako, Guretako eztia (Violette Bellet eta Maia Iribarne), Neska bat desagertu da (Mikele Landa), Bitartean, gero (Raul Barreras), Onena ura da (Sonia Esteves), High River (Daniel Alegrete) eta Siurana (Esther Escudero) Euskal Herrian sortutako filmak.
Nazioartetik heldu diren filmen artean, The Revolution Against Death (L. Oppenheimer, AEB), Masao Adachi Takes a Passport Photo (Kamal Aljafari, Palestina), The Spoon (Nele Wohlatz, Alemania), Raftsmen and Canoeists (Jonathas de Andrade, Brasil) eta Electric Birds (Ulu Braun) dira aipagarri. Baita animaziozko lan hauek ere: Please (Anna Mantzaris, Suedia), Cartoon Physics (Ru Kuwahata eta Max Porter, AEB), Ploo (Jon Frickey, Alemania) eta Algo en casa (Carla Pereira, Argentina).
Hainbat filmek gaur egungo desplazamenduei, loturei eta gatazkei erreparatu diete beren-beregi. Esaterako, honako hauek: A Tenderness (Sabrine Khoury), Patronymic (Mariia Ponomarova), El León (Diana Bustamante), Memories of a Window (Mehraneh Salimian eta Amin Pakparvar) edo Forgotten Spaceman (Elham Ehsas). Eta bada gai horiei fikziotik heldu dionik ere. Esate baterako, Nervios de acero (Beatriz Navas Valdes), Los Andares (Isa Luengo eta Sofia Esteve) eta En este día tampoco se encontró nada (Irene Visa) filmek.
Espainiatik heldutako film laburrak Spain Shorts atalean erakutsiko dituzte. Horietarik asko beste hainbat jaialditan proiektatu eta saritutako lanak dira. Esate baterako, Gamberra (Marine Auclair March), La fábula de la punki adolescente (Juan Vicente Castillejo), Cronica del Cansancio (Natalia Martin), OAO (Rocio Mesa), Like Moths to Light (Gala Hernandez Lopez), Que me alimente (Olga Navalon eta Bea Hohenleiter), Mi tía Pura (Alvaro Fenech eta Noa Fito; A Hole in the Ground (Harper Madrigal) eta Garabato (Alicia Ubeda). Filmok Kritikaren Sarirako hautagai izango dira, eta, horrenbestez, 2.000 euroko saria jaso ahal izango dute.

Dokumental entzutetsuak
Film laburren lehiaketaz harago, dokumental luze aintzatetsien erakustaldi bat izateko bokazioa ere badu Zinebik. Besteak beste, Veneziako, Berlingo, Locarnoko, Torontoko, Shanghaiko, Tesalonikako zein Cannesko jaialdietan estreinatu eta txalotutako dokumentalak batuko dira Essential Docs atalean.
Lanez lan jorratutako gaien artean, memoria historikoa, gatazka politiko eta sozialak, nortasuna eta lan munduaren aldaketak nagusitu dira aurten. Laura Poitras zuzendariak, esaterako, They’re Here (2026) dokumentala aurkeztuko du. Haren izena eta ibilbidea ezagunak dira Bilboko jaialdian, Ohorezko Mikeldia jaso baitzuen 2024an. Oscar saria jasotakoa ere bada —Citizenfour lanagatik—, bai eta Veneziako Urrezko Lehoia irabazitakoa ere —All the Beauty and the Bloodshed lanagatik—. Zinebin aurkeztuko duen filmean Minneapolisen egindako migrazio sarekadak dokumentatu ditu. Kamal Aljafari palestinarraren Going Home eta Bil Morrison estatubatuarraren Sawyer Avenue, Sunday Afternoon lanak ere ikusi ahal izango dira.
Bestalde, Bilbon aparteko garrantzia izan duten bi zinemagile ere batuko dira sail horretan. Batetik, James Benning. Jaialdiko epaimahaiburua izan zen 2006an, eta aurtengoan Eight Bridges filma erakutsiko du. Berlinen estreinatu ostean helduko da Benningen dokumental hori Bilbora.
Barbara Koople zuzendaria ere ezaguna zaie Zinebi jaialdiaren zaleei, Ohorezko Mikeldi saria jaso baitzuen 2001ean. Banaketa plataformetako beharginen lan baldintzei buruzko lan bat erakutsiko du oraingoan: Union Town; Veneziako jaialdian estreinatu zuen. Bi oscar sariren jabe da Koople: Harlan County, U.S.A lanagatik jaso zuen garaikurra 1976an, eta American Dream lanagatik 1990ean.
Ahmad Hassouna zuzendariaren Citizen Osama lanak pil-pilean dagoen gatazka bati heldu dio: argazkilari batek eta haren familiak Gazako bonbardaketan bizi izandakoak erakusten ditu filmak. Irailak (Izaskun Arandia), Atlas de la desaparición (Manuel Correa) eta Crías (Xiana do Teixeiro) filmak, berriz, memoria historiko eta pertsonalean zein belaunaldien arteko esperientzian oinarritzen dira.

Eta aurrez Zinebi Networking atalean lagundutako piezarik ere izango da Essential Docs atalean. Esaterako, La noche de la infancia (Xisi Sofia Ye Chen), La Piertà (Rafael Moles eta Pepe Andreu) eta Taranta (Samuel Nacar).
Filmak erakusteaz eta dibulgatzeaz gain, Gordailua programaren bidez film ondarea berreskuratzeko ahalegina ere egiten du Zinebik. Aurten Grupo Cine Sur taldeari jarri diote arreta, 1976ko Argentinako estatu kolpearen ondoren erbestera jo zuen sortzaile taldeari, hain zuzen. Talde horrek pedagogia politikorako tresna bihurtu zuen animazioa, eta Mexikotik aritu zen batik bat. Haien bi film berreskuratu ditu Gordailuak: La persecución de Pancho Villa (1978) eta El compa Clodomiro y el capitalismo (1981). Bi filmen lagungarri, azken bi urteetan taldeari buruz egindako ikerketa baten berri emango dute. Besteak beste, kolektiboko kideei egindako elkarrizketak biltzen dira ikerketa lan horretan.
Gala batekin hasi eta beste gala batekin amaituko da Zinebi jaialdia. Azaroaren 27an izango da, Arriaga antzokian hori ere. Orduan emango dituzte aldi honetan gailenduko diren lanen zerrenda eta irabazleen izenak.

Bertoko Begiradak
Arretaz begiratuko die jaialdiak Euskal Herrian ekoitzitako film laburrei, izan fikziozkoak, animaziozkoak, dokumentalak edota hibridoak. Gaien aldetik, paisaien eta komunitateen identitatea, desira, memoria, zainketa eta eraldaketa dira nagusi film horietarik askotan. Tartean dira, besteak beste: Zisne beltzak (Iban del Campo), Abata (Aner Etxebarria eta Pablo Vidal), Hemen gaude (Beatriz Larragueta), Joare Tte (Ekaitz Bertiz), Itsas epel (Aroa Fernandez Lazkano), Madame Mademoiselle (Aitor Elorriaga), La Madame (Alexander Lemus Galdea), Anai (Imanol G. Gurrutxaga), El santo que vestí (Maria Monreal), Loose Sleep (Rodrigo Soares Teixeira) e
ta Los Divulgators (Pablo Hernando). Azaroaren 23an eta 26an ikusi ahal izango dira film horiek, lau saiotan, Arriagan.
Horrez gain, film dokumental luzeak ere proiektatuko dituzte Bilboko hainbat tokitan: Aresti eta abesti eta El arte sencillo Guggenheim museoan ikusi ahal izango dira; La maleta de Alex, Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica eta Simulacro, berriz, BBK aretoan; eta Mari Puri Herrero, de lo real a lo fantástico eta Gaulana, azkenik, Bilboko Arte Ederren Museoan.
Horiez guztiez gainera, ETS Itzal argitan dokumentala estreinatuko dute azaroaren 25ean, BBK aretoan. Ez da izango musikari egindako keinu bakarra, Gatibu: Agur esan barik dokumentala ere proiektatuko baitute; hilaren 24an izango da hori, Golem-Alondegian.