Basurtuko ospitaleko larrialdietako itxaronaldi luzeak salatu ditu ELA sindikatuak

Sindikatuaren arabera, egoerak okerrera egin du azken bi asteotan; kasurako, jakinarazi du joan den astelehenean 110 pertsona pilatu zirela larrialdietako itxarongelan. Langileak «gainezka» daudela ohartarazi dute.

ELA sindikatuak egindako elkarretaratze bat, Basurtuko ospitalean, iaz. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ELA sindikatuak egindako elkarretaratze bat, Basurtuko ospitalean, iaz. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko azaroaren 16a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Basurtuko ospitaleko larrialdietako egoera jomugan jarri du ELA sindikatuak, eta, ohar baten bidez, salatu hara joaten diren herritarrek «luze» itxaron behar dutela arta jasotzeko. Sindikatuaren arabera, egoerak okerrera egin du azken bi asteotan, eta horren adierazgarritzat jo du iragan astelehenean 110 pertsona pilatu izana larrialdietako itxarongelan. 

Azken urteetan erregistratutako kopururik handienetako bat izan zen joan den astekoa, baina batez besteko kopuruek ere joera hori adierazten dute. ELAk azaldu duenez, box faltaren ondorioz, egunean 30 pertsonak itxaron behar izaten dute horietako batera sartu ahal izateko; behin barruan, 60 pertsona inguru egoten dira ilaran, noiz artatuko zain. «Egoera horrek frustrazio handia eragin diezaieke erabiltzaileei, eta, batzuetan, frustrazio horrek langileen aurka egitera bultzatzen ditu», nabarmendu du sindikatuak. 

Onartuta dago Basurtuko ospitalean box gehiago jartzea eta larrialdietako arloa eraberritzea helburu duen proiektu bat, baina etenda dago, aurrekontu faltaren ondorioz. ELAk salatu du «onartezina» dela Bilboren gisako hiri batean larrialdietako zerbitzua ez lehenestea, eta neurriak hartzeko exijitu du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA