Bateriak eta eguzki panelak uztartzen dituen ontzigintza, Eusko Jaurlaritzak urratu nahi duen bidea

Proiektu eraldatzaile izendatu dute 400.000 euro balio dituen laketontzi baten egitasmoa. Haren propultsio eta energia sistema itsasontzi handiagoetan txertatu daitekeela nabarmendu dute bultzatzaileek.

'Lasai 32 KS' itsasontzia Getxoko portuan. Sabaian ditu eguzki panelak. RAUL BOGAJO / FOKU
'Lasai 32 KS' itsasontzia Getxoko portuan. Sabaian ditu eguzki panelak. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Getxo
2026ko uztailaren 13a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak proiektu eraldatzaile izaera aitortu dio Lasai konpainiak ekoizten duen 32 KS itsasontziari. Bateria elektrikoa eta eguzki panelak uztartzen ditu motorra mugiarazteko, eta 200 milia egin ditzake argindar sarera konektatu gabe. Industria Sailaren ustez, prototipo horrek «beste sektore bat» sortu du, propultsio sistema hori itsasontzi handiagoetara egokitu daitekeelako, eta, besteak beste, hori nola lortu ikertzeko baliatuko dute babes publikoa bultzatzaileek.

Zero Emissions Marine Boat egitasmoak 36 milioi euroko kostua du, eta 2030erako Industria Plana aurkeztu zuenean, Jaurlaritzak azaldu zuen haien helburua zela hiru euro pribatu aktibatzea jarritako euro publiko bakoitzeko. Alegia, Jaurlaritzak gehienez bederatzi milioi euro jarriko ditu beste 27 milioiak trakzionatzeko. Orain arte aurkezturiko hamabost proiektu eraldatzaileen artean txikiena da, eta jatorri pribatua duen bederatzigarrena. 

«Guk energia eta propultsio sistema garbi bat garatu dugu. Euskal ontziola handietan txertatu daiteke, baina eraldaketa handia eskatuko du, eta mekanikan oinarrituriko hainbat sistema klasiko desagertzea»

GARI MUJIKA Lasai ontziolako zuzendari kontseilaria

Lasaik 32 KS ontzia bultzatzeko jo du Jaurlaritzaren atea. Katamaran itxurako itsasontzia da, hamar metroko luzera du, kamarote bat eta 400.000 euroko prezioa (332.000 euro, gehi BEZa). Portuan dagoenean, ontziaren bateria argindar saretik edo sabai gisa daramatzan eguzki panelen bitartez kargatu daiteke. Itsasoan, berriz, panelek berriz kargatzeko aukera ematen dute, eta horrela lortzen du 370 kilometro arteko autonomia —sei korapiloko abiaduran, orduko 11,1 kilometroko abiaduran, alegia—. Deigarria da, halaber, haren isiltasuna eta kiratsik eza. 

Lasaik Zornotzan (Bizkaia) du lantegia, eta hiru urteko epean iritsi nahi du 191 langilera —71 zuzen, eta zeharkako 120—. Konpainiako buruzagitzan baterien sektorean eskarmentu handiko pertsonak daude. Presidentea Jesus Galindez da, Solarpackeko kontseilari ohia eta Beraunberri familia taldeko fundatzailea. Lasaiko zuzendari kontseilaria, berriz, Gari Telleria da, Irizarreko mugikortasun elektriko saileko zuzendari izandakoa. Getxon (Bizkaia) eginiko aurkezpenean zehaztu duenez, bultzada honekin jarduna «industrializatzea» da asmoa. 

Bateriak Euskal Herrian egiteko anbizioa

Egun, Lasaik inportatu egiten du argindar sistemaren zati bat (panelak, bateriak, transmisio osagaiak...), baina «anbizioa» hura Euskal Herrian sortzea da, eta hori da proiektu eraldatzailearen muina. Mugika: «Egitasmo honen ardatza hori da, luze gabe Basquevolten bateria zelda solidoak ekoiztea eta haiekin eginiko bateria pack-ak muntatzea. Eta ahal bada, haiek garatuz, egungoa baino autonomia handiagoa lortzea itsasontzietarako».  

lasai
Lasai 32 KS itsasontzia, Getxoko portuan. RAUL BOGAJO / FOKU

Lasairen merkatua laketontziak dira, orain arte Euskal Herrian gutxi garaturiko sektore bat. Bultzatu duen azken modeloa da 32 KS, baina baditu txikiagoak eta merkeagoak ere, 62.000 eta 100.000 euro artekoak. Konpainiako buruak, baina, nabarmendu du haien teknologia ontzi handiagoetan txertatu daitekeela. «Guk propultsio eta energia sistema bat garatu dugu, isuririk gabekoa. Eta handitu daiteke, alegia, ontzi handiagoetan erabili daiteke. Eta bai, sinetsita nago euskal ontzioletan txertatu daitekeela; hori bai, ikuskera eraldaketa sakon bat eskatuko du formakuntzan eta batez ere mekanikan oinarrituriko hainbat sistema klasiko baztertzea».

Bizkaiko Aldundiaren hainbat berritasun planen laguntza jaso izan du Lasaik, eta, proiektuaren izaera ikusita, sozietate zergan %70eko arteko kenkaria ere izan dezake. CIC Energigune ere proiektuaren atzean dago, haien azpiegituretan egin baita baterien ikerketa lanaren zati handi bat.  

Bilboko itsasadarra, isuri gutxiko itsas eremu?

Aurkezpenean, Lasaiko buruek ontzi elektrikoentzako «legezko bultzada» bat ere eskatu dute. Esaterako, aipatu dute kirol kaietan motor elektrikodun ontzientzako tokiak gorde beharko liratekeela. Bertan izan dira Mikel Jauregi Industria sailburua, eta «etxeko lan» gisa hartu du eskaria. Gogoratu du Jasangarritasun sailburua ere badela, eta hipotesi deigarri bat planteatu du: «Bilboko erdigunea autoentzako isuri gutxiko eremu izendatu den bezala, agian Bilboko itsasadarra ere emisio gutxiko itsas eremu izendatu beharko dugu itsasontzien elektrifikazioa bultzatzeko».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA