«Arriskuak hartu gabe herri batek ez du aurrera egiterik. Arriskuak hartzeko garaia zen, eta horixe dakar plan honek». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak argi hitz egin du Euskadi Eraldatuz 2030 inbertsio planaren aurkezpenean. Eta oldarkor jokatuko du planaren diruarekin, Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugak zeharkatuko baititu. Batetik, nazioarteko inbertsio funtsen eskutik joateko aukera sortu du; eta, bestetik, egoitza kanpoan duten enpresetako akziodunen artean sartzeko aukera malgutu du.
Iragan martxoan Jaurlaritzak 1.000 milioi euroko zorpetze gehigarri bat onartu zuen Finantzen Euskal Institutuak (FEI) inbertsio erreminta berriak izan zitzan. Euskadi 2030 Industria Plana gauzatzeko dirua lortzea zen helburua, eta Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak onartu du hura bideratzeko sorturiko inbertsio produktu sorta bat dela —FEI sail horren menpeko erakunde bat da—. 1.000 milioi euro publiko horiekin beste 3.000 milioi euro pribatu lortzea da asmoa.
«Finkatuz-en eginiko aldaketen lehentasuna ez da kanpoko enpresen egoitza hona ekartzea, baina, gure ekonomian eragina badute, lagunduko diegu. Esaterako, hemen planta bat ireki nahi badute»
NOEL D'ANJOU Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua
Inbertsio planak lau finantza tresna ditu, eta haien artean banatu du dirua: FEIren finantzaketa zuzena (150 milioi euro), Finkatuz malguago eta indartsuago bat (350 milioi), Indartuz funtsa (400 milioi) eta arrisku funtsak (100 milioi). Lehen biak aurretik ere baziren, eta beste biak berriak dira. «Guztia kapital pribatua erakartzeko diseinatu da», azaldu du D’Anjouk, Bilboko Burtsan eginiko ekitaldian.
1
Indartuz. Inbertsio funtsen eskutik
Indartuz da inbertsio planeko berritasunik handiena. Pradalesen arabera, «inbertitzaile zuzen eta funtsen funts» gisa jardungo du, eta, euskal enpresa sarea bultzatzeaz gain, arriskuak dibertsifikatzeko modua emango du, eta funtsen eta kapital pribatuaren eskaintza handitzea sustatuko du, «ez soilik euskal finantza erakundeena, BGAEena, finantza erakundeena, familia ondareak kudeatzeko bulegoarena, edota euskal plaza publikoko beste inbertitzaile batzuena; baizik eta Espainiako, Europako eta munduko beste leku batzuetako inbertsioak erakartzea ere izango du helburu».
Euskal enpresetan «zeharka» sartzea da asmoa, diru hori kanalizatu dezaketen kudeatzaile pribatuen eskutik eta parte hartze txikiarekin. Funts horiek egin beharreko ahalegin ekonomikoa murriztea da gakoa, euskal enpresetan inbertitzea erakargarriagoa izateko. Jaurlaritzak, zerga jaulkipenak egiten dituenean, zenbait bilera antolatzen ditu Euskal Herritik kanpo, eta horiek baliatuko dituzte Indartuz atzerrian aurkezteko. Zer tankeratako inbertsioak izango dira? Enpresa ertainak eta txikiak haz daitezen, sektore aldaketak bideratu ditzaten eta azpiegitura aurreratuetan inbertitu dezaten.
2
Finkatuz. Baita EAEtik kanpo ere.
Finkatuz Eusko Jaurlaritzak enpresetako akzioak erosteko duen erreminta da, eta haiek errotzea da helburu nagusia. Haren bitartez dago, besteak beste, CAFen, ITP Aeron eta Kaikun. Orain arte 200 milioi euroko poltsa zuen, eta, inbertsio plan berriarekin, beste 350 milioi gehitu dizkiote. 550 milioi eurorekin inpaktu handiagoa izatea espero du, jokalekua zabalduko baitu.
Horretarako, Finkatuz erabili ahal izateko baldintzak leundu ditu FEIk. Enpresa horien diru sarrera langa jaitsi egin du, 100 milioi eurotik 50 milioira, eta baita langile kopurua ere: 50etik 30era. Halaber, egoitza Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan ez duten enpresetan sartu ahal izango da. Orain arte ere halakorik egin zezakeen, baina salbuespen moduan; hori da Talgoren kasua. Eta inbertsioaren helburua egoitza ekartzea izango da? D’Anjouk ez du surik piztu izan nahi enpresa horien egoitza dagoen lurraldeekin: «Ez da lehentasuna».
Sailburuak azaldu duenez, inbertsio horiek egiteko irizpidea izango da neurtzea zer «eragina» duten enpresa horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. D'Anjouk bi eredu eman ditu: «Esaterako, bertan ekoizpen planta bat ireki nahi badute, lagundu egingo zaie, edo EAEko hornitzaile asko erabiltzen badituzte». Bide batez, aurreratu du gizarte mailako (etikoak, ingurumenekoak...) irizpide berriak ezarriko dituztela Finkatuz-en.
3
FEIren finantzaketa. Epe luzeko ariketak.
Jaurlaritzak 150 milioi euro gehiago jarri ditu FEIren esku, hark, Elkargiren bitartez, maileguak eta bermeak eskain ditzan. D’Anjouk nabarmendu duenez, gaur egun ondo finkatuta dauden enpresei epe oso luzeko maileguak eskaintzeko da; haren hitzetan, finantza erakundeetan gero eta urriagoak direlako halakoak.
4
Bi arrisku funts
Enpresa txiki eta berrientzat bideraturiko bi funts sortu ditu FEIk: Handituz eta Ezten II. Garatzeko bidean dauden enpresentzat sortu dituzte. Aurrenekoa hiru milioi euro baino gutxiagoko kapitala duten start-up-ei eskainiko diete; bigarrena, berriz, 50 milioi eurotik beherako kapitala dutenei. Funts hori Industria Sailak kudeatuko du.