Artea

Berrogei bat urteko atzera begirako bat, gehi inaugurazio goizean bertan bukatutako bi artelan

Alejandra Ikaza euskal artistaren ibilbidea bildu dute erakusketan, eta ikusgai dago Bilboko Rekalde aretoan: 'Circus'. 1989koak dira bildutako lanik zaharrenak, eta erakusketaren inaugurazio goizean bertan bukatutako bi pieza dira berrienak.

Alejandra Ikaza artista, BIlboko Rekalde aretoko 'Circus' erakusketan. IÑIGO ASTIZ
Alejandra Ikaza artista, Bilboko Rekalde aretoko 'Circus' erakusketan. IÑIGO ASTIZ
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko azaroaren 4a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Badago obra berria, bai», baieztatu du lehenik Alejandra Ikaza artistak (Bilbo, 1966), eta, bisitariak hurrengo aretorantz gidatuz, ume irribarre zabalez osatu du aurkezpena gero: «Bai, bai, obra berria: gaur goizekoa!». Eta, kasu honetan, dataren aipamenarena ez da figura erretoriko hutsa. Haren berrogei bat urte baino gehiagoko ibilbidea bildu baitute erakusketa batean, eta hura zabaldu baitu sortzaileak Bilboko Rekalde aretoan, Circus izenarekin, eta irekieraren aurkezpen eguneko goizean bertan bukatu baititu gune horretarako espresuki sortutako azken bi piezak. Rekalde kalera ematen duen erakusleihotik ikus daitezkeen bi ispilu borobil handi dira, biak ere koloretako zur puskekin osatutakoak. Sagarrak deitu du artelan bikotea. «Begira», seinalatu ditu, «hauek dira». Hurrengo urteko otsailaren 28ra arte egongo dira bertan, gainerako artelanekin batera.

Miguel Fernandez-Cid Vigoko Arte Garaikideko museoaren zuzendariak egin ditu komisario lanak, eta, azaldu duenez, sei urte eman dituzte hura lantzen. Berez, 2020rako antolatu nahi zuen Ikazari eskainitako erakusketa, baina koronabirusak eragindako osasun krisiak hankaz gora jarri zituen bere planak. Bertan behera geratuz joan ziren erakusketak orduan, eta, krisia amaitutzat jo zenean, erdibidean geratutako konpromiso horiek betetzea izan zuten lehen egitekoa museo gehienek. Eta hori izan zen Vigoko museoaren eta Bilboko aretoaren kasua ere. Azkenean, ordea, eta, sei urteren buruan, orain zabaldu ahal izan dute Ikazaren erakusketa, eta poza azaldu du horregatik komisarioak. Galiziako museoan jarri dute bilduma ikusgai lehenik, eta han izan ondoren eraman dute orain Bilbora, besteak beste, propio bertarako sortutako azken bi pieza horiek gehituta.

«Belaunaldi kide zituen artista batzuek baino ikusgaitasun txikiagoa izan zuen Ikazak, baina oso sortzaile gutxik izan dute hark bezain harrera beroa galerietan»

MIGUEL FERNANDEZ-CID Komisarioa

Bilbon sortu zen Ikaza, eta, kontatu duenez, oso gogoan du ume zela haren osaba margolari baten etxean aditutako pintura usaina. «Beti erakarri ninduen horrek». Besteak beste, Londresen, Madrilen, Bartzelonan eta New Yorken egin zituen arte ikasketak gero, eta 1989an hasi zuen bere ibilbide artistikoa, artean New Yorken bizi zenean. Ordukoak dira, hain justu, erakusketan bildu dituzten lanik zaharrenetako batzuk. Koaderno orri txiki batzuk dira, eta kristalezko bitrina batean jarri dituzte ikusgai. Formalki hainbat koloretako laukiz osatutako collage baten itxura dute konposizioek, eta, artistak berak onartu duenez, zuzenki lotuta daude erakusketan ikus daitezkeen beste paper gaineko lan batzuekin. «Begira». 2000ko hamarkadan sortutako neurri handiko paper gaineko hainbat kolore konposizio abstraktu seinalatu ditu oraingoan. «Ikusten dituzu azken lan hauek? Orduko haien luzapen modukoak dira, ezta?».

(ID_17933689376945) (/Iñigo Astiz) Alejandra Icaza artistaren lau hamarkadako lana bitlzen duenCIRCUS erakusketa zabaldu dute Bilboko ...
Alejandra Ikaza artistak 1989an sortutako margolanak, Bilboko Rekalde aretoan. I. ASTIZ

Fernandez-Gilek nabarmendu duenez, gazte zela, belaunaldi kide zituen beste euskal artista batzuek baino ikusgaitasun txikiagoa izan zuen Ikazak. Ordea, haren lanek beti izan zuten oso harrera ona galerietan. «Ikusgaitasun txikiagoa izan zuen, beharbada, baina oso sortzaile gutxik izan dute hark bezain harrera beroa galerietan. Lengoaia erabat pertsonala duelako gertatu da hori».

Olio gaineko koadroek hartzen dute erakusketaren lehen zatia, esaterako. Margolan handiak dira gehienak, eta itsas hondoak irudikatzen dituzte haietako batzuek. Beste batzuetan hondoko kolore masa ikusgarriak gailentzen dira lehen begiratuan, bai eta haien gainean margotutako forma koloretsuak ere. Gerturatu ahala, ordea, gainazal koloretsu hori askoz ere neurri txikiagoko hamaika marrazki figuratiboz osatuta dagoela ere ikusiko du bisitariak. Aurpegiak dira batzuk, landareen irudiak ere bai, baita, adibidez, hitz edo data solte batzuk ere. Artistak onartu duenez, izan ere, koadro osoa ohar koaderno bat balitz bezala baliatu izan du batzuetan.

«Ikerketa artistiko guztiak interesatzen zaizkit»

ALEJANDRA IKAZAArtista

Lan abstraktuagoak ere badira erakusketan. Hain zuzen ere, Fernandez-Gilek Sonia Delaunay eta Paul Klee aipatu ditu erreferentzien artean, baina koloreko paperez osatutako konposizioek Henri Matisse ere ekar dezakete gogora tarteka. «Eta ekialdeko artea ere bai», zehaztu du artistak.

Lorca, Mesopotamia eta Tao

Dioenez, oraindik ere goizero-goizero jaikitzen da pintatzera, eta ez du margotuko duenari buruzko planik izaten. Erakusketan ere, koadroz koadro emandako azalpenetan, haren jarioan nahasian joan dira hala familiari edo lagunei buruzko azalpenak, nola artearen historiari buruzko erreferentziak. Federico Garcia Lorca aipatu du 1990eko hamarkadan sortutako paper collage bateko loreei buruz aritzean. Mesopotamiako emakumezkoen orrazkerez aritu da beste koadro handi baten erdialdean marraztutako emakumezko buru bat aipatzean. Eta aritu da Errenazimentuko perspektibari uko egiteaz ere, taoismoaz, Brasilgo inauteriez, jostunen ofizio eta materialez, Katrina urakanak eragindako kalteez, 1930eko joera geometrikoekiko sentitzen duen gertutasunaz, edota erabili ohi duen kolore paletaren jatorriaz eta berezitasunaz ere. «Ikerketa artistiko guztiak interesatzen zaizkit», onartu du.

Bere lanetan zoriak eta jolasak garrantzi handia dutela ere aipatu du artistak, eta horregatik hautatu duela erakusketako titulurako ere Circus hitza. Horregatik, eta baita azkenaldian erronboekin eta zirkuaren iruditeria gogora dakarten elementuekin ari delako ere. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA